Asier Aiestaran

Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa uztailaren 16an jokatuko da Azpeitian

Bost bikotek hartuko dute parte Lehen Mailan, lau arituko dira Promoziokoan, eta berrikuntza nagusia emakumezkoen lehiaketa izango da, hiru bikoterekin. Aurreratu dutenez, udazkenean banakakoa jokatuko da, kanporaketa eta guzti.

Aizkolari eta antolatzaileak, gaur eguerdian Azpeitian (Andoni CANELLADA / FOKU)
Aizkolari eta antolatzaileak, gaur eguerdian Azpeitian (Andoni CANELLADA / FOKU)

Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Azpeitian aurkeztu dute gaur eguerdian. Aizkolariek beraien kirola modernizatzen saiatzeko iaz martxan jarritako proiektuaren jarraipena da hau, eta hurrengo hilabeteetan jokatuko diren hainbat lehiaketetan aurrenekoa.

Zehazki, Binakako Txapelketa uztailaren 16an (ostirala) jokatuko da Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan 22.00etan hasita. Hiru maila desberdinetan banatuko dira txapelak: Lehen mailan, Promozio mailan eta emakumezkoen mailan.

Ikuskizunari hasiera Promozio Mailako aizkolariek emango diote. Lau bikotek eman dute izena (Larrea III.a-Zelai IV.a, Jauregi-Eloy Corchero, Julen Kañamares-Pellejero eta Eneko Saralegi-Aratz Mugerza) eta bederatzi enbor ebaki beharko dituzte txanda librean: lau kanaerdiko, 60 ontzako hiru eta bi oinbiko.

Ondoren emakumezkoen txanda izango da, hain zuzen ere lehiaketaren berrikuntza nagusietako bat. Hiru bikotek hartuko dute parte (Zelai III.a-Ansorregi, Tanco-Maika eta Arruti-Julia) eta lau enbor moztu beharko dituzte: bi oineko eta 45 ontzako beste bi.

Eta azkenik gizonezkoen Lehen Mailako txapelketa iritsiko da, punta-puntako bost bikoterekin: Iker Vicente-Azurmendi, Larrañaga-Mujika, Otaño-Ugaitz Mugerza, Irazu-Rekondo eta Txikia IV.a-Atutxa II.a. Hauen kasuan, 18 enbor moztu beharko dituzte: zortzi kanaerdiko, 60 ontzako sei eta lau oinbiko.

Sarrerak jada salgai daude eta bi modutan eros daitezke, Mendizabal Erretegira gerturatuz edota lehiaketaren webgunearen bitartez: aizkolaritxapelketanagusia.eus

«Lanik exigenteena»

«Aizkolaritza modernizatzeko helburuan aurrera egiten jarraitzen dugu. Edizio honetan hainbat lehiaketa ezberdin izango ditugu eta binakako txapelketa honetatik hasiko gara. Proba hau, gainera, inoiz txapelketa batek izan duen lanik exigenteena izango da», nabarmendu du Aitzol Atutxak gaur Azpeitiko udaletxean egindako aurkezpen ekitaldian.

Bertan izan da Karmele Gisasola “Zelai III.a” ere, eta emakumezkoen txapelketa antolatzearen garrantzia azpimarratu du. «Emakumeok ere kirol hau praktikatzen dugula erakutsi nahi dugu, eta txapelketa handietan lehen mailako presentzia izatea aldarrikatzen dugu. Iaz ez genuen behar adina denbora izan antolatzeko, baina oraingoan animatu egin gara eta ilusio handiz hartuko dugu parte. Gu ere orainaren eta etorkizunaren aizkolaritza gara».

Egoitz Arruti zinegotzia, azkenik, pozik agertu da ekitaldia herrian egiteko aukera izan dutelako: «Ilusioa egiten digu bide berri hau abian jartzeak eta Azpeitiko Udala bidelagun izatea. Azpeitian herri kirolek beti izan dute eta izango dute lekua eta jendea animatu nahi dut txapelketa ikustera joateko. Herri kiroletaz beharrezko neurri guztiak hartuz eta errespetatuz gozatuko dugu uztailaren 16an».

Ekitaldian aurreratu dutenez, banakako Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa nagusia udazkenean jokatuko da, eta aurten kanporaketak jokatuko dira lehenik eta gero iritsiko da final handia, iaz BECen jokatu zenari jarraipena emanez.