Idoia Eraso

Nekazal lursail bat defendatzeko Arbonako okupazioak hilabete egingo du ostiralean

ELBk eta Lurzaindia elkartea Arbonan laborantza eremu bat defendatzeko egiten ari diren okupazioak hilabete eginen du uztailaren 23an. Horren markatzeko astebeteko programazioa osatu dute. Hautetsiekin lan bilkura egin dute ostegun honetan horrelako egoeren inguruko legedia osatzeko xedearekin.

Arbonako lur eremuan dagoen etxeetako bat okupatu zuten 150 ekintzailek. (PATXI BELTZAIZ)
Arbonako lur eremuan dagoen etxeetako bat okupatu zuten 150 ekintzailek. (PATXI BELTZAIZ)

Ekainaren 23an ELB laborantza sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak Arbonan dagoen lursail bat okupatu zuten, nekazaritzararako erabilia izan dadin. Ostiralean ekintza abiatu zenetik hilabete egingo duela eta ekimenak eginen dituzte astebetez. Ostegun honetan, bilkura egin dute hainbat ekintzailek hainbat eragile publiko eta hautetsirekin.

Salmenta prozesuan dagoen eremu hori laborariak ez diren pertsonen esku geldi ez dadin abiatu zen okupazioa. Ekintza abiatu zenetik salerosleen erantzunik ez dutenez jaso, sostengu sarea osatzen joan dira ekintzaileak; 27.500 sinadura bildu ditu sarean dagoen eskaerak eta Ipar Euskal Herriko 80 bat auzapezen sostengua jaso dute, baita hainbat elkarte eta kolektiborena ere.

Uztailaren 2an eskualdeko senatari eta diputatuek hartu zuten engaiamenduari jarraipena emateko, ostegun goiz honetan, eragile horiek, Lurzaindia, SAFER eta Bertako Lurreko Erakunde Publiko (EPFL frantsesez) ordezkariak, Goi Pirinioetako Jean-Bernard Sempastous diputatuarekin elkartu dira. Bilkuraren xedea da lege bat ezartzea, laborantza lurrak laborari ez direnen esku geldi ez daitezen.

Diputatua maiatzean gaiaren inguruan Parlamentuan bozkatu zen testu baten sortzailea da, bertan aipatzen da sozietateen bidez nekazal lurren merkatua arautzeko premiazko neurriak hartzea.

Gizartearen engaiamendua ere eskatu dute: «Erresistentziak segitzen du okupazio ekintza honen bidez, eta ELBk eta Lurzaindiak laguntzeko prest diren guztiei dei egiten diete, laborari izan edo ez».

Okupazioa gogortu

Joan den astean, uztailaren 16an, lehentasunezko erosketa eskubide eskaera ofiziala egin zuten SAFER egituraren bitartez. Egunean berean ekintza gogortu egin zuten, eta pentzeen okupaziotik eremuaren parte diren hiru etxeetatik nagusia ere okupatzera pasa ziren bertaratu ziren 150 militanteak.

Okupazioak iraun duen denboran beste ekintza batzuk ere egin dituzte, esaterako uztailaren 12an 125 traktore hurbildu ziren Arbonara Ipar Euskal Herri osotik.

Programazioa

Okupazioaren gunean programazio oso bat antolatu dute. Uztailaren 22 honetan Zapatisten lagunak elkarteak aurkezpena eta solasaldia eginen du 19:00etan.

Biharamunean PAC Europako nekazaritza politikari buruzko mintzaldia izango da, Bizi mugimenduak antolatzen duen Klima Egonaldiaren baitan; bertan Aurelie Trouve eta Mikel Hiribarren ariko dira. Larunbatean, 20:00etatik goiti zikiroa eta girotzeko musika izanen dira.

Hurrengo astean, uztailaren 28an haurren arratsaldea izanen da, 16:00etatik aurrera haur jokoak, 19:30ean taloak eta 20:00etan zine gaua. Biharamunean, ostegunarekin, Lur Borrokak Euskal Herrian izanen da mintzagai, 20:00etan.