Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Atzerapenak, murrizketak eta informazio falta Buruntzaldean

Uztailaren 1ean Buruntzaldeko autobus zerbitzuaren kontzesio berria martxan jarri zenetik murrizketak eta informazio falta salatu dituzte herritarrek, sindikatuek eta udalek. Gipuzkoako Aldundiak autobusen atzerapenekin izandako arazoak konpontzeko eta zerbitzua indartzeko konpromisoa hartu du.

BU12 linea berriko autobusa Astigarragara iristen. (Gorka RUBIO / FOKU)
BU12 linea berriko autobusa Astigarragara iristen. (Gorka RUBIO / FOKU)

Uztailaren 1ean Buruntzaldeko autobus zerbitzuaren emakida berria jarri zen martxan. Garayar, Areizaga eta TSST konpainien eskuetatik TBH enpresara –Transitia eta Alsa konpainiek osatutakoa– igaro da. 2015etik autobus zerbitzua eta flota berritu gabe zuen eta 47 urtean emakida berdina mantentzen zuen Gipuzkoako eskualde bakarra zen Buruntzaldea. Flota berritu da adjudikazio berriarekin, autobus hibridoak, modernoak, handiagoak, ustez seguruagoak ekarrita.

Baina autobusok berandu iristen dira edo ez dira iristen, emakida berriarekin linea batzuk bertan behera utzi dituelako Aldundiak. «Murrizketak» salatu dituzte udaletako hainbat ordezkarik, Gipuzkoan garraio publikoa gehien erabiltzen duen bigarren eskualdean, eta «kaosa» sortu da uztailaren 1az geroztik eskualdean; hala adierazi diote herritarrek hainbat komunikabideri.

Murrizketek eragin handiena Andoain, Hernani, Irura, Astigarraga eta Usurbilen izan dute. Astigarragan bidaia kopuruari dagokienez, %20ko murrizketa aplikatu dute eta lehen A1 izena zuen linean (orain BU12) herriko nahiz Donostiako geltoki batzuk kendu dituzte, Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak zehaztu duenez. «Gu zerbitzu txar batetik gatoz; 2014tik zerbitzu berdina izan dugu eta oso txarra zen. Kontuan hartu behar da Astigarragak 2014tik 2021era 2.700 biztanleko hazkundea izan duela. Biztanleria %30 hazi da eta autobus zerbitzua %20 murriztu. Haserrea izugarria da», esan du.

Astigarragaren kasua berezia da. Herritarrek Mugi Astigarraga plataforma sortu dute garraio publiko «egokia eta duina» aldarrikatzeko. «Gazte batek esan zidan [Donostiako] fakultatera joateko ordu eta 20 minutu behar izan zituela. Ia Gasteizko campusera kotxez bezala. Donostiatik ateratzen den azken autobusa aurreratu egin dute eta ostalaritzan edo merkataritzan lan egiten dutenei etxera itzultzeko autobusa falta zaie», esplikatu du alkateak.

Usurbilen, halaber, herrian martxan zeuden bi lineetatik bat kentzea erabaki du Gipuzkoako Aldundiak: zuzenean Donostiako ospitaleetara zihoana. «Emakida hau aztertzen hasi zirenean proposatu zuten bi lineak kentzea. Horrek murrizketa larriak ekarriko zituen. Hainbat bilera izan eta gero kendu digute Usurbil eta ospitaleak lotzen dituen linea, eta linea hori kentzeko arrazoia, antza, erabiltzaile gutxi zituela eta ez zela bideragarria zen. Salagarria deritzogu zerbitzu publiko baten mantentzea edo ez irizpide ekonomizista hutsetik erabakitzea. Erreparatu behar zaio linea horien erabiltzaileak zeintzuk diren: ospitalean eta Onkologikoan lan egiten duten langileak, adinekoak, gazteak eta batez ere emakumeak. Gizarteko babes gutxieneko sektore batez hitz egiten ari gara», agertu du Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak. Gogoratu du Aldundiaren asmoen berri eman zutenean herritarrek 2.000 alegazio aurkeztu zituztela, eta «entzungor» egin zietela.

Ostegunean bilera egin zuten Foru Aldundiko ordezkariek eta Buruntzaldeko alkateek, eta bileraren ostean Rafaela Romero Mugikortasuneko foru diputatuak esan zuen arazoak konpontzeko lan egingo zuela bere sailak. Batetik, bihartik aurrera autobusen atzerapenak konponduko dituztela esan zuen, arazoaren arrazoia zehaztu baitute diagnostiko baten bidez. Bestetik, zenbait linea indartuko dituzte, baina irailetik aurrera. Zergatik irailean?: «Martxan jartzeko programatu, diseinatu eta behar diren aldaketak egin behar dira. Denbora behar du».

