NAIZ

Nafarroako lanpostu publikoetan hizkuntza eskubideak baztertzen direla kritikatu du Behatokiak

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 20 urte bete ditu eta agerraldia egin du Iruñean. Nabarmendu duenez, duela bi hamarkada Nafarroako Gobernuak hizkuntza politika inbolutiboa aplikatzen zuen bete-betean. «Gaur, lanpostu publikoei dagokienez, antzeko egoeran gaude». Manifestazioa deitu du ostiralerako.

Behatokiak agerraldia egin du Iruñean, erakundearen 20. urteurrenean. Irudian, Paul Bilbao lehendakaria eta Edurne Gaubeka zuzendaria. (Iñigo URIZ/FOKU)
Behatokiak agerraldia egin du Iruñean, erakundearen 20. urteurrenean. Irudian, Paul Bilbao lehendakaria eta Edurne Gaubeka zuzendaria. (Iñigo URIZ/FOKU)

Joan den larunbatean Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 20 urte bete zituen. Ibilbidearen hasieran bertan, Nafarroako Gobernuaren deialdien merezimenduen atalean ez zen euskara baloratzen. Aldiz, frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteak bi puntu ematen zituen. Astearte honetan Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak eta Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi eta Behatokiko lehendakariak Iruñean egin duten prentsaurrekoan baieztatu dutenez, tamalez, egoera ez da sobera aldatu. Azken urtean, ehunka lanpostu bete dira euskara puntuatu ere egin gabe.

Gaubekak zehaztu du «103/2017 Foru Dekretuaren artikulu batzuk baliogabetu zituztenetik okerrera» egin duela egoerak. Izan ere, «Nafarroako Kontseiluak legeak ezarritako eremu mistoan euskara baloratzea legezkoa zela iradoki arren, euskara jakin gabe eta puntuatu ere egin gabe, lanpostu publikoak eskuratu ahal izateko deialdiak egiten jarraitu du Gobernuak».

Horren adibide dira ogasuneko kudeatzaile, ikertzaile eta teknikarietan, liburutegi arduradunetan, suhiltzaileetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko lanpostuetan eta Nafarroako Gobernuaren aholkulari juridikoetan egindako lan deialdi publikoak.

Honek guztiak ondorio argi bat du Gaubekaren hitzetan: «Langile publiko horiek herritarrei zerbitzuak emango dizkieten profesionalak izango direla kontuan izanda, Nafarroako Gobernuko hainbat sailetan ezingo da herritarrek zerbitzuak euskaraz inongo albo-kalterik gabe jasotzea ahalbidetu». Are gehiago, «etorkizuneko herritarren hizkuntza eskubideak ere erabat baldintzatzen dira».

Ezin osasun arreta egokirik bermatu

Behatokiko arduradunak Osasunbideako lanpostuetan jarri du azpimarra. Beste hainbat deialdiren artean, lehen mailako arreta eta larrialdietako medikuetan, fakultatiboko espezialistetan zein psikologo klinikoetan ez dira hizkuntza eskakizunak ezarri; ondorioz, «ezinezkoa da osasun arreta egokia eta herritarren osasuna behar bezala bermatzea».

«Euskarak puntuak ematea bakarrik ez, euskarak eskakizuna beharko luke izan Osasunbideako zerbitzu guztietan eta Nafarroa osoan. Kontuan izan behar da, gainera, zerbitzu zentralak, ospitaleak… legeak ezarritako eremu mistoan kokatuak daudela, eta, ondorioz, Nafarroako Gobernuak euskarazko zerbitzuak eremuka banatzeak, Nafarroako herritar guztien eskubideak kaltetzen dituela», erantsi du.

Dekretu berriaz hiru irakurketa

Nafarroako administrazioan euskararen erabilera arautzen duen dekretu berriaren inguruko filtrazioak ere izan ditu hizpide Gaubekak. Azaldu duenez, euskarak ez luke legeak ezarritako eremu ez euskaldunean puntuatuko, eta eremu mistoari dagokionez, herritarrei zuzeneko arreta eskaintzen dieten lanpostuetan eta Osasunbideako fakultatibo lanpostuetan soilik izango litzateke puntuagarria.

Nafarroako Gobernuko lehendakariak berak argi adierazi du ez duela legeak ezarritako eremu ez euskaldunean euskara kontuan hartuko, nahiz eta Nafarroako Kontseiluak (Foru Erkidegoko organo aholku emaile gorenak) berak euskara Nafarroako lurralde osoan atzerriko hizkuntzen gainetik baloratu behar dela adierazi.

Hiru irakurketa egin ditu Behatokiko zuzendariak. Lehenik, herritarren eskubideak efikaziaz bermatzeko nahitaezko ezagutza ezarri ordez, «puntuatu ere nahi ez izateak administrazioarekiko harremanetan bertako hizkuntza erabili nahi duten pertsonak bazterrean uztea» dakarrela erran du.

Bigarrenik, dekretu honek zerbitzua kokatzen den eremuaren arabera eta herritarra bizi den eremuaren arabera, «nafarren arteko bereizkeria eta bazterkeria sustatuko dituela» agertu du. Azkenik, eremu mistoan, Nafarroako Gobernuaren zerbitzu gehienak eskaintzen diren eremuan, lanpostu batzuetan soilik euskara puntuagarri ezartzea herritarren hizkuntza eskubideen bermearekiko «iruzurra egitea» dela ohartarazi du. Izan ere, «euskarari deialdi batzuetan puntuazioa eman arren, euskara jakin gabe ere ia puntuazio berbera lortu ahal izango da».

Manifestazioa, ostiralean

Honengatik guztiagatik, ostiral honetan (18.30ean, Iruñeko Baluarte Plazan hasita) eginen den manifestaziora animatu du jendea Paul Bilbaok: «Kalera ateratzeko unea da, justizia, berdintasuna eta kohesioa ardatz izango dituen gizartearen alde eta herritar guztiei hizkuntza eskubideak bermatzeko araugintza eraginkorraren alde».