Asier Aiestaran

Gipuzkoarrak faborito nesketan eta bizkaitarrak mutiletan Euskadiko Txapelketan

Ezusterik ezean, Arraun Lagunak eta Orioren arteko lehiak beste atal bat idatziko du asteazken honetan Lekeitioko uretan. Gizonezkoen mailan, gipuzkoarrak bizkaitarren orain arteko nagusitasuna hausten saiatuko dira.

Santurtzi goian eta Hondarribia behean, larunbatean Orion jokatutako estropadan (Jon URBE / FOKU)
Santurtzi goian eta Hondarribia behean, larunbatean Orion jokatutako estropadan (Jon URBE / FOKU)

Euskadiko Traineru Txapelketa, udako hitzordu garrantzitsuenetako bat arraun munduan, asteazken arratsaldean jokatuko da Lekeitioko uretan (18.00, ETB1). Lehian izango dira Gipuzkoako eta Bizkaiko Txapelketetan lehen lau postuetan amaitu zuten ontziak.

Emakumezkoen estropadari dagokionez, lehen txandan herrialde bakoitzeko hirugarren eta laugarren sailkatuak neurtuko dira: Tolosaldea, Hondarribia, Isuntza eta Lutxana. Eta ondoren, herrialde bakoitzeko bi onenak: Arraun Lagunak, Orio, Deustu eta Ondarroa.

Une honetan herrialdeen arteko orekarik ez dagoenez kirol mailan, pentsatzekoa da lehen txandan Tolosaldea eta Hondarribiaren arteko lehia ikusiko dugula, eta bigarrenean Arraun Lagunak eta Orioren artekoa, Euskotren Ligan sekulako ikuskizuna ematen ari den lehia.

Ondoren gizonezkoen estropada jokatuko da formato berean. Lehen txandan Ondarroa, Bermeo, Orio eta San Pedro irtengo dira, eta bigarrengoan Santurtzi, Zierbena, Hondarribia eta Donostiarra. Hemen, oraingoz bizkaitarrak nagusitzen ari dira eta ikusi egin beharko da ia Lekeition nagusitasun horrek jarraipena duen.

Lekeitioko estropada eremua aski ezaguna da –bertan irabazi zuen Santurtzik Bizkaiko Txapelketa aurreko astean–, eta itsaso leuna espero da gaurkoan, haize handirik gabe. Marea jaisten ariko da estropada orduan eta agian hori izan daiteke kaleen arteko desberdintasunak markatu ditzakeen faktorea. Kale zozketa 16.30etan egingo da delegatuen bileran.

Printzipioz, emakumezkoen bi ontzi onenek eta gizonezkoen hiru azkarrenek Espainiako Txapelketa jokatzeko txartela eskuratuko dute, baina gauza jakina da azken urteetan oso talde gutxi direla lehiaketa horretara joaten direnak.