NAIZ

Etchegarayk Arbonako lursailaren gatazkan bitartekari izateko eskaini du bere burua

Laborarientzat beharko luketen lurrak erosle aberatsen eskuetan erortzen direla salatzeko, Arbonako lur eremu bat okupatu zuten herenegun Lurzaindia elkarteak eta ELB sindikatuak. Laborarien bildu ondoren, Euskal Hirigune Ekargoko presidenteak bitartekari lanak egiteko eskaini du bere burua.

Euskal Hirugune Elkargoko burua, Jean-Rene Etchegaray, gaur arratsaldean Arbonan eginiko agerraldian.(Mediabask.eus)
Euskal Hirugune Elkargoko burua, Jean-Rene Etchegaray, gaur arratsaldean Arbonan eginiko agerraldian.(Mediabask.eus)

Joan den asteazkenean Lurzaindia elkarteak eta ELB sindikatuko kideek Arbonako lursail bat okupatu zuten.

Laborantzarako egokia den 15 hektareako lursaila hiru milioi euroan saldua izan dela eta eroslea nekazaria ez dela ohartarazi nahi izan zuten okupazioaren bidez.

«Laborariek laborantza lurrak prezio xuxen batean erosteko zailtasunak dituzten garai honetan, prezio ikaragarrietan egiten diren salmentek ez gaituzte axolagabe utzi behar», adierazi zuten ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak, elkarrekin argitaratu zuten prentsa ohar baten bitartez.

Horien esanetan, okupatu dituzten lurretan ez da elikadura ekoizteko proiekturik, zeren «erosle gaia erretretadun aberats bat da eta berriki kostaldean jabegoan zituen 30 hektarea eta etxe bat 12 milioi euroan saldu ditu». Ondorioz, «laborari ez diren batzuengandik lurren ebastea eta lur horien laborantza bokazioa galaraztea» gaitzetsi zuten.

Ostiral eguerdi honetan «piknik aldarrikatzailean» parte har dezaten deialdi berezia egin diete herritarrei.

Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Jean-Rene Etchegaray, Arbonara hurbildu da eta ELB eta Lurzaindiako ordezkariekin bilera egin du. Horren ostean agerraldia izan da. «Erresistentzian sartu gira», adierazi du Etchegarayk laborantzarako lurrak zaintzeko premiarekin bat eginez. Era berean bitartekaritza bat eskaini du saltzaile eta eroslearen artean afera bideratzeko xede.

Aitzitik, neurriak har daitezen, Pirinio Atlantikoetako departamenduko hauteskundeetan aurkeztu diren hainbat hautagairekin harremanetan jarri dira laborariak.

Gaurko agerraldian Etchegaray eta okupazioaren antolatzaileen ondoan Isabelle Pargade Hazparneko auzapez zentrista eta Baigura Mondarrain kantonamenduko hautagaia izan da. EAJ-PNBk agerraldia deitua bazuen ere, finean oharra kaleratu du. Bere esanetan jasanezina da egoera, «jabe dirudunen interes pribatuari emaiten zaiolako lehentasuna gure lurraldearen interes orokorrari baino».

Alderdi jeltzalearen ustez «funtsaren zaintzeko tresnak sortu behar dira gaur hiriak eta baserriak ez desitxuratzeko».

Haien aldetik laborariek ohartarazi dutenez, «Iparraldea elikadura autonomiatik urrun da eta laborantza lurren babesa lehentasunetan ezarri behar da».

Gaiaren garrantziaz herritarrak eta ordezkari politikoak ohartarazteko ELB eta Lurzaindiak okupazioa hau egitez gain tartean ekintza puntualak ere egingo dituzte Arbonakoa ez dela salbuespena oroitarazteko.

2000 eta 2015. urteen artean laborantzako 7.200 hektarea lur galdu ziren Pirinio Atlantikoetako Departamenduan eta lur horietako asko Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin zeuden. Zehatzago, Safer egituraren arabera, 2.450 hektarea lur galdu ditu Ipar Euskal Herriak 2015 eta 2018. urteen artean.