Jon Ormazabal

Beñat Rezusta, lagunaren oinazearen penaren eta norberaren aukeraren ilusioaren artean

Finalean egotea lehenengo Iñaki Artolari zegokiola ondo dakien arren, araudiaren arabera berak irabazitako aukera aprobetxatzen saiatuko da Bergarako atzelaria.

Beñat Rezustak Zabaletari irabazita lortu zuen finalerako txartela eman dion hirugarren postua. (Jon URBE/FOKU)
Beñat Rezustak Zabaletari irabazita lortu zuen finalerako txartela eman dion hirugarren postua. (Jon URBE/FOKU)

Esker txarreko egunak pasatzen ari da Beñat Rezusta, Buruz Buruko finalera atzeko atetik sartzea ez baita inork halakorik egiteko amestutako modua. Lehen egunetik oso argi utzi zuen bezala, final hau Jokin Altuna eta Iñaki Artolak jokatu beharko luketela uste uste, beraiek izan baitziren finalerdietako garaileak. Laguna du, gainera alegiarra, eta alde horretatik pena hartu du finala jokatzeari uko egin behar izan diola jakinda, «lesioak kirolaren parte direla» jakinda, parean ireki zaion leihoa ederra dela ezin du ukatu.

Finalean egongo dela jakin eta lehen erreakzio batean, Beñat Rezustak onartu du azken asteak «luze» egin zaizkiola, egun hauetan «denetik» entzun duela, baina inguruko zarataz erabat alboratzerik izan ez badu ere, berak berea egin duela, hau da, «finala nik jokatu beharko banu bezala prestatzen aritu naiz». «Iñakirekin zer gertatzen zen begira geon naiz pixka bat, ea zer esaten zuten, baina lasai egon naiz. Nire entrenamenduak egiteko aukera izan dut, garai honetan ez da partida askorik egoten eta lasaitasun hori izan dut buruz buru entrenatzen jarraitzeko. Eskuetatik ondo nago eta aitzakiarik gabe», gaineratu du.

Motibazioa, soberan

Buruz Buruko lehen finala izango da Bergarakoarentzat, bide batez, 2008an Abel Barriolak egin zuenetik, finala jokatuko duen lehen atzelaria izango da gainera eta finalerdietan galdu arren, ez du motibaziorik faltako. «Motibatuta berdin berdin irtengo naiz, ez da arazoa izango, soberan izango dut, halako gauzak ez dira eta egunero gertatzen. Gero, gainera, legeak direnak dira, ni finalean banago hirugarren postu hori lortu nuelako izan da», gaineratu du.

Txiki-txikitatik buruz burukoan lehiatzea eta entrenatzea gustuko izango du eta horregatik final hau jokatzeko aukera «gauza handia» da beretzat eta ez dio pasatzen utzi nahi, nahiz eta aurkari oso zaila izango duen parean. «Ikusi besterik ez dago Jokin ze mailetan dagoen, zenbat final jokatu dituen...ez dut lan errazik izango baina gustura nabil entrenatzen eta ea ondo irteten den. 

Esan beharra dago, Altunak eta Rezusta arituak direla elkarren aurka Buruz Burukoan, 2017ko final laurdenetan, Donostian, eta atzelaria nagusitu zen, 22-14. Igandekoa beste kontu bat izango da, txapelik preziatuena dago jokoan.