Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Talde berria Tuteran: Futbola bozgorailu balio onak zabaltzeko

Kontzientzia soziala, berdintasuna, arrazakeriaren eta homofobiaren gaitzespena, euskararen sustapena... Balio horietan oinarritutako kirol taldea osatu dute Tuteran. Futbolaren oihartzuna eta bozgorailua baliatu nahi dute balio horiek gizartean hedatzeko.

Iragan larunbatean egin zuten, Tuteran, kirol talde berriaren aurkezpena. (Iñigo URIZ/FOKU)
Iragan larunbatean egin zuten, Tuteran, kirol talde berriaren aurkezpena. (Iñigo URIZ/FOKU)

Onerako ala txarrerako, kiroletik, nahi eta nahi ez, ikasi egiten da, bai balio onenak bai eredu txarrenak ere. Hausnarketa hori egin zuten duela urtebete Tuterako hiruzpalau gaztek, futbolaren ereduek eta balio onek maiz ez dutela bat egiten ohartuta. «Ni egon naiz aldagela askotan eta beti gustura, baina hobetzeko gauza asko daude. Nahi gabe barneratzen dituzu futbolaren alde eskasenak», kontatu dio GARAri Iñigo Gonzalezek. Aurten Union Tutera taldean jokatuko du. «Talde batekin identifikatzeko beharra neukan», onartu du gazteak.

«Kirola hezteko modu bat da», esan du Beñat Ujuek, sustatzaileetako batek. «Badakigu nondik hasi, eta hori jada asko da». Tuterarrak adierazi du azaltzea kostatzen dela, baina argi daukatela kirolean ikusten diren jarrera asko zalantzagarriak direla. «Irainak, jarrera oso maskulinoak... argitara ateratzen diren eremua» delakoan, horiek onartezinak direla argi daukate. Eta, noski, jarrera horiek elitean ez ezik, beheko mailetan ere erreproduzitzen dira, ekoizpen-katea legez.

«Ezberdina izateko jomugarekin jaio da» Union Tutera baina, era berean, ez da hain ezberdina, Ujueren esanetan; kontu batzuk iraultzeko asmoa daukan taldea da. «Konpromiso soziala izango du eta berdintasunetik, parekidetasunetik, errespetutik sortu eta hezi nahi duen» taldea da. Horretarako, hain justu, hainbat elkarterekin ere harremanetan jarri dira, beraien ereduak kirolean ere oinarri hartu eta balio horiek islatzeko asmoz: «Behin taldea osatzeko helburua errealitate eginda, herriko hainbat eragilerekin harremanetan jarri ginen, jakiteko sortu dugun erreminta hau nola erabil dezakegun jarrera iraingarri horiei aurre egiteko».

«Duela urtebete amets baten moduan ikusten genuen, hasieran Tuteran txosnak edukitzeko ideiaren antzera. Hau antzeko kontu bat izan zen eta azkenean lortu dugu martxan jartzea», azaldu du Iñigo Gonzalezek. Askotan mahai baten bueltan sortzen diren hausnarketei ere bidea egin behar zaien erakusgarri, gazte hauek tematu egin dira kirola eredu onak eraikitzeko funtsezkoa izan daitekeen erreminta dela sinetsarazteko. Eta hausnarketa edo burutazio hauek bizitako egoeretatik abiatzen dira. Izan ere, Gonzalezek onartu duenez, nahiz eta aldageletan gustura aritu den, askotan entzun izan ditu mota guztietako irainak, jokatu izan duen maila edozein zela ere. Gogoratzeko moduko azken ekintza onartezina duela urtebete izan zela oroitzen du.

«Epailea emakumea zen eta hainbat irain entzun zituen. Hala, neurketa bertan behera geratzeko eskatu zuen», gogoratu du tuterar gazteak. Oroitu du epaileak berak hala eskatuta utzi ziotela partida jokatzeari eta, ideia honi buelta bat eman ostean, berez bi taldeek ere jarrera horretaz ohartu  behar zutela konturatu zen. Hori oinarri hartuta, Union Tuteraren oinarria izango da «horrelako zerbait gertatzen denean, bat-batean neurketa bertan behera uztea, horrelako irainak ez ditugulako inoiz onartuko»; irainak jaso dituenaren salaketaren zain egon beharrean, taldeak berak hartzea erabakia, alegia.

Kode etikoaren onarpena

«Beharra ikusten genuen bai, noski, bestela ez ginatekeen horrelako zerbaitetan sartuko», azaldu du erdi barrezka Beñat Ujuek. Azaldu nahi izan du goi mailan ikusten den kapitalaren inguruko burbuila ez dela bakarrik eliteko kontua, baizik eta behe mailetan ere diru-sarrerek garrantzia dutela. «Negozio handi bat dago» eta horrekin bat datoz balio eskasak, maskulinitate toxikoa barne, eta horrek berarekin dakartza arrazakeria, homofobia eta beste zenbait jarrera. Nolanahi ere, kontraesanak kontraesan, futbola bera «bozgorailu ona» izan daitekeelakoan daude, balio onen sustapenean antolatuta ez zeuden gazteak kontzientziatzeko, esaterako. «Maiz futbol partida batek, erregional mailakoa izan arren, manifestazio batek baino oihartzun handiagoa dauka», alderatu du Gonzalezek.

