Ane Urkiri

Maddi Torrek Realaren eskaintza onartu eta beste urte batez jarraituko du Donostian

Realak iragarri berri du Maddi Torrek beste urte batez jarraituko duela talde txuri-urdinean. Donostiarrak onartu egin du klubak eginiko eskaintza eta beraz, 2022ra arte Realeko jokalaria izango da. Orain arte, iragarri den berrikuntza bakarra da. 

Maddi Torre, Zubietako norgehiagoka batean zaleak agurtzen. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Maddi Torre, Zubietako norgehiagoka batean zaleak agurtzen. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Maddi Torre atzelari donostiarrak beste urte batez jarraituko du Realean. Klubak aditzera eman duenez, hitzarmena berritzeko eskaintza onartu du eta beraz, 2022ra arte jokalari txuri-urdina izango da. 

Hala, bere laugarren denboraldia beteko du Donostian. Athleticekin egin zuen debuta Lehen Mailan eta ondoren, Santa Teresa eta Betisen eman zuen urte bana 2018-2019 denboraldian Realera iritsi arte. 

Lehenengo denboraldian protagonismo handia eduki zuen atzelariak, jokatu zituen 29 partidetatik 27tan hasieratik aritu baitzen (2.340 minutu, orotara). Ordutik, baina, joko minutuak murrizten joan zaizkio. Iaz, Arconadaren bigarren urtean, 13 neurketetan izan zen titular eta guztira, 1.268 minutu jokatu zituen.

Aurten, Natalia Arroyoren lehen urtean, oso eskasa izan da bere presentzia, soilik zazpi neurketetan hartu baitu parte, titular moduan bost aldiz jokatuz (514 minutu). Nolanahi ere, beste urte batez jokatzeko eskaintza egin dio klubak eta Torrek jarraitzeko prestutasuna adierazi du. 

Donostiarrak legez, beste bederatzi jokalariri ere hitzarmena bukatzen zaie hil bukaeran eta oraindik ez da hauen berririk. Nahikari Garcia, Lucia Rodriguez, Maitane Lopez, Kiana Palacios, Itxaso Uriarte, Mariasun Quiñones, Leire Baños, Nuria Mendoza eta Barbara Latorre jokalarien etorkizuna airean dago.