NAIZ

Bera Berak European League txapelketan izena eman du, multzoen fasea helburu

Uztailaren 13an argituko da txapelketa honetako parte hartzaileen zerrenda eta astebete beranduago egingo du EHF-k aurreneko zozketa.

Bera Berak ezin izan zuen iaz Zvezda kanporatu eta multzoen fasetik at geratu zen. (Jon URBE/FOKU)
Bera Berak ezin izan zuen iaz Zvezda kanporatu eta multzoen fasetik at geratu zen. (Jon URBE/FOKU)

Ligako egungo txapeldun gisa, Super Amara Bera Berak European Handball League 21-22, bigarren lehiaketarik garrantzitsuenean izena emateko beharrezkoa den dokumentazioa bidali du.

Europan 26. partaidetza izango da donostiarrentzat eta berriro ere talde donostiarrak multzoen faserako sailkatzea jarri dio bere buruari erronka gisa, batere erraza izango ez den helburua. European League lehiaketak ez du Txapeldunen ligarekin loturarik, hau da, iaztik goreneko lehiaketan kanporatuak zirenak ez dira bigarren txapelketa honetan txertatzen.

Multzoen fasean egon ahal izateko, kanporaketaren bat gaindituko beharko du. Hiru aurreikusita daude: Q1, irailaren 11n eta 18an; Q2, urriaren 16an eta 23an eta Q3, azaroaren 13an eta 20an. Iaz ohi baino talde gutxiagok eman zuten izena eta Bera Bera zuzenean Q3a pasatu zen, non Errusiako Zvezda taldeak kanporatu zuen. EHFk uztailaren 13an European League lehiaketan parte hartuko duten taldeen berri emango du.

16 talde Txapeldunen Ligan

Aste honetan, Txapeldunen ligan arituko diren 16 taldeak ezagutarazi dira eta bihar, ostirala, izango da zozketa. Iazko zerrendarekin alderatuz gero, Bietigheim eta Ramnicu Valcea baja dira, Suediako Savehof eta Turkiako Kastamonu taldeek ordezkatu dituztenak. Ondorioz, Alemania eta Errumaniako azpitxapeldunak maila oso altua izango duen European Leaguen arituko dira. Alemaniako Metzingen, Thuringer eta agian Blomberg-Lippe taldeek bertan egoteko aukera izango dute, Errumaniako Baia Mare, Buzau edo Magura Cisnadiei bezala.

Nantes izan zen European League honen aurreneko txapelduna eta hori dela eta urtarrilean hasiko den multzoen fasera zuzenean sailkatuta egongo da. Horregatik, Frantziak leku gehiago izango ditu, Paris 92, Niza eta akaso Besançon taldeentzat, ligako sailkapenari so. Uztailaren 13an argituko da parte hartzaileen zerrenda eta uztailaren 20an burutuko du EHFk aurreneko zozketa.