NAIZ

2018ko Kontxako Bandera, airean Espainiako Auzitegi Gorenak Urdaibairen alde egin ostean

2018ko Kontxako Banderaren irabazlea airean dago oraindik ere. Espainiako Auzitegi Goreneko Kontentziosoko Epaitegiak arrazoia eman dio Urdaibari, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakia berretsiz. Ustez Zierbenari abordaia egiteagatik Bermeo azken postuarekin zigortu zuen Donostiako Udalak. 

Urdaibaiko ontzia, 2018ko Kontxako Banderako lehen jardunaldia amaitu berritan. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Urdaibaiko ontzia, 2018ko Kontxako Banderako lehen jardunaldia amaitu berritan. (Andoni CANELLADA / FOKU)

2018ko Kontxako Banderatik kasik hiru urte pasa diren honetan, gizonezkoen irabazlea airean dago. Duela urtebete, Urdaibaik helegitea jarri zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, Donostiako Udalak jarritako zigorraren aurka. 

Kontxa Bandera hartan, Bermeoko ontziak Zierbenakoari abordaia egin ziolakoan, 15 segundorekin zigortua izan ziren bermeotarrak eta hala, azken postuan bukatu zuten txapelketako lehen jardunaldia. 

Erabaki horren aurrean, Urdaibaik helegitea aurkeztu zuen lehendabizi txapelketako batzordean eta hau baliogabetzat jo ostean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusira bideratu zuen auzia. Duela urtebete argitara atera zen epaiak arrazoia eman zion

Epaia jakin berritan, Donostiako Udalak auzi hau Espainiako Auzitegi Gorenera eramatea erabaki zuen eta asteazken honetan Kontentziosoko Epaitegiak arrazoia Urdaibari eman dio; hau da, EAEko Justizia Auzitegiaren erabakia berresten du. 

2018. urteko Kontxako Banderaren edizioa, Hondarribiak irabazi zuen –bai behin-behinean, behintzat–, bigarren jardunaldian Zierbenarekin izandako lehia estu baten ondotik bi jardunaldietako denbora onena erdietsita. Urdaibaren zigorra eta nahaspila guztia, lehen jardunaldian gertatu zen eta beraz, bermeotarrei ez zien ezertarako balio izan bigarren jardunaldian denbora onena egin izanak. 

Ikusi beharko da Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren ostean, zein ibilbide jarraitzen duen auziak.