Intentsitatea, ausardia eta pazientzia beharko ditu Athleticek Bartzelonari aurre egiteko

Ahleticek txapeldunaren bisita hartuko du astearte honetan Lezaman (16.00, TDP), 17. jardunaldiko neurketa jokatzeko.

Zuri-gorriek oso pozik amaitu zuten Sevillaren kontra egindako partidarekin. (Athletic Club)
Zuri-gorriek oso pozik amaitu zuten Sevillaren kontra egindako partidarekin. (Athletic Club)

Lezamak asteartean agurtuko du denboraldia, atzeratutako 17. jardunaldiko neurketa jokatuko baitute bertan Athleticek eta Bartzelonak (16.00, Teledeporte). Zuri-gorriek igandean Sevillaren aurka egindakoari jarraipena eman nahi diote bide batez, orain dela hilabete bat Johan Cruyffen jasandako jipoiari erantzuna emanez.

Egun mingarri hartakoa ez errepikatzeko, intentsitatea, ausardia eta pazientzia beharko du talde bizkaitarrak, bere entrenatzailearen esanetan. «Ez dakit beldurtuta irten baginen baina ausartak behintzat ez ginen izan –gogoratu du Iraia Iturregik–. Areatan ez genuen ondo jokatu, ez erasoan ez eta, batez ere, defentsan ere. Erdiraketa asko egin zizkiguten eta oso erraz errematatu ziguten, agresibitate eta intentsitate barik jokatu genuelako. Eta hori ez badaukazu, ezinezkoa da Bartzelona irabaztea. Intentsitate handiarekin irten begar gara, bai aurrean presioa egiten eta bai atzean. Eta baloiarekin ez genuen lasaitasunik eduki; badirudi Bartzelonaren kontra baloia berreskuratzen duzunean erasoan arin joan behar zarela baina batzuetan pazientzia eduki behar da, baloia eduki eta lasaitasunez mugitu».

Teknikari bizkaitarrak igandeko partida eredutzat hartu du, «Sevillak eta Athleticek ez zutelako ezer garrantzitsua jokoan baina biok oso intentso eta oldarkor aritu ginelako. Bihar hori espero dut. Gero emaitza auskalo zein izango den baina behintzat sentsazio horrekin joatea etxera».

Ez da nahikoa izango, hala ere, Bartelona menderatzeko «aurretik egin duzun plana era zehatzean egin ahal izan behar duzulako, jokalariak oso ondo egon behar dira, dituzun aukera gutxiak aprobetxatu eta gainera Bartzelona ez da fin egon behar. Gauza asko eman behar dira irabazteko baina hamar aukeretatik bat irabazi badaiteke, pentsatu behar dugu bihar izango dela aukera hori eta aprobetxatu behar dugula, mentalitate horrekin irten behar gara».

Zoritxarrez, Iturregik ezin izango dio bere talde osoarekin ekin hain erronka gogorrari. «Baja dezente izango ditugu», onartu du, aurretik lesionatuta zeuden jokalariei beste «bizpahiru gehituko baitzaizkie». Baina «gaudenekin jokatuko dugu eta ia lehiatzeko gai bagaren». Zuri-gorriek, behintzat, zaleen laguntza izango dute bigarren partidaz jarraian. Eta eskertuko dute, «pila bat igartzen» delako, nahiz eta aforoa oso murriztuta egon. «Jokalarientzat motibazio extra bat da –esan du beren entrenatzaileak– eta, batez ere honelako partidetan, zaleen animoak oso garrantzitsuak izaten dira».