GARAri egindako adierazpenetan, diputatuak zehaztu du zeintzuk izango diren indartuko diren lineak: Usurbil Donostiako ospitaleekin lotzen duen BU02 linea egokituko da; Iruran BU07 linearen maiztasuna ordubetetik ordu erdira aldatuko da; Hernanin 20 minutuko maiztasunak ezarriko dituzte egunero Donostiarako linean; Andoainen ere maiztasunak hobetuko dituzte; Urnietan ospitaleetarako lehen irteera 04.45ean ezarriko dute, emakida berriaren aurretik bezala, eta Astigarragan 20 minutuko maiztasunarekin funtzionatuko dute autobusek.

Dena den, LABeko Gipuzkoako garraio arduradunak, Ekaitz Telleriak, aurresan du TBH enpresak sindikatuei jakinarazi diela Aldundiak bihar bertan berrezarriko dituela eskualdeko linea batzuk, Usurbiletik Donostiako ospitaleetara doana, adibidez.

Informazio falta

«Uztailaren 1ean jarri zen martxan autobus zerbitzu berri bat aurrez udalekin kontrastatu gabe, zeren emakida honekin 3-4 urte daramatza Aldundiak, eta bat-batean indarrean sartzen da guri aurrez adierazi gabe zertan geratuko zen. Autobus horren erabiltzaileek bezperan jakin zuten txoferraren bidez hurrengo egunean linea hori kendu egingo zutela», esan du Solabarrietak.

Eskualdeko udalek eta herritarrek bezala, Lurraldebuseko langileek informazio falta egotzi diote Aldundiari. «Inprobisazioa» salatu du Ekaitz Telleriak. Kontatu du 2017an Aldundiak landu zuen lehen Ustiapen Planean %50eko murrizketak aurreikusten zirela. Azkenean atzera bota zituzten plegu horiek, Hernanin herritarrek sinadura bilketa egin eta LABek plana inpugnatu ondotik. Bigarren aurreproiektu bat aurkeztu zuen Aldundiak, %33ko murrizketak jasotzen zituena. Ustiapen Plan hori azken urteetan «etengabe moldatzen» joan dela esan du Telleriak eta duela 5 hilabete bildu zen LAB Aldundiko Mugikortasun Sailarekin. Orduan esan zieten aurkeztutako azken Ustiapen Plana ez zela «definitiboa» izango, eta ez zela izango martxan jarri eta hilabete batzuk pasatu arte. «Horrek esan nahi du uztailaren 1ean hasi direla Ustiapen Plan batekin ez dena definitiboa. Inprobisazio hutsa izaten ari da. Zeren zerbitzua uztailaren 1ean aldatuko zela bagenekien orain urtebete ere, datak ez gaitu bat-batean harrapatu. Nola da posible ekainaren 30ean, hau da, emakida hasi baino egun bat lehenago, langile guztiak bildu eta ordutegien berri ematea? Langileek ez zekiten uztailaren 1ean lanean hasiko ote ziren, zer ordutan hasi behar zuten, ezta zein lineatan ere», esplikatu du sindikatuko garraio arduradunak.

Emakida berriak langileen baldintzetan ere eragina izan duela ziurtatu du Telleriak. Salatu du ordutegiek ez dutela «lan osasunaren legea» betetzen: «10-11 orduko jardunaldiak dituzte, 6 orduz gelditu gabe aritzen dira, ezin dute gelditu ez pixa egitera ez zerbait jatera, eta dagoeneko lau langilek giltzurrunetan harriak dituzte. Ordutegiek ez dute ematen. Ez dute ematen gaizki antolatuta daudelako. Gainera, abiadura muga orduko 50 kilometrotik 30era jaitsi , eta ordutegiak ez dira moldatu».

Autobus flota berria

Kontzesio berriarekin, 30 autobus hibrido estreinatu ditu Buruntzaldeak, horietatik hamar 15 metrokoak dira eta 53 eserleku dituzte. Gainerako hogei autobusak 12,75 metrokoak dira, 41 pertsonarentzako lekuarekin. Flotaren osagarri, 10 urtetik beherako hamaika autobus daude, aurreko enpresa kontzesiodunen subrogaziopean.

Flotaren aldaketaren arrazoi nagusia herritarren segurtasuna bermatzea izan dela esan du Rafaela Romerok, autobusak handiagoak izanik, «seguruagoak» direlako. Baina Ekaitz Telleria ez da iritzi berekoa. Emakida martxan jarri zen egunean istripu bat izan zen Donostian. «Langile batek hartu zuen 15 metroko autobus bat –inoiz gidatu ez zuena, autobus berriak direlako–, inolako formakuntzarik jaso gabe, eta istripua izan zuen», esplikatu du.

«Garraio publikoa negozio bihurtu nahi dute. Argi dago Donostiara lotzen diren zerbitzu publikoak kaskartu nahi dituztela, pentsatzen dugu Donostiako metroa laguntzeko asmoarekin. Inprobisatzen ari dira, zerbitzu publikoa lehertzen, beste interes batzuk dituztelako. Nahita ari dira», salatu du LABekoak.