NAIZ

Shaunae Miller-Uiborentzat 400 metroetako urrea; Allyson Felixentzat hamargarren domina

Bahametako korrikalariak 48,36 segundotan eman dio Tokioko estadio olinpikoari buelta osoa, bere bizitzako lasterketa azkarrena eginez, zilarra lortu duen Marileidi Paulino dominikarrak baino 84 ehuneneko gutxiagorekin. Allyson Felixek Carl Lewis eta Merelene Ottey harrapatu ditu domina kopuruan.

Shaunae Miller-Uibo 400 metroen finaleko dominatzaile eta Allyson Felix, berriz ere podiumean. (Javier SORIANO / AFP PHOTO)
Shaunae Miller-Uibo 400 metroen finaleko dominatzaile eta Allyson Felix, berriz ere podiumean. (Javier SORIANO / AFP PHOTO)

Rio 2016ko Olinpiar Jokoetan Bahametako Shaunae Miller-Uibok 400 metroen finalean urrezko domina eskuratu bazuen, bost urte beranduago, berriz ere Karibe aldera eraman du urrea proba bereko finalean.

Baina duela bost urte ez bezala, Tokion hankapean erabili ditu aurkari guztiak. Rion helmugan bere burua lurrera bota behar izan zuen aurreneko postua bermatzeko; Japoniako hiriburuan, aldiz, 84 ehuneneko atera dizkio bigarren sailkatu den Marileidi Paulino dominikarrari. Izan ere, 48,36 segundoko markatzarra egin du Miller-Uibok, historiako seigarren markarik onena eta bere lasterketarik bizkorrena.

Irabazlearengandik segundo bat pasatxora helmugaratu bada ere, Allyson Felix estatubatuarrak ere merezi du aipamena, bere hamargarren domina olinpikoa eskuratu baitu –urrezko sei, zilarrezko hiru eta brontzezko hauxe–. Alegia, Carl Lewis eta Merlene Otteyk adina domina olinpiko irabazi dituela Allyson Felixek ostiral honetakoa erdietsi ondoren, eta hori 2018an ama izan ondoren sekulako arazoak gainditu behar izan ostean, babes ekonomikoa ematen zieten markek kontratua alde bakarreko erabakiz eten ostean.

Azken zuzengune bikaina

400 metroko proban azken zuzengunean huts egitea oso ohikoa izaten da. Aurreko 300 metroetan larregi sakatuz gero, azken metro horietan helmuga gero eta urrunago joaten dela dirudi, eta norbera katiatuta dagoen bitartean, ezker-eskuin aurrera egiten dute aurkariek.

Ez zaio horrelakorik gertatu Shaunae Miller-Uibo, ordea. 200 metroko finalean azken postuan amaitu eta hiru egunetara gorputzari buelta emanda azaldu da tartanaren gainera Bahametako korrikalaria. Zazpigarren kaletik abiatuta, oso lasterketa erregularra egin du eta 35 urteko Allyson Felixekin batera –zeina bederatzigarren kaletik abiatu den– aurreneko postuan ekin dio azken zuzenguneari.

Rio 2016an orpoz orpo eman zituzten hauek biek azken metroak eta Miller-Uibok jauzi egin behar izan zuen helmuga marran urrea eskuratuko bazuen. Tokion, aldiz, ez. Bere korrika pauso indartsua inposatu du eta aurkariak katiatuta bezala geratu dira Bahametako atletaren indarraren aurrean. Bere kirol bizitzako bigarren urrea ez ezik, bere ibilbideko markarik onena ere egin du eta garaipenaz gozatzeko nahi adina tarte izan du.

Beste kontu bat izan da zilarra eta brontzea lortzeko borroka. Atzetik aurrera egin du Marileidi Paulino dominikarrak. Oraintsu arte eskubaloian aritutakoa, Karibekoen indarra erakutsi du Paulinok ere, zilarrezko domina lortzeko Dominikar Errepublikako errekorra hautsi behar izan badu ere, 49,20 segundotan pistari itzuli osoa emanda.

Allyson Felixek, berriz, azkenera arte latz egin behar izan du borroka brontzezko domina bermatzeko, Jamaikako Stephenie Ann McPherson gainean izan baitu azkenera arte. Denboraldiko bere markarik onena, 49,46 segundo –jamaikarrak baino 15 ehuneneko gutxiago bakarrik– egin behar izan du AEB-tako korrikalariak bere hamargarren domina olinpikoa patrikaratzeko.