NAIZ

Kultur ondare inmateriala babesteko laguntzak aurkeztu ditu Lakuak lehen aldiz

Lakuako Gobernuak kultur ondare inmateriala sustatzen duten proiektuak garatzeko laguntzen lehen deialdia egin berri du. Kulturaren ahozko tradizioak eta adierazpideak, toponimia, bertsolaritza, dantza, emanaldi tradizionalak edota usadio sozialen inguruko egitasmoak dira lagundu nahi dituenak.

Irudian, erromeria Errenterian. (Gotzon ARANBURU/FOKU)
Irudian, erromeria Errenterian. (Gotzon ARANBURU/FOKU)

Gobernu Kontseiluak 200.000 euroko aurrekontu sail bat onartu du aste honetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan euskal kultur ondare immateriala balioesten eta zabaltzen lagunduko duten egitasmoak garatzeko. Proiektuetan, berez dagokion ondare materiala ere sartuko da. Lehen aldiz onetsi du deialdi hau Jaurlaritzak.

Lakuako Gobernuaren arabera, mendeak «erronka berriak» ekarri dizkio kostalde, bailara eta mendietan urteetan zehar jasotako ondare kultural inmaterialari. Gizartearen digitalizazioa ohiturak, erabilerak eta horien pertzepzioa errotik aldatzen ari dela aipatzen du Exekutiboak.

Horrez gain, globalizazioak bizitzarako eta sozializaziorako paradigma aldaketak ekarri dituela nabarmentzen du, interesgune eta lan jarduera berriak sortuz, «eta, gainera, inoiz ezagutu ez diren migrazio prozesuak eragin ditu».

Exekutiboaren ustez, horren ondorioz, «arbasoengandik jasotako ohiturak, jakintzak eta bizimoduak azkar ahaztu eta gal daitezke, eta horregatik egin du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak euskal kultur ondare immateriala babesteko dirulaguntza hauen deialdia».

Deialdian azalzten duenez, euskal kultur ondarea osatzen duen ondasun inmateriala gutxienez kategoria hauetan sailkatu ahal da: kulturaren ahozko tradizioak eta adierazpideak, hizkuntza barne, kultur ondare immaterialaren hedatzailea den aldetik, eta toponimia; bertsolaritza; musika; dantza; emanaldi tradizionalak eta oroitzapenezkoak; usadio sozialak; gastronomia; kirola; jai ekitaldiak; naturarekin eta unibertsoarekin lotutako ezagutzak eta usadioak; eskulangintzari eta industriari buruzko teknikak.

30.000 euro eta hilabeteko epea

Proiektu bakoitzak gehienez 30.000 euroko dirulaguntza jasoko du, eta eskabideak hilabeteko epean aurkeztu ahal izango dira, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Lagunduko diren jardueren inguruan, deialdiak zehazten du kontuan hartuko dituela «kultura adierazpen inmateriala ikerketa, dokumentazio, erregistro eta inbentraio proiektuak, baldin eta Ondare Zuzendaritzak lehenago egin ez baditu».

Ondasun inmaterialak kudeatzeko eta zaintzeko planak egiteko aurretiko azterlanak, eta interesa duten edozein ondasun ez materialen inguruko jarduera-proposamena egiteko, egoeraren analisia eta diagnostikoa sartzen dira deialdian.

Era berean, transmisioa sustatzen laguntzen duten proiektuak eta ezagutza zabaltzen eta hobetzen duten jarduerak aipatzen ditu, biltzarrak, erakusketak, topaketak, argitalpenak edota tailerrak bezalako jarduerak kontuan hartuta.