Andoni Arabaolaza

Eskalatzaile olinpikoak prest dira hitzordu historikorako

Historian lehen aldiz, kirol olinpikoa izango da eskalada eta Tokion ikuskizun itzela emango duela aurreikusten da, azken hamarkada honetan modalitate ezberdinek bilakaera oso interesgarria izan baitute. Lehen eskalatzaile olinpikoak izango dira 20 emakume eta 20 gizon horiek.

Tokion izango diren kirol gehienak ez bezala, kirol eskaladarekin lotutako lehia oso berria da. Hamarkada gutxi batzuk baino ez dira igaro, nazioarte mailan benetako hitzorduak antolatzen hasi zirenetik. Kirol Eskaladako Nazioarteko Federazioak (IFSC) lan eskerga egin du lehia horiek bultzatzeko eta sendotzeko. Federazio horrek antolatzen dituen Munduko Kopak eta Txapelketak oihartzun zabala hartu dute. Zirkuitu ofizial horiek eta pribatuek bultzada handia eman diote lehiari. Eta emaitzak bikainak baino bikainagoak dira.

Onartu behar da ahalegin guztiek emaitza ikaragarri ona izan dutela. Azkenean, Olinpiar Jokoetan eskaladak aitorpena izan du, eta, historian lehen aldiz, kirol olinpikoa izango da.

Inolako zalantzarik gabe, heldu den abuztuaren 3tik 6ra eskaladak ikuskizun itzela emango du. Jarraitzaile zein aditu guztiek esaten dute hori. Alde guztietatik begiratuta, ikuskizuna. Eta hori diogu azken hamarkada honetan modalitate ezberdinek bilakaera oso interesgarria izan dutelako. Abiadurako probetan lehiatzen diren espezialisten jarduna “berezia” da oso. Helduleku batetik bestera korrika ikusten ditugu. Zailtasunean, berriz, antolatzaileek “keinu” zaharrak alboratu eta ekipatzen dituzten bideetan bolumenak eta helduleku kamutsak gero eta garrantzi handiagoa izaten ari dira. Eta zer esango dugu boulderrari buruz? Bada, agian, hiru espezialitate horien artean “dibertigarriena” dela. Bai eskalatzailearentzat, baita ikuslearentzat ere. Zailtasunean bezala, bolumenak eta helduleku kamutsak nagusi dira. Eta horri guztiari orekan oinarritutako mugimenduak, dinamiko basatiak... gehitu dizkiote. Finean, parkour estiloko proposamenak indarrean jarri dituzte.

Eta parkour-a aipatu dugunez, esan behar da izaera horretako ikuskizunetan –“Ninja Warrior” telebista saioan, kasu– arituak direla Tokion izango diren hainbat eta hainbat eskalatzaile. Gainera, telebista saio horietan sari potoloak irabazi dituzte. Horregatik guztiagatik diogu eskalada ikuskizun bihurtuko dela Tokion.

«Overall»

Aipatu dugun bezala, hiru modalitate egongo dira jokoan: abiadura, zailtasuna eta boulderra. Abiadurako proban 15 metroko murru bati egin beharko diote aurre. Elkarren artean lehiatzen dira, eta goialdean dagoen txirrina zapaltzen duen lehena hurrengo fasera sailkatuko da. Kanporaketa horiek ere finalerdietan zein finalean egiten dira.

Boulderrean, berriz, 3 eta 5 metro arteko korapiloak askatzen jardun behar dute. Bloke bakoitza sinatzeko, eskuarki, lau minutuko denbora izaten dute. Eta zailtasunean, lehiakideek gutxi gorabehera 20 metroko bideetan nor baino nor jarduten dute.

Tokioko Olinpiar Jokoetan ez da modalitate bakoitzeko irabazle bat izango. Antolatzaileek baztertu egin dute hori. Horren ordez, beste eredu bat ezarri dute. Hiru diziplina horietan erregularrenak eramango du urrea. Hau da, hiru modalitate horietan puntu gehien pilatzen dituena izango da irabazlea.

Protagonistak

Olinpiar Jokoetarako txartela eskuratzeko aukera soilik 40 eskalatzailek izan dute. Historian sartu nahi duten lehiakide hauek gogor borrokatu behar izan dute. IFSC erakundeak horretarako sistema espezifiko bat sortu zuen. Lehenik eta behin, herrialde bakoitzak gehienez bi ordezkari (mutil eta neska bana) ditu. Beste irizpide batzuk jarri zituen, eta horien artean 2019. urteko Hachiokin jokatutako Munduko Txapelketan lehen txartelak banatu ziren. Ondoren, pandemia lehertu eta aldaketa batzuk egin behar izan zituzten. Aitzitik, egoera argitzeko aukera izan zuten, eta, azkenean, hogeina neska eta mutil igoko dira Tokioko “oholtzara”.

