Elkarrizketa
Iker Badiola
UPV/EHU-ko ikerlaria eta irakaslea

«Sulkonazola txertoek duten hutsunea osatzera dator»

EHUko Medikuntza Fakultateko Iker Badiola irakasleak eta Bordeleko Unibertsitateko INSERMeko Majid Khatib doktoreak zuzentzen dituzten ikertaldeek SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzioa inhibitzen duten konposatu batzuk aurkitu dituzte

Iker Badiola, UPV/EHU-ko ikerlaria eta irakaslea. (UPV-EHU)
Iker Badiola, UPV/EHU-ko ikerlaria eta irakaslea. (UPV-EHU)

Aurkikuntza honek 2017an du jatorria, minbiziaren aurkako ikerketa batean...

Bai, gure EHUko ikertaldea, Bordeleko Unibertsitateko INSERMeko (Frantziako Osasun eta Ikerketa Institutu Nazionala) taldearekin bat, proprotein convertasek (proteasa) minbizian zer nolako eragina duten ikertzen dabil 2017tik. Proprotein familia horretako furinak minbizia batzuetan funtzio oso garrantzitsua duela ikusi genuen eta proteasa hori nola blokeatu ikertzen ari ginen, horrek izan dezakeen tratamenduari begira. Horretan ari ginela, 2020ko martxoan pandemia agertu zen eta ikusi genuen furinak funtzio garrantzitsua zuela SARS-CoV-2 infekzio prozesuan.

Guk furina hori inhibitzeko molekula batzuk identifikatuta geneuzkan minbiziaren aurkako ikerketan. SARS-CoV-2 birusaren aurka ere erabilgarriak baziren jakiteko, mila konposatu ingururen proba egin genuen simulazio informatikoaren bidez. Hortik, hogei onenekin gelditu ginen eta horiek laborategian ebaluatu genituen in vitro. Hortik bost oso eraginkorrak izan ziren, eta momentuz badirudi sulkonazola dela emaitzarik onena ematen ari dena.

Zer da zehazki sulkonazola?

Sulkonazola agentzia erregulatzaileek onartuta eta merkaturatuta dago jada. Antifungiko bat da, onddoen aurkako botika, pomada batean erabiltzen dena. Baina horrek ez du esan nahi, egunen batean SARS-CoV-2aren aurkako erabilera onartua izango balitz, pomada moduan erabiliko litzatekeenik. Erabilera hori garatu beharko litzateke eta dagoeneko merkaturatuta egoteak asko errazten du lana.

Esan bezala, konposatu honen eraginkortasuna in vitro ebaluatu da, emaitza onekin, zelula ereduetan, eta %85erainoko inhibizio tasak lortu dira.

Zer nolako garrantzia dauka aurkikuntza honek covid-19aren aurkako borrokan?

Txertoak eraginkorrak izan ez diren pertsonentzat izango da. Esaten denez, koronabirusaren aurkako txertorik onenak ez dira eraginkorrak injektatzen zaien pertsonen %5entzat. Ikusten ari gara badagoela jendea txerto dosi biak hartuta izanda ere arazoak izan dituena. %5 hori zifra txikia iruditu ahal zaigu, baina milioika pertsonaren txertatzeaz hitz egiten ari garenean, %5 horretan jende asko sartzen da, eta ospitaleetako presioa areagotu ahal da. Sulkonazola gaixotu den jendea sendatzeko erabiliko da. Txertoen hutsune hori osatzera dator.

Zer ibilbide izango du orain?

Gu oinarrizko ikerketa talde bat gara eta gure ibilbidea, guk ditugun gaitasunak kontuan hartuta, honaino heltzen da. Orain bigarren fase bat behar da agentzia erregulatzaileek eskatzen dituzten baldintzak betetze aldera. Hortaz, bazkideak behar ditugu, adibidez, industria farmazeutikotik datozen enpresak. Arlo publikoan ere bidea egon ahal den aztertzen ari gara, entsegu klinikoak aurrera eramateko. Dagoeneko bizpahiru kontaktu nahiko garrantzitsu izan ditugu eta itxaropentsu gaude.