Asier Aiestaran

Deustu eta Zierbena izan dira azkarrenak Ondarroako Antiguako Ama estropadan

Emakumezkoen mailan, deustuarrek 44 ehuneneko alde txikiarekin menderatu dute Zumaia. Eta gizonezkoen mailan, etxeko ontzia bigarren izan da, Zierbenarengandik bost segundora.

Zierbenak iaz Ligako estropada irabazi zuen Ondarroan (Aritz LOIOLA / FOKU)
Zierbenak iaz Ligako estropada irabazi zuen Ondarroan (Aritz LOIOLA / FOKU)

Deustu eta Zierbena izan dira gaur goizean Ondarroan jokatu den IX. Antiguako Ama estropadan. Aurre denboraldiko azken proba izan da talde bizkaitarrentzat eta irabazleek argi utzi dute indartsu iritsiko direla traineru liga nagusietara.

Lehenik emakumezkoek egin dute arraun, txanda bakarrean erlojuaren kontra bi luze eta ziaboga bakarrarekin. Deustuk lortu du denborarik onena (11:07:80), baina Zumaiarekin lehia oso estua izan du. Ziabogan zumaiarrek segundo bateko abantaila zuten –5:34 gipuzkoarrentzat eta 5:35 nizkaitarrentzat–, baina amaieran tarte txiki hori beste aldera erori da eta zumaiarrek 44 ehunenekogatik gelditu dira banderarik gabe.

Atzetik, hirugarren postua Hibaikarentzat izan da 12 segundora, laugarren San Juan 17ra eta bosgarren Ondarroa, etxeko ontzia, 28ra (emaitza guztiak albistea osatzen duen PDFan ikus daitezke).

Gizonezkoen mailan ere estropada erlojupeko moduan jokatu da, baina ontziak hiru txanda desberdinetan banatuta lau luze eta hiru ziabogatara. Talde indartsuenak azken txandan irten dira eta garaipena Zierbenarentzat izan da, emakumezkoetan baino alde handixeagoekin.

“Galipoek” 20:05:55ko denboran amaitu dute lana eta bost segundo atera dizkiote bigarren izan den Ondarroari (20:10:97). Etxeko taldeak, gainera, denborarik onena markatu du lan erditan, bigarren ziabogan (9:48), eta argi utzi du indartsu iritsiko dela Eusko Label Ligaren lehen estropadara, uztailaren 3an Coruñan.

Hirugarren postua Bermeorentzat izan da 6 segundora, laugarrena Santurtzirentzat 11ra eta bosgarrena Zarautzentzat 26ra (beste emaitza guztiak PDFan).

Gogoratu behar da KAE eta ETE Ligak datorren asteburuan hasiko direla, baina ontzi gipuzkoarrek badute beste hitzordu bat aurrez, bihar Donostian Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatuko baita.