«Stoichkov»ek Eibarren jokatuko du eta Jorge Martinez-Losak Calahorran

Aurrelari andaluziarrak kamiseta gorri-urdina jantziko du 2024rarte. Errioxarra, berriz, Calahorrara itzuliko da Realak utzita.

Stoichkov 2018an heldu zen Mallorcara baina azken bi denboraldiak utzita eman ditu Alcorcónen eta Sabadellen. (RCD Mallorca)
Stoichkov 2018an heldu zen Mallorcara baina azken bi denboraldiak utzita eman ditu Alcorcónen eta Sabadellen. (RCD Mallorca)

Eibarrek Juan Diego Molina «Stoichkov» fitxatu du. Aurrelaria akordio batera iritsi da Mallocarekin bere kontratua deuseztatzeko eta talde armaginarekin sinatu du berria, hurrengo hiru denboraldietarako.

Stoichkov San Roquen jaio zen orain dela 27 urte. Cacereño, Europa eta Balompedica Linenserekin eman zituen lehen urratsak 2018an Mallorcara heldu aurretik. Igoera lortu zuen Balearretako taldearekin baina ezin izan zuen Lehen mailan debutatu, Alcorconera utzita joan baitzen. Gauza bera gertatu zaio aurreko denboraldian. Sabadellen eman du, berriro ere utzita. Zenbaki ezinhobeak lortu ditu bertan, 11 gol sartu baititu 37 partidatan baina oraingoan ere ez dio balio izan Lehen mailako Mallorcan lekua lortzeko. Bere golak eta Bigarren mailaren ezagutza Eibarri eskainiko dizkio hemendik aurrera.

Armaginek uda honetan egin duten bederatzigarren fitxaketa da Stoichkovena. Aurretik, Jose Corpas, Oscar Sielva, Cristian Glauder, Javi Muñoz, Venancio, Fran Sol, Franchu eta Xabi Etxeita heldu dira Ipuruara. Gaizka Garitanok, hala ere, 19 jokalari besterik ez ditu eta hutsune garrantzitsuak betetzear daude oraindik. Atea, batez ere, Yoel baita atezain bakarra. Ezker hegalean ere, momentuz ez dago lehiarik Cristian Glauderrentzat, eta hegaleko erasotzaileak faltan dira ere. Stoichkoven etorrerarekin hiru dira dagoeneko aurrelariak baina armaginek laugarren bat fitxatzea nahiago lukete.

Martinez-Losa Calahorrara

Eibarrek jokalari berriari ongietorria eman badio, agurra hartu du Sanseko batek. «Gero arte», hobe esanda, Jorge Martinez-Losa utzita irtengo baita berriro.

Iaz bezela, Calahorran egongo da Arnedoko jokalariaren lekua. Xabi Alonsok taldean aurrelari asko dituela, klubak eta futbolari errioxarrak ontzat eman dute aurten 1. RFEFen jokatuko duen Calahorrak eskaintzen dion aukera.