Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Planetako «ertzetako» irudiekin sarea partekatuko du Getxophotok

Pandemiaren eraginez inoiz ezagutu duten unerik gogorrena bizi ostean, Getxophotok prest du bere hamabosgarren edizioa, irailaren 2tik 26ra egingo dena. Gurean dugun argazkigintzaren hitzordurik handienean, sareekiko konexioa indartu egin da Jon Uriartek eman dion gidaritza-aldaketari esker.

Sinloako desagertuen amen errezetak ‘Recetario para la memoria’ hunkigarrian. (Zahara GOMEZ)
Sinloako desagertuen amen errezetak ‘Recetario para la memoria’ hunkigarrian. (Zahara GOMEZ)

Azken hamabost urteotan, era guztietako gorabeherak bizi izan ditu Getxoko Begihandi elkarteak sortu, elikatu eta sustatu duen Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdiak. 2008. urteko krisi ekonomikoa gogorra suertatu zen, baina orain bizi dugun pandemia latzagoa da. «Bizirik irauteko ahalmena dugu, bederen», adierazi du Jokin Aspuruk.

Getxophotoko zuzendariak, babesa ematen dioten erakundeetako ordezkariekin batera –Udala, Aldundia eta Lakua–, hurrengo iraileko egitarauaren berri eman zuen atzo. Eta zer da datorrena? Jaialdi honek sekula izan duen ediziorik digitalena eta esperimentala, gai nagusi edo lelo bat izango duena: partekatzea.

«Ondasunen metaketa indibidualak eta pandemia globalaren testuinguruan desberdinarekiko beldurrak agintzen duen mundu honetan, partekatzeko eskubideak, beharrak eta erantzukizunak berebiziko garrantzia hartzen dute», dio Jon Uriarte komisarioak.

Baina partekatzeko modu berriak bilatu behar dira, tradizionala bazter batera utzita, eta «partekatzearen ideiak barneratzen dituen adiera berri horiek aztertzea proposatzen du –instalazio ez-konbentzionalen bidez eta jaialdiko espazio fisikoan zein digitalean–» Getxophotoren 15. edizioak

Digitala eta esperimentala

Hiru urtean behin aldatzen du Getxophotok komisarioa. Erosoagoa gertatuko litzaieke, beharbada, beti berbera mantentzea, baina sormenaren atal garrantzitsuko zuzendaritzaren errelebo horrek beste ‘zerbait’ ematen dio jaialdiari.

Aurtengoa Jon Uriarte hondarribiarraren bigarren urtea da komisario lanetan. Widephoto plataforma independentearen fundatzailea da eta egun Londresen bizi da, non The Photographers’ Galleryn komisario digitala den. «Komisario guztiak ‘liante’ hutsak dira, hitzaren zentzu onenean, eta hau are ‘lianteagoa’ da», aipatu du umorez Jokin Aspuruk komisarioari buruz galdetzerakoan.

Urte berezi batean egokitu zitzaion Getxophotoko gidaritza hartzea Uriarteri, eta nabaritu dute bere eragina. «Beste belaunaldi batekoa da, 40 urte inguru ditu, eta interes handia du sareetan, sareetan zer gertatzen den jarraitu ahal izateko. Nik esango nuke bere ekarpen handiena izan dela horri aurre egiteko gai egin garela», esan du jaialdiaren zuzendariak.

Moirako kanpalekuetan kolektibo batek sortu duen Instagrameko ekimena jaialdian islatuko da. (GETXOPHOTO)

Beraz, datorren irailari begira prestatutakoan garrantzi handia dute sareetako irudiek. Esaterako, ‘Now You See Me Moria’ Instagrameko egitasmoa (@now_you_see_me_moria): iaz Lesbos uharteko Moriako kanpamentuan bizi den Amir errefuxiatu afganiarrak eta Noemi Holandan bizi den argazkilari eta editoreak sortutako kolektiboa da. Beraien lanek kanpamentuen bizitza islatzen dute, eta horiek ere Getxon presentzia izango dute.

Sebastian Schieg alemanaren ‘Gallery-Delivery’ erakusketa-performancea bitxia da: pizza eskatzen duzun bezala,  Internet bidez eskatu ahal izango duzu ordu erdiko erakusketa pertsonalizatu bat. Euskal argazkilarien lanak ere ikusi ahal izango dira bertan. Rider batek eramango dizu erakusketa etxeraino.

Beste adibide bat: Blanca Munt artista katalanaren ‘Alerta Mira-sol’ erakusketa Whatsapp talde baten bidez soilik ikusi ahal izango da... Egunero bi mundu horien artean dantzan gabiltza –mundu digitala eta presentziala– eta horrelakoa izango da Getxophotoren 15. edizioa ere.

Ohi denez, argazkiak ‘zuzenean’ ikusteko aukera ere izango da herrian zehar jarritako esparru batzuetan –aurten Romo Kultur Etxea gehitu zaio–, eta deigarria egiten da, alde batetik, emakume argazkilarien indarra eta proposatzen diguten bestelako begirada, egile gehienak Europatik kanpokokoak direlako, planetako botereguneetan dauden ‘ertz’ horietakoak.

Australiako erakunden bidegabekeriak pairatzen dituztenen erretratuak egin ditu Hoda Afsharrek. (GETXOPHOTO)

Izen batzuk aipatzearren: Australian bizi den Hoda Afshar irandarrak australiar erakundeen bidegabekeriak erretratatu ditu ‘Agonistes’ lanean; Sinaolako ‘desagertuen’ gorpuen bila ari diren senideen istorioak ‘Recetario para la memoria’ lanean islatu dituzte Zahara Gomezek eta Las Rastreadoras del Fuerte kolektiboek...