NAIZ

Florian Lejeune Alavesera itzuli da, oraingoan hiru urteko kontratua sinatuta

Alavesek Florian Lejeune atzelaria fitxatu du datozen hiru denboraldietarako. Apustu argia egin du klub babazorroak iaz sentsazio onak eskaini zituen jokalari batengatik. Newcastle talde ingelesarekin kontratua bukatzen zuen 2022an eta aukera probestu du Alavesek defentsa erabat sendotzeko.

Lejeune, Celtaren aurkako partidan; neurketa honetan sartu zuen bere gol bakarra. (Jaizko FONTANEDA / FOKU)
Lejeune, Celtaren aurkako partidan; neurketa honetan sartu zuen bere gol bakarra. (Jaizko FONTANEDA / FOKU)

Florian Lejeune atzelaria Gasteizera itzuli da. Futbolari frantsesa Newcastle talde ingelesetik utzita aritu zen pasa den denboraldian eta behin ikasturtea bukatuta, agur esan zion Alavesi. Nolanahi ere, klubaren nahia hurrengo denboraldian ere Lejeune taldean izatea zen eta hala baieztatu du itzulera honekin. 

Hiru urterako kontratua sinatu du atzelari frantsesak eta Alavesen atzealdea sendotzeko ezinbesteko pieza eskura izango du Javi Calleja entrenatzaileak. Iaz, Laguardiarekin batera defentsa sendoa osatu zuen eta hirugarren jokalari erabiliena bilakatu zen guztira 3.016 minutu jokatuz. Gol bakarra egin zuen. 

Newcastle taldearekin zeukan kontratua 2022an bukatzen zuen Lejeunek eta aukera hori probestu du Alavesek fitxatu ahal izateko. 

Iazko udaran, Pablo Machin Alaveseko entrenatzaile zela, honek propio eskatutako jokalaria izan zen Lejeune, izan ere Gironan elkar kointziditu zuten. Gironatik Eibarrera joan zen atzelaria eta beraz, Lehen Maila ondo ezagutzen zuela-eta, errefortzu ona izan zen. 

Gainera, Lejeune iritsi eta gutxira, Rodrigo Ely erdiko atzelariak min hartu zuen eta ordutik, pieza garrantzitsu bilakatu zen Alavesen.