Jon Ormazabal

Elezkano-Mariezkurrenak euren beharrari etekina atera diote Aiegin (9-22)

Atzelari nafarra erraz nagusitu zaio Bikuña bigun bati eta Danel Elezkanok probetsua atera die bere bikoteak irekitako zuloei, denera 10 tanto lortuz.

Danel Elezkanok itzulera ona izan du bi astez kantxetatik at egon ostean. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Danel Elezkanok itzulera ona izan du bi astez kantxetatik at egon ostean. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Urrutikoetxea eta Martijaren ordez aritu den Bikuña lanak erdi eginda heldu diren bitartean, Danel Elezkanok eta Jon Mariezkurrenak irabaztea ez zen ia beste aukerarik ez zuten Aiegiko pilotaleku labainkor eta zailean eta behar hori lagungarri izan zaie euren helburua betetzen. Erasoan aritzea asko eskertzen duen kantxa da Aiegikoa, arriskuak hartzeak normalean saria izaten duen horietakoa, eta horretan oso nagusi izan dira zaratamarra eta Berriozarkoa, play offetarako bidea nabarmen erraztuz.

Ostiral honetako garaipenarekin urdinek Urrutikoetxea eta Martija gainditu dituzte sailkapenean nahiz eta hiru puntuetara berdindu. Ezkurdia-Imazek Olaizola eta Zabaletaren aurka galtzen badute, porrot honek ez du aparteko garrantzirik izango, baina arbizuarrak eta oiartzuarrak irabaziko balute, sortuko litzatekeen bikote askoren arteko berdinketa horretan garesti ordain dezakete.  

Aiegiko frontoia arriskutsu zegoela, Elezkano eta Mariezkurrenak hasiera-hasieratik hartu dute markagailuaren kontrola, hein handi batean Iñigo Bikuña nahikoa bigun aritu delako. Egindako hutsez harago, Berriozarreko atzelariak nahikoak zituen pare bat pilotakada tantoaren ekimena erabat bereganatzeko eta Mikel Urrutikoetxeak ere ez du gehiegi asmatu jokoa nahasten.

Mariezkurrenak agindu eta Elezkanok bukatu

Gainera, azken bi asteetan eskuko minez aritu ostean, Danel Elezkanok ez du inolako zalantzarik agertu, tantoak bukatzerakoan oso eraginkor arituz. Gauzak horrela, zortzi tantoko aldearekin heldu dira urdinak (4-12) lehen etenaldi luzera, berehala hamar tantora ere handitu duten aldea (4-14).

Hortik aurrera ere, aldeak handitzea besterik ez du egin, Elezkano eta Mariezkurrenak ez dutelako apenas hutsik egin eta gorriak, aldiz, partidaren norabidea aldatzeko inolako gaitasunik ez dutelako erakutsi. Atzean nafarra oso nagusi izan da, asko eman dio Berriozarrekoak, eta aurrean Mikel Urrutikoetxeak ezin izan du bere bikoteak behar zuen protagonismorik hartu. Apenas sartu da jokoan, hiru tanto baino ez ditu lortu jokoan, oso gutxi partidak behar zuenerako. Pilotalekuak asko eskertzen zuen erasoa nork jo lehenago eta hor, agian ausartago aritu beharko zukeen zaratamarrak, nahiz eta aukera handirik ez duen izan.

FITXA TEKNIKOA:

Urrutikoetxea-Bikuña: 9

Elezkano II.a-Mariezkurrena II.a: 22

Pilotakadak: 334. Iraupena: 47,12 minutu. Markagailua: 0-5, 1-5, 1-8, 4-8, 4-14, 5-14, 5-19, 7-19, 7-20, 8-20, 8-21, 9-21, 9-22. Sakeak: 0 Urrutikoetxeak eta 4 Elezkano II.ak. Tantoak: 3 Urrutikoetxeak, 0 Bikuñak, 10 Elezkano II.ak eta 2 Mariezkurrena II.ak. Hutsak: 2 Urrutikoetxeak, 6 Bikuñak, 3 Elezkano II.ak eta 3 Mariezkurrena II.ak. Gorabeherak: Aiegiko pilotalekuan hasi da Masterseko ligaxkako azken jardunaldia, pilotalekua nahiko irristakor egon da eta pilotak bote arraroren bat eman du.