Idoia Eraso

Okupazioa gogortu dute Arbonako nekazal lursaila defendatzeko eta eremuko etxean sartu dira

Arbonan salduko den lursail baten parte bat laborantzarako atxiki dadin, ekainaren 23an ELBk eta Luzaindiak eremua okupatu zuten; horrek eraginik ez duela eta ostegun arrats honetan eremuko etxean sartu dira. Egunean zehar saltzailearen arkitekoaren eta notarioaren bulegoak ere okupatu dituzte.

Arbonako nekazal eremuko etxea okupatu dute ekintzaileek. (NAIZ)
Arbonako nekazal eremuko etxea okupatu dute ekintzaileek. (NAIZ)

Arbonan dagoen 15 hektareako lursail baten 12 hektarea nekazaritzarako atxikiak izan daitezen ELBk eta Lurzaindiak ekainaren 23an abiatu zuten okupazioak eraginik ez zuela ikusirik, ostegun honetan eremuan dagoen etxean sartu dira ekintzaileak. Saltzailearen arkitekoa den Pierre Jean Harte Lasserreren Biarritzeko bulegoa ere okupatu dute 10 bat militantek, eta arratsaldean Baionara joan dira notarioaren egoitzara.

Hiru astez okupazioa pentzean egin eta gero, horrek eraginik ez zuela ikusirik laborarien defentsarako bi eragileek ekintza urrats batez indartu dute. 150 militanteren laguntzarekin, okupazio akanpalekua tokiz aldatu dute, eta lanetan dagoen etxe barrura sartu dira.

Okupazioa indartu denez, saltzailearen erantzuna horren arabera ere gogortuko dela uste dute ekintzaileek, hori dela eta jendea mobilizatzera deitu du Lurzaindiako Maryse Cachenautek: «Denen beharra badugu, jendea antolatu eta sostengatzera etortzea deitzen dugu».

Heldu den egunetarako jendeak izena eman duela azaldu du Mizel Etxeberri ELB nekazal sindikatuko kideak. Denen beharra ere badela nabarmendu du, hemendik goiti nola pasako den ez dakitelako. «Oraingoz hemen segituko dugu, baina ez dakigu gero nola pasako den», gaineratu du.

Etxeberrik gauzak ez zirelako nahi zuten bezala aurreratzen sartu direla azaldu dio NAIZi, eta salerosleen «mespretxuari» erantzuna dela.

Laborantza eremua 3,15 milioitan

15 hektarea inguru egiten duen eremua 3.150.000 euroan saltzea aurrikusten du Yves Borotra saltzaileak; Lurzaindiak eta ELBk prezio «espekulatiboa» dela salatu dute behin eta berriz.

Eremuaren 3 hektarea ingurutan etxea eta landa batzuk badira. Bidearen bestaldean beste 11,2 hektarea inguru badira, eta nekazal lurrak direnez, horretarako izendatuak diren lurren prezioan saltzeko eskatzen dute ekintzaileek.

Bide horretan, Safer irabazi-asmorik gabeko sozietateak lursail horrentzat laborantzarako baliatu dadin lehentasunezko erosketa eskubiderako eskaera ofiziala egin du ostegun arratsalde honetan. Eskaera horri erantzuteko bi hilabeteko epea du orain saltzaileak.

Cachenautek proposamen honekin jada kontzesioak egin dituztela nabarmendu du, eremu guztia laborantzarako izendatua bada ere, etxea eta bere ingurua eskaeran ez ezartzea deliberatu dutelako.

Hala ere, saltzailearen eta eroslearen bitartekariekin izandako elkarrizketengandik, itxaropen handirik ez dutela ere gaineratu du. Horrela izanik ere, xedea lortu arte ekintzarekin jarraituko dutela azpimarratu du.

Baionan eta Biarritzen ere okupazioak

Ostegun goiz honetan, ‘Espekulazioa aski’ idatzia duen pankarta ezarri dute saltzailearen arkitekotaren egoitzaren aitzinean. Borotraren bitartekariak agente judizial bat etorrarazi du egoera egoera legalki frogatzeko, eta Poliziari deitu dio.

Pierre Jean Harte Lasserrek egoera horri buruz hitz egiteko bitartekari egokia ez zela erran ondoren, Baionan dagoen saltzailearen notarioaren bulegora joan dira berarekin mintzatzeko. Poliziari deitu dion susmoarekin, berarekin hitz egin eta Arbonarako bidea hartu dute militanteek.

Saltzailearen ordezkariekin hitz egitera joan dira Lurzaindia eta ELBko kideek, bazperan eroslearen abokatuarekin mintzatu eta gero. Abokatuak eskatuta egoeraren berri eman zioten, baita beraien aldarrikapenak zeintzuk diren.

Egoera zabaldua

Eragile ekintzaileek laborantzarentzat beharko luketen lurrak horretarako baliatuko ez dituzten erosle aberatsek eskuratzen dituztela salatzeko okupatu dute Arbonan egoera horretan dagoen lursaila.

Prezioa espekulatiboa dela salatu dute, eta eroslea Euskal Herrian bizi ez den eta erretretan dagoen «Diane de l’Espeek ez du legitimitaterik tratu hau bururatzeko», salatu dute nekazaritzaren aldeko bi eragileek.

Okupazioan zehar

Hiru asteetan zehar ekintza ezberdinak izan dira Arbonako eremuaren inguruan. Uztailaren 9an, baratze bat egin zuten eremuaren parte batean, eta uztailaren 11n, besta giroan, gazta egiteko erakusketa bat eta kantaldiak izan ziren.

Hilaren 12an Ipar Euskal Herriko 125 bat traktore Arbonaraino hurbildu ziren eta ekintzaren fase berri bat abiatu zuten; laborantza munduak aldarrikapen honi ematen dion sostenguaren eta protesta anitzaren adierazgarria izan zen.

Etxearen okupazioa egin eta gero, bertaratu diren 150 pertsonek ekintza trukaketarako gune bilakatu dute; talo, sagardo eta garagardo artean mintzatu dira militanteak.

Larunbatean 18:00etan bertso saioa izanen da Maindi Murua, Ortzi Idoate eta Aitor Servierekin, eta ondoren aperitifa kolektiboa.

Hautetsien sostegua ere jaso dute tarte horretan, hautetsiekin biltzearen garrantzia azpimarratu dute auzia mahai gainean jartzeko «denak batera joatea beharrezkoa» dela nabarmenduz.