NAIZ

Urritxeko derbia, etxekoentzat

Amorebietak Eibar gainditu du (2-1) markagailuari buelta emanez. Venanciok 0-1ekoa sartu du eta, bigarren zatian, Mikel Álvarok eta Unzuetak egin dituzte urdinen golak.

Iker Seguín eta Corpas Urritxen jokatu den lagunartekoaren jokaldi batean. (Monika Del Valle/FOKU)
Iker Seguín eta Corpas Urritxen jokatu den lagunartekoaren jokaldi batean. (Monika Del Valle/FOKU)

Kostatu zitzaion Amorebietari udako lehen garaipena ospatzea baina dagoeneko bigarrena jarraian lortu du ere. Oraingo honetan datorren astean hasiko den denboraldian aurkari izango duen Eibarren kontra (2-1).

Markagailuen garrantzia oraindik mugatua bada ere, garaipenek beti ezkertzen dira eta are gehiago etapa historiko, eta konplikatu, baten lehen urratsak ari den talde batentzat. Batez ere mailaren aurkari indartsuenetarikoaren kontra lortzen bada eta, borobiltzeko, markagailua irauliz irabaziz gero. Hori da Amorebietak egin duena udako azkenaurreko lagunartekoan, bere jarraitzaileen aurrean jokatu duen azkena abuztuaren 29an Almeríaren bisita Lezaman hartu arte Ligako 3. jardunaldia jokatzeko.

Probak egiteko azkenaurreko aukera izan da Gaizka Garitanorentzat ere. Yoel; Cubero, Venancio, Burgos, Olabe; Corpas, Atienza, Javi Muñoz, Quique González; Aketxe; eta Blanco Leschuk aukeratu ditu Eibarko entrenatzaileak hasierako hamaikakoa osatzeko. Aurrean Saizar; Garro, Aimar, Markel Lozano, Óscar Gil, Seguín; Mikel Álvaro, San José, Etxaburu; Amorrortu eta Obi izan dituzte.

Armaginak partida menderatzen saiatu dira hasieratik eta 13.minutuan zelaitik markagailura pasa dute euren nagusitasuna. Saizarrek kornerrera bidali du Corpasen jaurtiketa eta Aketxek jokaldia aprobetxatu du baloia Venancioren buruan jartzeko, portugaldarren udako bigarren gola erreztuz. Nahiko parekatuta egon da neurketa hortik aurrera. Intentsitate handia eta aukera gutxi –Olaberen jaurtiketa gipuzkoarrentzat eta, dezente argiagoa, Amorrorturena talde urdinarentzat– egon dira atsedenaldira arte.

Bigarren zatiarekin lehen aldaketak etorri dira. Cantero, Sergio eta Stoichkov zelairatu dira, gero Glauderrek, Fran Solek, Franchuk, Tejerok, Expósitok eta Paulek egin duten bezela. Iñigo Vélezek gehiago luzatu du bere gizonen esfortzua. 69.minutuan sartu dira Unzueta, Olaetxea eta Ozkoidi eta azken minutuetan Luengo eta Guruzeta.

Partidaren hasierako istorioa errepikatzen saiatu da Eibar. Gertu izan du gola Blanco Leschuk baina bere errematea kanpora joan da gutxigatik. Amorebietak aurrera egin du, Canteroren atera gerturatzeko bidea aurkituz. Obik jaurtiketa on batekin abisatu du eta, lau minutu beranduago, 72.ean, Mikel Álvarok berdinketa lortu du erremate gurutzatu batekin baloia eskuadran jarriz.

Bigarren zatian zelairatu den Unzuetak sartu du bigarrena, oso jokaldi polita eginez gainera. Hegaletik sartu da areara eta baloia pikatu du baloia kontrako zutoinetik sartzeko. Egurra izan da, langa hain zuzen ere, Franchuren gola sahiestu duena azken minutuan.

Zoritxarrez, sustoa ere egon da partidaren azken txanpa horretan, Olaetxeak eta Cuberok talka egin baitute eta, buruan kolpea jasota, zelaia utzi behar izan dute.

Azken partidak

Asteburuan aurredenboraldiko azken norgehiagokak jokatuko dituzte 2. mailako euskal taldeek. Eibarrek Reala bisitatuko du ostiralean Zubietan (11.00) eta Amorebietak Valladoliden kontra jokatuko du Valladoliden (19.00). Sansek, bere aldetik, Mirandes hartuko du Zubietan larunbatean (19.00).