NAIZ

Gaindegiak bere jarduera eten du, zailtasun ekonomikoen eraginez

Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, bere jarduera eten duela jakinarazi du. Zailtasun ekonomikoak dira arrazoia. Hamazazpi urtez jardun du gure herrialdearen erradiografia sozioekonomikoa egin eta gizartearen esku jartzen.

Gaindegiak hamaika eduki sortu ditu 17 urte hauetan.
Gaindegiak hamaika eduki sortu ditu 17 urte hauetan.

Ohar labur baten bidez jakinarazi du Gaindegiak bere jarduna eten egin duela, zailtasun ekonomikoak direla eta. Ondorioz, aurrerantzean ez duela eduki berririk sortu edo zabalduko erantsi du.

Hamazazpi urte edukiak lantzen

Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia 2004. urtean sortu zen hainbat eragile ekonomiko eta sozialen bultzadaz, irabazi asmorik gabe, nazio ikuspegiarekin eta zatiketa administratiboak gaindituz Euskal Herriaren errealitate sozioekonomikoa ikertu eta ezagupen horiek profesional, kazetari, aditu eta gizarte osoaren esku jartzeko helburuarekin. 

Hamazazpi urte hauetan, oztopoak oztopo, hamaika ikerketa, estatistika, mapa, atlas, infografia eta eduki landu ditu, Euskal Herria benetan nolakoa den ezagutu eta erradiografia zehatz bat egiteko: nolako biztanleria daukan, nolako ehun ekonomikoa, nolako hizkuntz egoera, langabezia, barne produktu gordina... betiere ezagutza hori guztia nazio garapenari lagungarri izateko xedearekin.

Hamargarren urteurrenean Gaindegiko arduradunekin izan zen NAIZ.