Emakumezkoen aldetik honakoak lehiatuko dira: Janja Garnbret (Eslovenia), Akiyo Noguchi (Japonia), Shauna Coxsey (Erresuma Batua), Aleksandra Miroslaw (Polonia), Miho Nonaka (Japonia), Petra Klinger (Suitza), Brooke Raboutou (AEB), Jessica Pilz (Austria), Julia Chanourdie (Frantzia), Mia Krampl (Eslovenia), Iulia Kaplina (Errusia), Kyra Condie (AEB), Laura Rogora (Italia), Yi Ling Song (Txina), Alannah Yip (Kanada), Anouck Jaubert (Frantzia), Viktoria Meshkova (Errusia), Oceana Mackenzie (Australia), Erin Sterkenberg (Hegoafrika) eta Chaehyun Seo (Hego Korea).

Mutilen kategoriari dagokionez, Tomoa Narasaki (Japonia), Jakob Schbert (Austria), Rishat Khaibullin (Kazakhstan), Kai Harada (Japonia), Mickale Mawen (Frantzia), Alex Megos (Alemania), Ludovico Fossali (Italia), Sean McColl (Kanada), Adam Ondra (Txekiako Errepublika), Bassa Mawem (Frantzia), Jan Hojer (Alemania), Yu Fei Pan (Txina), Alberto Gines (Espainia), Nathaniel Coleman (AEB), Colin Duffy (AEB), Michael Piccolruaz (Italia), Aleksei Rubtsov (Errusia), Tom O´Halloran (Australia), Christopher Cosser (Hegoafrika) eta Jongwon Chon (Hego Korea) arituko dira elkarren aurka lehian.

​Kinielak

Ezbairik gabe, Olinpiar Jokoetarako sailkatu diren eskalatzaile guztientzat Tokioko hitzordua amets handia da. Lehiakide bakoitzaren ibilbidean inflexio puntua izango da, eta den-denek iritzi hori baieztatzen dute. Ehunka ordu eman dituzte joko hauetarako sasoi onenean heltzeko prestatze lanetan. Entrenamenduez gain, aukera izan dute IFSC erakundeak eta beste pribatu batzuek antolatutako probetan indarrak neurtzeko.

Joan den apirilaz geroztik, Munduko Kopako lehietan ikusi ditugu, eta horietako batzuek argi utzi dute Tokiora oso indartsu iritsiko direla. Alabaina, arrazoi ezberdinengatik, tituluak lortzen dituztenen edo lehen postuetan sailkatzen direnen artean azkenaldian hutsune batzuk izan dira. Adibidez, duela astebete Chamonixen (Frantzia) jokatu zen Zailtasuneko Munduko Kopan eskalatzaile olinpiko askok ez zuten parte hartu. Aurreko lehietan min hartu zutenen artean honako hauek daude: Pilz, Chanourdie, Ondra eta Nonaka.

Eta zeintzuk dira faboritoak? Lehenik eta behin, aipatu behar dugu ziur aski abiadurako probak asko baldintzatuko duela dominen banaketa. Argitze aldera, aurreratu behar dugu blokean eta zailtasunean bikain ibiltzen direnek arantza handia dutela abiadurarekin. Ikasten eta entrenatzen ari dira, baina ez dira espezialistak. Horregatik diogu aipatu dugun talde horretatik abiadurako lehian ondoen ibiltzen denak aukera handiak izango dituela urrea lortzeko. Aldiz, abiaduran espezialista direnek oso zail dute dominaren bat irabaztea; izan ere, boulderrean zein zailtasunean ez dira hain indartsuak.

Nesken kategoriari dagokionez, Garnbret azaltzen da kinieletan lehen postuan. Zailtasunean zein boulderrean esloveniarra egungo erregina da. Azken bizpahiru urteotan argi eta garbi utzi du aurkaririk ez duela. Abiaduran ez da batere ondo moldatzen baina, denen iritziz, beste bi espezialitateetan pilatuko dituen puntuekin aski izango du garaipena erdiesteko. Chanourdie, Coxsey, Noguchi, Nonaka eta Raboutou ere faboritoen zerrendan azaltzen dira.

Mutiletan, berriz, zalantza ugari dago. Narasakik, adibidez, badaki zer den Munduko Txapelketa batean overall edo konbinatua irabaztea. Boulderrean oso indartsua da, zailtasunean ondo ibiltzen da eta abiaduran bilakaera handia izan du. Erregulartasun handia duen eskalatzailea da.

Munduko eskalatzaile mediatikoena izanik, denen ahotan Ondra dabil. Abiadura probetarako asko entrenatu da, baina ikusteko dago zer maila ematen duen. Boulderrean zein zailtasunean argi dago lehenengoen artean egongo dela.

Fossali, Megos eta Schubert-en izenak ere ozen entzuten dira, baina badirudi urrea etxera eramateko maila bat behetik daudela. Hau guztia faboritoen kiniela bat besterik ez da. Abuztuaren 3tik 6ra argituko da aipatu dugun guztia.