Sute arrisku handiaz eta tenperatura altuez ohartarazi dute ostegun honetarako

Lakuako Gobernuak ohartarazi du ostegun honetan Araban baso-suteak izateko arriskuaz; izan ere, termometroak 37 gradura iritsiko direla iragarri dute. Gainera, Estatuko Meteorologia Agentziak alerta laranja ezarri du Nafarroan, 40 gradura iritsiko diren tenperatura beroak direla eta.

Bardeetan sutea piztu zen astearte iluntzean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Bardeetan sutea piztu zen astearte iluntzean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak ohartarazi duenez, bihar, osteguna, baso-suteak izateko arrisku handia egongo da Araban, 37 gradu inguruko tenperaturak iragarri dituztelako hainbat tokitan, iragarpenen arabera.

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du horregatik; izan ere, 15:00ak eta 20:00ak bitartean 36 gradurainoko tenperaturak izango baitira trantsizio-eremuan, batez ere Arabako erdialdean eta iparraldean, eta 37 gradurainokoak hegoaldean, Ebro ibaiaren ibarrean.

Horrez gain, beste abisu hori bat jarriko dute martxan, tenperatura, airearen hezetasun erlatibo txikia eta hegoaldeko haizea direla eta.

Kostaldean, Euskalmeten arabera, 30 graduak nekez gaindituko dira, haizeteari esker. Ostiralerako, tenperaturak behera egingo duela iragarri du Euskal Meteorologia Agentziak, eta larunbatean are gehiago jaitsiko da.

Nafarroa, alerta laranjan

Estatuko Meteorologia Agentziak tenperatura maximoen igoera iragarri du asteazken honetarako Nafarroan, eta ostegunerako alerta laranja ezarri du; izan ere, termometroak 39 graduetara iritsi daitezke erdialdean eta 40 gradu Ebro ibaiaren ertzean.

Asteazken honetan, tenperaturak 17 gradu eta 37 gradu artekoak dira Iruñean eta Lizarran, 16-35 artekoak Erronkarin, eta 22-38 gradu artekoak Tuteran.

Buletinaren arabera, zerua oskarbi egongo da arratsaldera arte, erdialdean eta hegoaldean bero-hodeiak espero baitira, eta haizeak norabide aldakorra izango du: goizean hegoekialdera jo du eta iparraldera arratsaldean.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) gogorarazi du tenperatura hauekin ur gehiago edan behar dela, eta ahalegin fisiko handiegirik ez egitea gomendatu du, batez ere bero handieneko orduetan (12:00etatik 17:00etara bitartean), eta baita eguzkitan ez egotea ere, bereziki 65 urtetik gorako pertsonak, 4 urtetik beherako haurrak, haurdun dauden emakumeak, langileak eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak.