NAIZ

EAEko jarduera fisikoaren eta kirolaren Lege Proiektua onartu du Lakuak

Lakuako Gobernuak onartutako EAEko jarduera fisikoaren eta kirolaren Lege-proiektuak kirol inklusiboago bat bultzatzeko premia jasotzen du, non herritar guztiek, 0 urtetik hasita, lekua izan dezaten eta ohitura hauek transmititu daitezen: errespetua, tolerantzia eta joko garbia.

Bi txirrindulari eta korrikalari bat Gasteizen. (Raul BOGAJO/FOKU)
Bi txirrindulari eta korrikalari bat Gasteizen. (Raul BOGAJO/FOKU)

Lakuako Gobernuak ‘Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolaren Lege Proiektua’ onetsi du astearte honetan, EAEn jarduera fisikoa eta kirola «sustatzeko eta arautzeko aukera» emango duena. 15 titulu, 16 xedapen gehigarri, 4 xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile 1 eta 3 azken xedapen biltzen ditu lege berriak, eta Gobernuak onetsi ondoren, Legebiltzarrari igorriko zaio eztabaidatu eta onetsi dezaten.

Exekutiboak azaldu duenez, lege berri honek esparru juridiko berri bat emango die jarduera fisikoari eta kirolari, Kirolaren 14/1998 Legea, ekainaren 11koa, bi hamarkadatik gora indarrean egon ondoren. Hala, arau berri honek «islatu egingo ditu urte hauetan guztietan jarduera fisikoak eta kirolak izan dituzten aldaketak, eta haien oraingo erronkei eta premiei erantzun die».

Lege berri honetan protagonismo berezia hartzen dute honako hauek: jarduera fisikoa eta kirola sustatzea; kirol inklusiboago bat lortzeko helburua; gobernantza onaren ereduak barneratzea; desberdintasunak errotik erauztea; emakumezko kirola sustatzea; kirol-erakundeetan organo paritarioak edukitzeko betebeharra; obesitatearen eta sedentarismoaren aurkako borrokan eta bizi-ohitura osasungarriak sortzeko zereginean administrazio publikoek betetzen duten rola argitzea, eta kirol federatuaren egiturei dimentsio berri bat ematea eta haiek arrazionalizatzea.

Lege berriaren arabera, jarduera fisikotzat hartuko da «gorputz-mugimendu oro, muskulu eskeletikoek eragindakoa, eta energia-gastua eskatzen duena» eta kiroltzat hartzen da «era guztietako jarduera fisikoak, partaidetzaren bidez —antolatua edo beste modu batekoa— helburu duena egoera fisikoa eta psikikoa adieraztea edo hobetzea, harreman sozialak garatzea, edo maila guztietako lehiaketetan emaitzak lortzea».

EAEko Kirol zerbitzu publikoetan sartzeko txartel bakarra

Legearen baita, Jarduera Fisikoaren Euskal Agentzia sortuko da, kirol-arloan eskumena duen Herri Administrazioko sailari atxikita, eta haren helburua, besteak beste, jarduera fisikoa sustatzeko politikak planifikatzea eta koordinatzea izango dela zehaztu du Lakuak. Gainera, bere erronken artean, EAEko kirol zerbitzu publikoetan sartzeko kirol txartel bakarra bultzatzea egongo da.

Federazioak

Legeak federazioen hauteskunde-sistema sinplifikatuko du, eta euskal federazioen zein lurralde-federazioen hauteskunde-prozesuak independenteak izango dira (orain arte euskal federazioen hauteskunde-prozesuak lurralde-federazioen aurreko hauteskunde-prozesuetan oinarritzen ziren) eta batzar orokorrak kirol-erakundeen ordezkariek soilik osatuko dituzte (orain arte euskal federazioen batzar orokorrak lurralde-federazioen batzar orokorretatik abiatuta eratzen ziren). Horrela, lege berriarekin, klubak eta kirol-elkarteak kirol federatuaren erabakigune bihurtuko dira.

Lege berria indarrean sartzen denean, kirol-federazioei ere aitortuko zaie beren lehiaketen ustiapen ekonomikorako eskubideen titulartasuna.

Kirola ikuspegi sozialetik

Lakuak ziurtatu duenez, lege berriak desgaitasuna edo dibertsitate funtzionala duten pertsonen erabateko inklusioa lortu nahi du, eta kirol inklusiboa lortzeko eta jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruan kolektibo horren oinarrizko eskubideen errespetua bermatzeko oztopoak ezabatzen saiatzen da. 

Eskola-adineko jarduera fisikoak eta kirolak ere berritasun nabarmena dute etorkizuneko legean. Gaur egun, kirol-segmentu hori 6-16 urte bitarteko adingabeek osatzen dute, hau da, derrigorrezko eskolatze-aldian dauden adingabeek. Lege berriak 0-6 urte bitarteko adin-tartea ere jasoko du.

Gainera, testu berriak arreta berezia jartzen du adingabeen hezkuntza-alderdietan, eta bereziki aipatzen du kirolaren arloko indarkeriaren, arrazismoaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako borroka.

Legeak arau-hauste berrien tipifikazioa —oso larriak, larriak edo arinak— jasotzen du. Kirolaren arloan indarkeriarekin eta intolerantziarekin lotutako arau-hausteak jasotzen ditu, besteak beste, arrazismoa, xenofobia, sexu-orientazioagatiko, genero-identitateagatiko edo arrazoi erlijiosoengatiko diskriminazioa. Arau-hauste horiek zehapenak ekar ditzakete, besteren artean, lizentzia behin betiko etetea, 6.000 eta 60.000 euro bitarteko isunak, kirol-esparruak ixtea edo desgaitzea.