NAIZ

Elkarretaratzeak deitu dituzte Euskal Herrian Kubako iraultzaren alde eta blokeoaren aurka

Iruñean, Bilbon, Donostian eta Irunen elkarretaratzeak egingo dituzte ostegun honetan, Kubako iraultzari babesa adierazteko eta AEBetako Gobernuak uharte honi ezarritako blokeoa salatzeko.

Kubako Gobernuaren aldeko elkarretaratzea Mexikon. (Alfredo ESTRELLA/AFP)
Kubako Gobernuaren aldeko elkarretaratzea Mexikon. (Alfredo ESTRELLA/AFP)

Ostegun honetan Hego Euskal Herriko zenbait puntutan Kubako iraultzari babesa adierazteko eta Karibeko uharte honek pairatzen duen blokeoa salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte. Mobilizazioak arratsaldeko 19.00etan izango dira Iruñeko Sarasate Pasealekuan, Donostiako Boulevardean, Bilboko Areatzako parkean eta Irungo Donibane enparantzan.

Euskadi-Cuba, Sierra Maestra, Desembarco del Granma eta Acesma elkarteek babesa adierazi diete deialdiei, eta Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuari Nazio Batuen Batzar Nagusiaren ebazpena betetzeko eskatu diote. Izan ere, ekainaren 23an, 184 botorekin NBEk Kubaren aurkako blokeo ekonomiko, finantzario eta komertziala bertan behera uzteko eskatu zuten –AEBek eta Israelek soilik eman zuten ebazpenaren aurkako botoa–. Joe Bidenen Administrazioak uko egin dio eskaera horri.

«Une zail hauetan, argi eta garbi, Kubako iraultzari, bere herriari eta gobernuari babesa ematen diogu, uhartean, egungo pandemia egoera aprobetxatuz, politikoki ezegonkortzeko saiakera berri baten aurrean. Eta antolatutako ekintza solidarioetan parte hartzeko deia egiten dugu», adierazi dute ohar batean.

Halaber, salatu dute «sare sozialetan eta komunikabideetan egindako manipulazioa, uharteko puntu zehatzetan gertatutako istiluak areagotzen baititu, beste herrialde batzuetan gertatutako protesten irudiak Kuban gertatutakoak bezala aurkezten baititu, eta iraultzaren alde une honetan uhartean zehar egiten ari diren bat-bateko dozenaka ekintza isiltzen baititu».

«Zinikoa da, benetan, Kolonbian edo Txilen dozenaka heriotza eragin dituzten poliziaren errepresio-ekintzengatik punta-puntan ibili diren komunikabideek orain ‘errepresioaz’ hitz egitea Kuban; izan ere, prozesu iraultzailea babesten duen gehiengo batek modu baketsuan erantzun die protestei», gaineratu dute.
Haien ustez, gertakari horiek ez dira osasun-krisi baten ondorio. Izan ere, covid-19k irlan eragindako kutsatzeen eta heriotzen kopurua, «Matanzasen eta antzeko lekuetan gorakada larria izan arren, gertuko gainerako herrialdeetakoa baino askoz txikiagoa da, AEBetakoa kasu».

«Protestak hornidurarik ezaren krisiarekin dago lotuta, alde batetik pandemiaren ondorioz –herrialdeak, adibidez, 16 hilabete daramatza turismoren diru-sarrerarik gabe–, eta beste aldetik blokeoagatik, inoiz baino zorrotzagoa», nabarmendu dute, eta kritikatu du kanpoko eragileen jarrera, «AEBeko gobernuak berak finantzatutakoak».  

Adierazi dutenez, «ekonomia-gabeziako egoera aprobetxatu nahi du kaoseko eta ezegonkortasun politikoko egoerara eramateko, beste herrialde batzuetan jada aplikatutako eredu bati jarraituz».

Laguntzeko aukera

«Beste gezur bat ere salatu nahi dugu: herrialdeari laguntza materiala sartzeko balizko ‘debekua’. Kuba dohaintzak jasotzen ari da munduko hainbat herrialdetatik. Gogora dezagun ‘Xiringak Kubarentzat’ izeneko euskal kanpaina, 655.700 xiringa erosteko dirua bildu zuena, guztira 10 milioi baino gehiago Europa osoan. Eta egungo egoeraren aurrean, handitu egin dugula». Banku-kontu bat ireki duten herritarrek osasun-materiala erosten laguntzeko: ES35 3035 0134 43 1340059271).

«Gaur inoiz baino gehiago esaten dugu ‘Biden, entzun munduari: Unblock Cuba!’ Eta Kubako herri iraultzailearekin batera, oihukatzen dugu: Aberria edo Heriotza. Irabaziko dugu!», ohartarazi dute.

Autodeterminazioa eta subiranotasuna

Askapenak eta LABek ekimenetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Sindikatuak «irmoki» salatu du blokeo ekonomikoa, «60 urte baino gehiagoz luzatzen dena. Salatzen dugu, halaber, bere helburu nagusia Kuba politikoki ezegonkortzea dela, herriaren beharrak garatzeko zailtasunak sortuz. Beraz, LABek blokeoa eta Kuban injerentzia eta ezegonkortasuna lortzeko beste edozein saiakera amaitzea eskatzen du».

«Herrien autodeterminazioarekiko eta subiranotasunarekiko errespetua aldarrikatzen dugu, eskubide besterenezinak eta funtsezkoak baitira lan eta bizitza duinak bermatzeko. Ondorioz, LAB sindikatuak erabateko babesa eta elkartasun iraultzailea erakusten die Kubako herriari, LABekin batera Munduko Sindikatu Federazioko kide den Kubako Langileen Zentral historikoari (CTC) eta, bere subiranotasunaren eta Iraultza Sozialistaren alde kalera ateratzen ari den langile kubatar guztiei, enegarren eraso kapitalista eta inperialistaren aurrean», azpimarratu du.