Kongresu espainolak onartu du maskara aire librean aukerakoa izan dadila

Kongresu espainolak asteazken honetan onartu du kanpoan maskarak erabiltzeko betebeharra kentzeko dekretua, betiere segurtasun tartea mantendu ahal bada. EH Bilduk alde bozkatu du eta EAJ abstenitu egin da, kontuan hartuta maskara «etengabe» beharrezkoa izan dadila eskatu ziola Urkulluk Sanchezi.

Bilboko kaleetan zehar maskararekin, ez eramatea baimenduta egon arren. (Endika PORTILLO/FOKU)
Bilboko kaleetan zehar maskararekin, ez eramatea baimenduta egon arren. (Endika PORTILLO/FOKU)

Maskararen erabilerak aire librean aukerakoa izaten jarraituko du, baldin eta 1,5 metroko distantzia soziala mantendu ahal bada. Kongresu espainolak, PPren ezezkoarekin eta EAJ, Vox eta ERCren abstentzioarekin, Pedro Sanchezen Gobernuaren dekretua babestu du, baina ez kritikarik gabe, kutsatzeak areagotu egin direlako.

EAJk abstentzio «kritikoaren» alde egin du, eta autonomia erkidegoek neurriak hartzeko duten segurtasun juridikorik ezaren aurka ere egin du, Iñigo Urkulluk azken egunetan esandakoaren ildotik. EAEko lehendakariak maskara «etengabe» beharrezkoa izan dadila eskatu zion Sanchezi, gutun baten bidez.

Urkulluren eskaerek talka egiten dute Maria Chivite Nafarroako lehendakariaren hitzekin; izan ere, ez du maskara kanpoko espazioetan derrigorrezkoa izatea proposatzen.

Ildo horretan, Josune Gorospe EAJren bozeramaileak esan du ezin duela dekretua babestu, maskararen erabilera murriztea «ezin delako justifikatu» gaurko datuekin: «Bizkortasuna behar da hartutako erabakiak aldatzeko eta une honetan garrantzitsuena denari erantzuteko».

EH Bilduko bozeramailea den Mertxe Aizpuruak kritikatu egin du araua «arbitrarioegia» izatea eta jendea aire zabalean ez egotera bultzatu dezakeela gaineratu du. Hala ere, «lur mugikorretan mugitzen garela jakinda» koalizioak araua babestea erabaiki du.

ERCk abstenitzea erabaki du, nahiz eta Kataluniak maskararen erabilera aire zabalean lasaitzeko apustua egin duen, Frances Xavier Eritjak onartu duenez; baina egoera «erabat aldatu da hilabete batean».

PPk, UPNrekin eta Foro Asturiasekin batera ezezko botoa eman duen bakarrak, kritikatu egin du erabakia Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak (ECDC) Europar Batasuneko herrialdeei segurtasun distantzia eta maskaren erabilera bezalako babes neurriak ez lasaitzeko eskatzen dienean hartu izana, batez ere gazteen artean.

Arauak kasu zehatzetan planteatzen du malgutasuna

«Errege dekretu honek kasu zehatzetan bakarrik planteatzen du malgutasuna; arau orokorra da maskarek derrigorrezkoak izaten jarraitzen dutela», azpimarratu du Carolina Darias Osasun ministro espainolak, Kongresuan testua defendatu duen bitartean.

Maskarak izan dira kutsadurari aurre egiteko baliabiderik onenetako bat, baina txertaketa estaldura handia ari da lortzen eta Estatuko populazioaren %51k baino gehiagok bi dosiak ditu, eta horri esker, zenbait esparrutan lasaitzeko aukera dago, azaldu duenez.

Gobernu espainolak ekainaren 24an kanpoan maskararen erabilera lasaitzeari argi berdea eman zionean, 100.000 biztanleko 95 kasu baino ez ziren izan Estatu espainolean, eta hilabete geroago, 622.

Hala ere, txertoek bitan banatu dute kurba, 40 urtetik gorakoena, egonkor mantentzen dena eta jaisten ari dena, eta adingabeena, bilakaera «erabat ezberdina» jarraitzen duena, Dariasek azaldu duenez.

Asteazken honetan baliozkotutako Errege Dekretuaren arabera, ezgaitasunen bat duten pertsonen egoitzetako edo zentroetako erabiltzaileek ere ez dute eraman behar; izan ere, %80 erabat txertatuta daude. Langile eta bisitarien artean beharrezkoa izanen da.