Manex Altuna

Nany Suarez, Europako txapeldun boxeoan

Bilbon bizi den boxeolari asturiarrak 31 urte ditu eta Marie Connan gainditu zuen puntuetara Frantziar Estatuan antolaturiko borrokaldian. Entrenatzaile lanetan aritutako Ibon Larrinagak lortutako garaipenaren garrantzia nabarmendu du.

Nany Suarez boxeolaria bere entrenatzaileak diren Ibon Larrinaga eta Eder Gomez alboan dituela.
Nany Suarez boxeolaria bere entrenatzaileak diren Ibon Larrinaga eta Eder Gomez alboan dituela.

Joana ‘Nany’ Suarezek Europako txapela irabazi du asteburu honetan euli arina pisuan, 48 kilo eta 900 gramo azpitik. Parisetik ehun bat kilometrotara dagoen Vendome izeneko herrian Marie Connan gainditzea lortu zuen puntutara. Etxetik kanpo aritu arren, hiru aldiz bota zuen lurrera aurkaria borrokaren hastapenean.

Nany Suarezek 31 urte ditu eta asturiarra da. Hala ere, orain dela urte batzuetatik Bilbon bizi da bere bikotekidea den Kerman Lejarraga boxeolariarekin. 2020ko uztailean Espainiako txapelketa irabazteko zorian izan zen, baina azken unean bertan behera geratu zen borroka burukada baten erruz.

Bere entrenatzailea den Ibon Larrinagak aipatzen duenez, ilusioa galdu zuen eta azken hilabeteetan boxeoa uztekotan izan zen. Ezustean Europako txapelketa lehiatzeko aukera jaso zuen eta buru belarri hasi zen prestaketa lanetan. Larrinagak dioenez, presiorik gabe joan zen borrokara, «ezer galtzeko gabe».

Hala ere, Erromokoa sinetsita zegoen irabazteko aukera asko zituela aurkariaren hainbat bideo ikusi ostean. Connan aurrera joatea espero zuten, baina distantziak mantentzera atera zen eta plangintza aldatzea egokitu zitzaien borrokaldian zehar.

Esan bezala, Suarezek hainbat bider bota zuen aurkaria lurrera hasiera. Borrokak aurrera egin ahala ordea, nagusitzen joan zen kolpe gehiago emanez. Amaitzeko hiru round falta zirenean, Larrinagak kolpeak sartu behar zituela komentatu zion eta garaipenaren bila joan zen asturiarra.

Entrenatzaileak onartzen du zalantzak zituela epaileek zein izendatuko zuten garailea, baina pozarren jaso zuten erabakia. Datozen erronkei begira, Europako txapelketa defendatzea izan daiteke hurrengo pausua Nany Suarezentzat, ez badu behintzat Munduko txapelketarako baliagarria izan daitekeen borroka batean parte hartzeko aukera izaten.

Aldi berean, Ibon Larrinaga bera datorren irailaren 11an Bartzelonan izango da Kerman Lejarragarekin batera. Morgako boxeolaria Dylan Charrat frantziarraren aurka lehiatuko da eta Europako superwelter pisuko txapela egongo da jokoan. Lejarraga txapelduna izandakoa da welter pisuan, baina Avanesyan-en kontra galdu ostean 66 kilotatik 69ra igotzea erabaki zuen.

Bestalde, Andoni Gagok Europako txapela galdu zuela Karim Guerfiren kontra abuztu hasieran Marbellan ospaturiko borrokaldian.