NAIZ

Baionako ostalariek azkenaldian izan diren erasoen aurrean neurriak eskatu dituzte

Kasu Kasu Ostalariak Kexu kolektiboak deituta 250 lagunek elkarretaratzea egin zuten. Ostalariek azkenaldian jasan dituzten eraso fisikoak eta ahozkoak salatu eta herritarren segurtasuna bermatzeko neurriak eskatu zituzten.

Baionako Roland Barthes zelaian 250 lagunek egin zuten elkarretaratzean hitza hartu zuten ostalarien ordezkariek. (Bob EDME)
Baionako Roland Barthes zelaian 250 lagunek egin zuten elkarretaratzean hitza hartu zuten ostalarien ordezkariek. (Bob EDME)

Kasu Kasu Ostalariak Kexu kolektiboak deituta, Baionan, eta bereziki Baiona Ttiipian, azkenaldian izan diren erasoak salatu eta botere publikoei segurtasuna bermatzeko neurriak har ditzatela eskatzeko elkarretaratzea egin zuten 250 lagunek Roland Bartheseko zelaian asteazkenean.

Ostalariek haien aldarrikapenak ezagutzera emateko hautatu zuten eguna eta lekua esanguratsuak dira. Osasun neurriak indarrean ez balira Baionako besten hasiera beharko lukeen egunean egin zuten elkarretaratzea Roland Barthes zelaian, hain zuzen ere gazte mordoa edateko biltzen den eta azkenaldian arazo ugari izan den eremuan.

«Ez hain aspaldi lasaiki eta goxoki bizi ginen», adierazi zuen Kasu Kasu Ostalariak Kexu kolektiboko ordezkariak. Azkenaldian, ordea, egoera asko okertu dela salatu du kolektiboak; «Baionan arriskua sentitzen da», dio ostalariek argitaratu duten idatziak.

Arazoa iraunkorra bilakatu dela nabarmendu dute: «Egunak joan eta egunak etorri, pairatzen den soka luze bat badu: drogak, ebasketak, xantaia bidezko lapurretak, eraso sexistak, kalapitak, joka partidak, zalaparta gauez eta beste».

Baionako ostalariek ohiko giroa oso bestelakoa dela oroitarazi zuten, «gure lurraldea herrikoia dugu, laketa eta goxoa». Horregatik etorkizunean egoerak okerrera egin ez dezan arazoari aurre egiteko momentua dela iritzi diote. «Orain oldartzen ez bagara, geroan zer?», galdetzen dute.

Urgentzia

Ostalariek gogora ekarri zuten pasa den uztailaren 22an Baionako ostalari batek bere ostatuko terrazan jasan zuen erasoa, non kolpeen ondorioz zauritua izan zen. Halako eraso fisikoak zein ahozkoak ugaldu egin direla ohartarazi zuten ostalariek eta agintariei «beharrezko neurriak urgentziaz» har ditzatela eskatu zieten, «herritar bakoitzaren segurtasuna bermatzeko».

Ostalarien kolektiboaren esanetan, «botere publikoei galdegina da larrialdi neurriak plantan emaitea, denen lasaitasuna eta segurtasuna lortzeko, fermuki, orain eta luzerako».