NAIZ

IZT, Athlon eta Biharko Taldea saritu ditu Bai Euskarari Elkarteak

IZT, Athlon eta Biharko Taldea saritu ditu aurten Bai Euskarari Elkarteak. Donostiako Eureka! Zientzia Museoan izan da ekitaldia eta irudi berritua aurkezteko ere aprobetxatu du euskararen aldeko elkarteak.

2021eko Bai Euskarari saridunak. (Andoni CANELLADA/FOKU)
2021eko Bai Euskarari saridunak. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Bai Euskarari komunitatearen sarea indartzen ari diren IZT, Athlon eta Biharko Taldea saritu ditu aurten Bai Euskarari Elkarteak. Sari banaketa ekitaldia ostegun honetan egin da, Donostiako Eureka! Zientzia Museoan, eta sariak banatzeaz gain, elkartearen irudi berritua aurkeztu da. Vanessa Sanchez kazetariak aurkeztu du ekitaldia eta erritmoa jartzeaz arduratu dira Musikeneko hiru artista.

Saioan azaldu dutenez, IZT enpresan, 2005ean hasi zirenean, garbi izan zuten Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu behar zutela. Eremu digitalean egiten dute lan, enpresei aholkularitza eskaintzen, euskara normaltasunez erabiliz eta lan tresna gisa hartuz. «Teknologiaren eta digitalizazioaren garaian, aukera ugari sortu zaizkie eta horiek baliatzen ari dira, euskara erdigunean jarrita», azaldu du Bai Euskarari elkarteak.

Bestalde, Arrasateko Athlon kooperatibak duela lau urte eskuratu zuen Bai Euskarari Ziurtagiria. Ohitura osasungarriak sustatzeko lanean dihardu sortu zenetik eta proiektu ezberdinetan euskarazko zerbitzua bermatzen du. Bere helburua da jendearen bizi kalitatea hobetzen laguntzea, eta ohitura osasuntsuak sustatzeko erronka du, «gu eta euskara sasoiko egoteko».

Azkenik, Biharko Taldeak gizarte zerbitzuen alorrean lan egiten du. Gipuzkoako egoitzetan eta eguneko zentroetan kudeaketa integraleko zerbitzuak eskaintzera bideratutako enpresa da. «Funtsezkoa» iruditzen zaie euskarazko zerbitzua bermatzea eta, horregatik, saria jasotzea «eguneroko lana ondo egitearen adierazletzat» dute. 

Irudi berritua

Bestalde, Bai Euskarari Elkartearen irudi berritua aurkeztu dute ekitaldian, «garai berrietara egokitzeko eta elkarteak dituen proiektu ezberdinak bateratzeko azken hilabeteetan lanean aritu ondoren».

Horrela, ‘Bai Euskarari Elkartea’ izena marka-irudian bertan agertuko da hemendik aurrera eta elkartearenak diren proiektu ezberdinetako markak ere horren arabera egokitu dira: Ziurtagiria, Enpresarean, Lansarean eta Euskaragileak.

Marka-irudiak kolore laranja mantendu du, kolore bizia eta, aldi berean, beroa, «elkarte aktiboa eta gertukoa irudikatzelo». Bestetik, azken urteotan bereizgarri egin den silueta ere mantendu da, «markaren nortasun propioa mantenduz».

Logotipoari ‘Lan eta Bizi Euskaraz’ leloa gehitu zaio, Bai Euskarari Elkarteak historikoki erabili izan duena eta bere helburuarekin bat egiten duena. Logotipoak eta leloak osatzen dute Bai Eskarari Elkartearen marka-irudi berria.