NAIZ
Donostia

Euskararen biziberritzea jomuga, Badalab laborategia aurkeztu dute Donostian

Badalab, Hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzarako Laborategia, aurkeztu dute gaur Donostian euskalgintzak eta hainbat erakundek. «Euskararen biziberritzean berrikuntza eta esperimentazioaren aldagaiak txertatzea» izango du helburu.

Badalab aurkeztu dute gaur Donostian, Foru Aldundian. (Gipuzkoako Foru Aldundia)
Badalab aurkeztu dute gaur Donostian, Foru Aldundian. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

«Euskara biziberritzeko eta hiztunen arteko berdintasuna sustatzeko garaian esperimentazio gune erreferentziala bilakatzeko helburuarekin» aurkeztu dute Badalab, Hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzarako Laborategia, Donostian.

Euskal erakundeetako eta euskalgintzako hainbat ordezkari izan dira gaur Foru Aldundian egindako ekitaldian. Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan dagoeneko hezurmamituko den zazpigarren proiektu estrategikoa izango da badalab –aurretik sortuak izan dira Ziur, 2deo, Labe, Adinberri, Mubil, ArantzazuLab eta Naturklima–.

Kasu honetan, «euskararen biziberritze prozesuan berrikuntza eta esperimentazioaren aldagaiak txertatzea» izango du xede eta, aldi berean, «gizarte berrikuntza prozesuetan hizkuntzaren aldagaia kokatzea». Modu honetan, «euskararentzat aukera berriak identifikatu eta horietan eragiten» saiatuko da, prototipo berriak proposatuz eta hizkuntza teknologiarekin esperimentatuz.

Helburu horietatik abiatuz, badalabek hiru emaitza nagusi lortu nahiko lituzke bere jardunarekin. «Lehenik, euskara indartuko duen ekosistema eraberritu eta aberatsagoa lortzea, eragile berri eta anitzen partaidetzarekin, euskal hizkuntza etengabe sortzen diren testuinguru berrietan egon dadin eta eremu horietan bere erabilera areagotu dadin. Bigarrenik, prototipo eta gizarte proposamen ausartak gauzatu nahi ditu, bide berriak irekiko dituzten proiektu eta ekimen berritzaileak euskaraz abiarazi daitezen. Hirugarrenik, narratiba berriak eta euskarazko bizipen zirraragarriak sorraraztea, formatu eta testuinguru anitz eta digitaletan, euskaraz momentu berriak eta gogoangarriak gehiagotan bizitzeko aukerak sortuz, aisialdian, kulturan, lanean, sorkuntzan, eta abar».

Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok nabarmendu duenez, «sakoneko eraldatzeak» gertatzen ari dira gaur egun mundu osoan. «Paradigma berri horiek modu nabarmenean eragiten diete hizkuntza gutxituei eta euskara ez da salbuespena. Galdera ikur eta desafioen aurrean, hil ala bizikoa da jomuga berriak eta egitasmo berritzaileak urratzea. Esperimentaziorako baliabideak eta testuinguruak sortu behar ditugu, elkarlanean sortu ere, horrela bakarrik lortuko dugulako erronka horiei modu arrakastatsuan erantzun eta euskararen etorkizuna bermatzea. Garai berriek tresna, proiektu, baliabide berriak eskatzen dituzte eta ahalegin horretan akuilu lana egitera dator Badalab», laburbildu du.