NAIZ

Urte eta erdi beranduago, Bera Beraren talde osoa jokatzeko moduan dago

Bera Berak Summer BAG torneoan parte hartuko du. Hirugarren edizioa ospatuko da, pasa den urtean pandemia zela-eta bertan behera geratu ostean. Valladolidek jasoko du uda garaiko txapelketa «esanguratsue» hau eta urte eta erdi beranduago, Imanol Alvarezek talde osoa dauka jokatzeko moduan. 

Adriana Cardoso, Olinpiar Jokoetan lehiatu ostean, aste honetan batu da taldera. (Gorka RUBIO / FOKU)
Adriana Cardoso, Olinpiar Jokoetan lehiatu ostean, aste honetan batu da taldera. (Gorka RUBIO / FOKU)

Urte eta erdi pasa da Bera Berak talde oso jokatzeko moduan izan zuen azken aldetik. Zenbait lesio pilatzen joan da eta puntu gorena iazko denboraldi hasieran pairatu zuen, Cesareo, O'Mullony eta Boadaren lesioekin eta ondoren, Sara Gil batu zen mediku zerrendara. 

Bada, abuztuaren 18a den honetan, Imanol Alvarezek azkenean esan dezake talde oso jokatzeko moduan daukala. Hala, indartsu iristen da ostiral honetan abiatuko den Summer BAG txapelketara, 2018an sortu zen torneo «esanguratsuenetariko» bat. 

Denboraldi-aurrea hasi zuenetik, jada bi neurketa jokatu ditu Bera Berak, biak ala biak Zuazoren aurka eta bietan izan da garaile. Lehenengo lagunartekoan, Barakaldon jokatutakoan, 26-38 gailendu zitzaion etxeko taldeari eta pasa den larunbatean Orion jokaturiko Euskal Kopako finalean, 32-26.

Asteburu horretan ez bezala, Summer BAG txapelketan Eli Cesareo eta Adriana Cardoso jokatzeko prest egongo dira, Olinpiar Jokoetan parte-hartu ondotik merezitako deskantsua hartu ostean. Era berean, klubak adierazi legez, Emma Boadak ere minutu batzuk izan ditzake. Katalana pasa den urteko denboraldi-aurrean larri lesionatu zen eta urtebete beranduago, lehen minutuak izan ditzake.

Ostiralean, Guardes arerio

Ostiral honetan abiatuko den txapelketako lehen aurkaria, Guardes izango da (18.30etan). Aldaketa batzuk izan ditu talde galiziarrak, esaterako, hiru jokalari brasildar fitxatu ditu: Pessoa eskuin albokoa, Deborah Nunes zentrala eta Tamires Anselmo pibota. Horiez gain, Nazaret Calzado eta Angela Nieto hegalekoak eta Maria Sancha lehenengo lerroko jokalaria ere fitxatu ditu. 

Donostiar eta galiziarren arteko norgehiagokaren ostean, Aula Valladolid eta Xixoneko La Calzadaren arteko lehia hasiko da (20.30etan).  

Aurtengoan, Valladolideko Huerta del Rey kiroldegian jokatuko dira neurketak. Pasa den urtean, pandemia zela eta, bertan behera geratu zen txapelketa eta aurreko bi edizioak A Guardan eta Donostian jokatu ziren, hurrenez hurren. Bietan gailendu da Bera Bera. 

Txapelketa hau 2018an sortu zuten Bera Bera, Atletico Guardes eta Aula Valladoliden elkarlanari esker. Udarako prestaketa lanetan aurkari gogorren aurka lehiatzeko eszenatoki bat ziurtatzeko eman zen honen sorrera. 

Pandemia dela-eta, kiroldegiaren edukieran murrizketak eman dira eta beraz, mila zalerentzako lekua egongo da. Txapelketa osoa ikusteko sarrerek 10 euroko balioa dute.