NAIZ

Donostiako erdigunean eta sare sozialetan izandako eraso homofoboak salatu dituzte

Euskal LGTBI+ Behatokiak eta Gehituk gaitzetsi egin dituzte zenbait herritarrek sare sozialen bidez salatu dituzten eraso homofoboak, haien artean Donostiako Alderdi Eder parkean larunbatean izandako eraso fisiko bat.

Asteleheneko manifestazioa Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Asteleheneko manifestazioa Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Astelehenean milaka lagun kalera atera ziren herritar guztien eskubideak aldarrikatzeko. Tamalez, azken egunetan zenbait herritarrek eraso homofoboak salatu dituzte sare sozialen bidez. Haien artean Donostiako Alderdi Ederren izandako eraso fisiko bat.

Euskal LGTBI+ Behatokiak ohar batean adierazi duenez, «tamalgarria iruditzen zaigu gure jendartean LGTBIfobia hain nabarmena izatea, baita gure kolektiboaren aurka egitea horren erraza izatea ere».

«Gizarte gisa egiteko dugun bidearen adibide garbia eta LGTBIfobiak egunerokotasunean dituen hamaika aurpegien erakuslea da», nabarmendu eta erakundeen jarrera salatu du.

Izan ere, Behatokiaren arabera, «erasotutako kolektiboak bere gain sentitzen duen presioa ez dute ikertzen administrazio ezberdinek, eta enpatia falta hau izan daiteke Euskal Euskal LGTBI+ Lege Integralik ez eta jarduteko protokolo espezifiko zein koordinaturik ez izateko arrazoia».

«Bitartean, pertsona zaurgarrienek egunero sentitzen dute jarrera hauen zama, delitu gisa ulertu beharrean normalizatu, zabaldu eta partekatu egiten baitira», gaineratu du, eta «gertakari larri hauek» ikertzea eskatu die erakundeei.

«Detekzio, prebentzio eta erreparazio lanetarako beharrezkoak diren tresnak exijitzen ditugu halaber, kasu hauetarako zein antzekoentzako, berauen jatorrian arreta berezia jarriz. Azkenik, fiskaltzari eskatzen diogu ofizioz jardun dezala, hala badagokio», azaldu du.

Twitch sarean zabaldu den bideoa

Era berean, Gehituk salatu ditu Twitch sarean «zenbait donostiar gaztek egin dituzten komentario homofoboak, biolentzia handia adierazten duten hitzak erabiliz gainera».

«Gertaera homofobo hau ezin dugu gorroto delitu gisa baino izendatu», azpimarratu du, eta babesa adierazi dio bideoa salatu duen gazteari, «biktima senti ez dadin eta, aitzitik, geure gizartea berdintasunaren eta LGBTI kolektiboaren aurkako diskriminazio ezaren alde borrokan jarrai dezan, beraren eta guztion alde».

Behatokiak egin duen bezala, Gehituk Fiskaltzari eskatu dio gertatutakoa argitzeko ikerketa bat abian jar dezala eta Lakuako Gobernuari «lehenbailehen onar dezala LGTBI pertsonentzako benetako berdintasun eraginkorra xede izango duen lege proiektua».

Gehituren esanetan, lege horrek «politika publikoko tresna egokiak sortu beharko lituzke, LGBTI-fobia deuseztatzeko gazteengan eta gizarte osoan, eta, halaber, LGTBI pertsonen eskubideak eta segurtasuna, batez ere zaurgarritasun egoeran daudenenak, bermatu beharko lituzke».