Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Getaria, etxean, eta Deustu izan dira KAE1 eta ETE Ligetako azkarrenak bigarren jardunaldian

Getaria, KAE1 Ligan, eta Deustu, ETE Ligan, izan dira garaileak igande honetan Getariako uretan bizitako estropada hunkigarrian, duela aste batzuk lan istripuan hildako etxeko arraunlari Andoni Galarragaren oroimen estropadan alegia. KAE2-ko ontziek atsedena izan dute gaurkoan.

Getariako arraunlariak, emozioz beterik, etxean estropada irabazi ostean. (Jon URBE/FOKU)
Getariako arraunlariak, emozioz beterik, etxean estropada irabazi ostean. (Jon URBE/FOKU)

Traineruen denboraldiko bigarren jardunaldia Getariara egin du salto igande honetan, eta giro benetan hunkigarria bizi izan da bertan. Izan ere, maiatzean lan istripuan hildako Andoni Galarragaren omenezko estropada izan da gaurkoa eta, KAE1 Ligan, etxeko ontzia izan da nagusi, garaipena berari eta familiari eskainiz. Hala, gipuzkoarrak bigarren dira sailkapen nagusian, liderra den San Pedrorengandik hiru puntura.

ETE Ligan, aldiz, Deustu izan da azkarrena, eta horri esker, lidertzan berdindu dute larunbateko estreineko estropadan lehen garaile izan zen Tolosaldearekin.

KAE1 Ligan, Getaria etxean irabazle eta festa ezinhobea

Sekulako festa sortu du Getariako ontziak, etxean, maiatzean lan istripuan hildako Andoni Galarraga arraunlariaren omenezko estropadan. Senideak bandera entregan egon dira, hunkituta, eta ez da gutxiagorako.

Hirugarren txandatik –lau izan ditu estropadak– irabazi du etxeko ontziak. Hasiera-hasieratik ikusi da getariarrak sendo eta indartsu zeudela. Lehen ziabogan, momentu horretako bigarren denborarik onena markatu dute, liderrarengandik bi segundora –denbora hoberena bigarren txandan aritu den Zumaiarena izan da, 4:40rekin–.

Baina bigarren eta hirugarren biraketetan estropada osoko denborarik onenak egin dituzte getariarrek –9:53 eta 14:55–. Azken marka 20:02.29koa izan da eta inork ezin izan du hautsi hurrengo txandan eta sentimenduak loratu egin dira ondoren ospakizunetan.

KAE1 - Andoni Galarragaren omenezko estropada

1. Getaria         20:02.29
2. Kaiku           20:04.69
3. San Pedro    20:10.65
4. Pedreña        20:13.93
5. Deustu          20:15.11
6. San Juan       20:23.48
7. Zumaia         20:39.12
8. Arkote         20:43.40
9. Orio            20:53.37
10. Camargo    20:54.77
11. Castro       21:00.53
12. Astillero     21:04.91
13. Lapurdi     21:33.50

KAE1 - Sailkapen nagusia

1. San Pedro    24 puntu
2. Getaria         21 p.
3. Kaiku          21 p.
4. Pedreña        21 p.
5. San Juan      18 p.
6. Arkote          18 p.
7. Deustu          16 p.
8. Zumaia         12 p.
9. Camargo       10 p.
10. Orio            8 p.
11. Astillero       6 p.
12. Castro         4 p.
13. Lapurdi        3 p.

ETE Ligan, Deusturen garaipena

Lehenago jokatu den estropadan, Deustuko ontziak garaipena erdietsi du Tolsaldearen aurretik eta, ondorioz, bi traineruak berdinduta daude sailkapen nagusian, 21 punturekin, denboraldiko bi jardunaldi bete direnean.

Lehenengo txandan Lapurdi, Castro eta Lutxana aritu dira. Bigarrenean, Isuntza, Ondarroa, Zumaia eta Zarautzek egin dute arraun. Eta hirugarren txandan aritu dira Deustu, Tolosaldea, Hibaika eta San Juan.

Ohorezko txandan, berdintasuna nabaria izan da lehenengo bi ontzien artean proban zehar. Estropadak zuen ziaboga bakarrean, Tolosaldea izan da guztien artean azkarrena (5:11). Segundu bateko aldea atera dio Deusturi (5:12), hiru aurreko txandan aritu diren Ondarroa eta Zumaiari (5:14) eta bost Hibaikari.

Baina bigarren luzean Deustu Tolosaldearen parera iritsi eta gainditu egin du, helmugan bost segundoko aldea ateraz. Hirugarren Hibaika izan da, hamabi segundora. Ondoren sailkatu dira Ondarroa, Zumaia, San Juan, Isuntza, Lutxana, Zarautz, Lapurdi eta Castro.

Hurrengo estropada hilaren 27an izango da, igandea, Pasai Donibanen egingo den IX. Pasaiako Ikurrinarekin (11.20).

ETE Liga - Andoni Galarraga

1. Deustu          10:38.63
2. Tolosaldea    10:43.96
3. Hibaika          10:50.43
4. Ondarroa          10:57.43
5. Zumaia         10:58.47
6. San Juan         11:02.11
7. Isuntza         11:13.52
8. Lutxana         11:25.67
9. Zarautz         11:26.02
10. Lapurdi      12:02.25
11. Castro         12:06.83

ETE Liga - Sailkapen nagusia

1. Deustu          21 puntu
2. Tolosaldea    21 p.
3. Hibaika          17 p.
4. San Juan          15 p.
5. Ondarroa          14 p.
6. Zumaia          14 p.
7. Isuntza          10 p.
8. Lutxana           7 p.
9. Zarautz           7 p.
10. Lapurdi           4 p.
11. Castro           2 p.