Maite Ubiria
Elkarrizketa
Iulen Vrignon
Hazparneko Gazte Asanblada

«Gaztetxe bat izan arte ez dugula amore emanen ongi ulertu dute hazpandarrek»

Hilaren 21ean Hazparne hiribarnean aspalditik hutsik zegoen eraikina okupatu zuten gaztetxe baten beharra aldarrikatzeko. Astearte honetan, 10.30tan beranduenez, etxea uzteko agindua jaso dute gazteek. Prefeturaren aginduari buruzko xehetasunak eman dizkigu Iulen Vrignonek.

Agorrilaren 21ean hutsik zen eraikinean sartu eta berehala txukuntze lanak abiatu zituzten gazteek. (Guillaume FAUVEAU)
Agorrilaren 21ean hutsik zen eraikinean sartu eta berehala txukuntze lanak abiatu zituzten gazteek. (Guillaume FAUVEAU)

Aspalditik hutsik zegoen etxe bat okupatu zuten Hazparneko gazte asanbladako kideek joan zen abuztuaren 21ean. Konponketa lanak abiatuta zituztela gaur eraikina uzteko agindua jaso dute.

Iulen Vrignonek NAIZi azaldu dioenez, Prefeturak igorri du astelehen honetan etxea libre uzteko agindua «etxeko jabearen tutoreak aurkezturiko plentari segida emanez».

Nola izan duzue Prefeturak abiaturiko kanporatze prozeduraren berri?

Prefeturaren agiria jaso dugu eta bertan azaltzen digute agorrilaren 31ean, goizeko 10.30tarako, behar dugula etxea libre utzi.

Beste azalpenaren bat jaso duzue?

Etxeko jabea ez denez gai bere tutoreak jarri du plenta (salaketa) eta horri segida emanez heldu da agindua.

Espero zenuten administrazioak hain azkar jokatzea?

Pixka harriduraz hartu dugu etxean sartu eta astebetera heltzea agindua, baina bagenekien edozein momentuan heldu zitekeela.

Etxean lanak abiatuak dituzue...

Agorrilaren 21ean etxean sartu eta lanak abiatu genituen berehala. Etxea txukuntzeko eta berriz kinka onean jartzeko baratzean eta lehen estaian abiatuak ditugu lanak, bai.

Egitaraua plantan emateko asmoa zenuten. Zerbait aipatu dezakezue?

Lehen ekimenak egin ditugu. Joan zen astean ostatuz ostatu kantu poteoa egin genuen. Agorrilaren 31ean kontzertua egiteko asmoa genuen. Beste ekimen batzuk bidean ziren, hitzaldiak eta abar.

Nola baloratzen duzue herritarrengandik jasotako erantzuna?

Harrituak izan gara herriarrengandik jaso dugun sostenguagatik. Problematika bat jarri dugu mahaigainean: gaztetxe baten beharra. Jendeak ulertu du ez girela amore emateko prest hori lortu arte. Era berean etxe hutsen arazoa agerian jarri du gure ekimenak. Hor bada arazo bat Hazparnen eta beste herri anitzetan ere. Hazpandarrek ulertu dute, eztabaidatu dute, batzuk menturaz ez ziren ados, gure ekintza bortitza iruditu zaie, baina gure hautua oro har ulertua izan dela pentsatzen dugu.

Herriko auzapezak ez du begi onez hartu ekintza. Nola dira harremanak udalarekin?

Urte eta erdi daramagu biltzen eta jarraitzeko prest gira. Alta, proposamen konkreturik ez da egon, eta damutzen gara horretaz. Pentsatzen dugu beharbada lehenasunak ez direla ongi jarriak, gazteak ez garela behar bezala kontsideratuak.

Zer mezua pasatuko zenukete astearte goizean gauzatu daitekeen kanporatze aginduari buruz?

Orain ez dakigu nolakoa izanen den etorkizuna. Ez dakigu zenbat denbora gehiago izanen garen hemen. Errekursoaren aukera aztertu behar dugu. Edonola ere eskatzen diogu jendeari ekimen hau sostengatzera etortzea eta aitzina begira ere gurekin batera auzolanean aritzea gaztetxe bat posible egiteko. Ttatola itxi zenetik, bada urte eta erdi bat, gaztetxe bat lortzea izan dugu helburu. Ekimen honekin jendeak untsa ulertu du determinatuak garela, ez dugula amore ematen. Hori dagoeneko lortu dugu.