Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Uxue Alberdi, Paul Auster edo Kawakami, ahobizarra kentzeko

Udaren bueltan, zer liburu iritsiko dira dendetara ikasturte berriari ongi etorria emateko? Ahobizarra kentzeko, hemen irailetik aurrera prest egongo diren nobedadeetako batzuk.

Uxue Alberdi iaz Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Uxue Alberdi iaz Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Euskal argitaletxeei dagokionez, proiektu berezi bat du eskuartean Elkarrek. Izan ere, haurrengan pentsatuta prestatu dute Uxue Alberdik eta Araiz Mesanzak “Hilik” liburu ilustratua. Heriotza du hizpide liburuak. «Adin batetik aurrera, hil egingo garela ulertzen dugu, ulertzen saiatzen gara», horixe da abiapuntuko hausnarketa. «Hilda egotea zer den ulertzen saiatzen da haurra, eta ihes egiten dio zerbaitek», hausnartu du Alberdik; liburuaren ekarpena, ordea, ez dago haurrei mugatuta, heriotzaren inguruko galdera-erantzunak ez direlako inoiz amaitzen.

Asel Luzarraga bilbotarrak ere, orain dela gutxi XXIII. mendean girotutako nobela distopikoa kaleratu ostean –gaitz guztiak gainditu dituen gizarte batean kokatzen da “Malthusen ezinegona” (Elkar)–, gaztetxoei zuzendutako “Uzta garaia” eleberria kaleratuko du uda igaro eta gero: Urdaibaiko herrixka bateko bi neba-arreba biki dira protagonistak. Emakume gazte misteriotsu bat ezagutuko dute.

Bestalde, Anjel Lertxundik “Kapitain frakasa” (Erein) liburuaren remake bat egin omen du, idazleak berak horrela definitzen baitu 1991n atera zuen nobelarekin egin duena. Deseroso zegoen nobelaren lehen bertsioarekin, eta berridatzi egin du, birmoldatu, beste modu batera kontatu du istorioa. Zer da? Nobela beltza.

Argitaletxe berean kaleratuko dira Fermin Etxegoien eta Goizalde Landabasoren azken lanak ere. Etxegoienen “Totelak” (Erein), saiakeraren eta nobelaren arteko hibridoa omen da. Bidaia liburua ere kontsidera daiteke, eta, editorearen hitzetan, «probokatzailea da oso». “Krakovia” (Erein) liburuan Goizalde Landabasok gaixotasun baten kronika marraztu du. Baina, antza, umorea ez zaio falta protagonistari.

Euskaraz argitaratutako liburuen gaztelaniazko bertsioak ere iritsiko dira dendetara irailean, “Naparra. Caso abierto” (Txalaparta) kasu. Jon Alonsoren lanean, Jose Miguel Etxeberria Naparra Komando Autonomo Antikapitalistetako militantearen bahiketaren eta hilketaren inguruko ikerketa sakona jasotzen da. Nick Estesen “Nuestra historia es el futuro” (Katakrak) saiakeraren gaztelaniazko bertsioa ere kaleratuko da. Zazpi komunitatek osatzen duten Oceti Sakowin herriak gizon zuriaren iritsieraren ostean belaunaldiz belaunaldi bizitako bidegabekeriak eta minak jasotzen ditu, baina baita duintasun miresgarriarekin aurrera eramandako erresistentzia ere.

Octavia E. Butler afro-amerikarra «zientzia-fikzioaren andrea» bezala da ezaguna. Bere  “La parábola de los talentos” (Capitán Swing) liburua “La parábola del sembrador” lanaren jarraipena da. Egia esan, 1998an argitaratutako eleberri profetikoak inoiz baino gaurkotasun handiagoa du egun. 2032an, etxea eta familia galdu ondoren, Lauren Olaminak komunitate baketsu bat sortuko du Kalifornia iparraldean, sortu berria den fede batean oinarrituta: Lurreko Hazia. Bertan iheslariei babesa eskaintzen diete; Ameriketako Estatu Batuak handi bihurtuko dituela agindu duen Jarret  presidente ultrakontserbadorearen politiketatik ihesi heldutakoak, hain zuzen ere.

Paul Auster ere liburu bitxi batekin itzuliko da, western bat. “La llaga inmortal de Stephen Crane” (Seix Barral) eleberrian, XIX. mendeko AEBetako letren klasiko baten biografia osatu du. Beti bidaide izan zuen diru faltak bultzatuta, gerra korrespontsal izan zen Crane. Behartsuen eskubideak defendatzeagatik nabarmendu zen idazlea Mendebalde basatiarekin maiteminduta bizi izan zen, urperatze batetik bizirik atera zen, New Yorkeko poliziari aurre egin zion, Joseph Conraden laguna egin zen Ingalaterran... eta tuberkulosiak jota hil zen Alemanian 28 urterekin. “Time” eta “The New York Times” prestigiotsuek urteko hamar liburu onenen artean hautatu zuten.

Azkenik, Mieko Kawakami japoniarraren “Pechos y huevos” (Seix Barral) eleberria komedia errealista bezala defini daiteke. Egungo langile-klaseko emakumeen erretratua da. Feminismoaren ikur da salmenta izugarriak dituen Kawakami.