Hasiera batean hiruzpalau gazteren ideia izatetik 50 pertsona inplikatzera iritsi dira, guztiak 16 eta 30 urte bitartekoak. Batzarrak egin zituzten, bide-orria eraikitzeko asmoz eta, hala, kontu burokratikoak sinatzeaz gain, kode etikoa ere sortu zuten, aipaturiko balioak kontuan hartuko zituena: «Taldearen izaera markatu du honek». «Beste herri batzuetan jendea harro dago bere taldeaz; hemen hori kosta egiten da, ez zegoen atxikimendurik», esan du Ujuek, eta horren bila ere abiatu dira proiektu berri honekin. 19 jokalarik osatutako taldea da; horietatik 15 beste talde batzuetatik datoz; «eta, agian, ezjakintasunetik hitz egiten dut, baina mailaz igotzea helburuetako bat da, bai». Nafarroako azken mailatik abiatuko da taldea eta, babes soziala funtsezko izango dutela onartuta, emaitza onak ere ez dituzte baztertzen.

Era horretan, lehenengo urtean gizonezkoen futbol taldearekin abiatu dira, baina emakumezkoen taldea ateratzea ere bada xedea; «bestela gure balioen kontra gabiltza», nabarmendu du Gonzalezek. Emakumezkoen taldea ateratzeko, baina, zailtasunak izan dituzte, gizonezkoetan ez bezala, Tuteran futbol talde bakarra dagoelako eta, hala, futbolean aritzen diren emakume gutxiago. Klubaren talde motorrean hiru emakume daudela azpimarratu du Ujuek eta etorkizun hurbilean emakumezkoen kirola ere proiektuaren funtsezko giltzarria izango dela ziurtatu du, saskibaloiarekin edo beste kirol batekin lotuta bada ere.

Kirolean euskara sustatzea

Berdintasun eta parekidetasunarekin batera, euskara sustatzeko plana ere proiektuaren erdigunean dago. Gonzalezek, umoretik abiatuta, adierazi du Nafarroako iparraldeko taldeek euskara erabiltzen dutela Erriberako taldeek beraien asmoak ulertu ez ditzaten eta, honekin, hori geldiarazi nahi dutela. AEK-rekin elkarlanean, taldean euskara sustatzeko tresnak izango dituzte, eta, modu berean, futbolean edota kirolean, oro har, euskara baliagarri izan daitekeela sinetsarazi nahi dute Tuteran eta inguruan. «Arnasguneak» diren herrietan ere maiz asko kostatzen den erronka daukate esku artean.

Proiektuaren sustatzaile nagusiak gazte-mugimenduan aktiboak izatetik datoz baina, nolanahi ere, Tuterako errealitate ezberdinak ere kontuan hartu dituzte taldearen izena pentsatzeko garaian. Union Tutera izenarekin, errealitate ezberdinak islatu nahi izan dituzte, «union» hitzaren esanahiarekin eta euskarazko «Tutera» batuz. Planteatu zituzten euskarazko hitzak ere, baina sustatu nahi  dituzten balio onekiko atxikimenduak ahalik eta jende gehienaren bultzada behar duen estrategia ere kontuan izan zuten.

Agerraldia, AEK eta «crowdfundig»-a martxan

Futbolaren bozgorailuak ez du funtzionatuko, baldin eta babes sozial indartsua lortzen ez badute. Hori argi dauka Beñat Ujuek. Orain arte lortu duten Agerraldia ekimenaren laguntza ezinbestekoa izan da –«beraiek gabe ezinezkoa litzateke futbol taldea sortu eta ofizial egitea kosta zaigun 12.000 euroko kostua gure gain hartzea»–. «Euskara herriko plazetara» ekarri nahi duen ekimenarekin batera abiatu dute proiektua, Nafarroako Erriberan euskara sustatzeko konpromiso osoarekin, futbolaren eta kirolaren bozgorailuak zabal dezakeen mezu indartsuan sinistuta. AEK-k ere erremintak eskainiko dizkie taldekideen artean euskaraz hitz egiteko. «Agian, lehen neurketan ez dugu lortuko guztiz euskaraz aritzea, baina ea denboraldi bukaeran egin dezakegun», onartu du Ujuek. Ez da erronka makala. Gonzalezek gogoratu du, gainera, nahiz eta berak bere inguru hurbileko jendearekin euskaraz egin, Tuterako errealitate orokorra erdalduna dela.  

Futbolaren muina negozioa izanik, talde xumea sortzeak ere bere gastuak izan ditu. «Kamisetak atera, futbol zelaia erabiltzeagatik ordaindu behar duguna, epaileei ordaintzea, txartel bakoitzak suposatzen duen isuna...». Denboraldia aurrera ateratzeko eta datozen urteetan talde gehiagorekin kluba aberasteko asmoz, crowdfunding bat abiatu dute www.itsulapikoa.eus webgunearen bitartez. «Kamisetak eleganteak dira», esan du Ujuek, jendea animatu nahian, ekarpena betiere taldea laguntzeko izango dela nabarmenduz.