NAIZ

Txertoaren hirugarren dosia atzeratzeko eskaera egin die NBEk herrialde aberatsei

Herrialde pobreei lehentasuna eman ahal izateko, koronabirusaren aurkako hirugarren dosia urte amaierara arte atzeratzeko eskatu die Nazio Batuen Erakundeak herri aberatsei. 2022aren aitzinetik munduko biztanleriaren %40 txertatua egotea du xede.

Gazteak txertoa jasotzeko ilaran, Indiako Siliguri hirian. (Diptendu DUTTA / AFP)
Gazteak txertoa jasotzeko ilaran, Indiako Siliguri hirian. (Diptendu DUTTA / AFP)

Nazio Batuen Erakundeak berriz eskatu die diru-sarrera handiko herrialdeei covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia, aurreko bi dosiak indartzera datorrena, urte bukaerara atzeratzeko. Hala, diru-sarrera txikiko herrialdeek lehendabiziko dosia hartzen ahalko dute eta urtea amaitu aurretik munduko biztanleriaren %40 txertatua egoteko helburua betetzen ahalko da.

Erakundearen zuzendari orokorrak, Tedros Adhanom Ghebreyesusek, hirugarren dosia abuztutik irailera atzeratzeko eskatu zuen lehenik, biztanleriaren %10 txertatzeko xedea betetzeko. Ez da oraindik zenbaki horretara iristerik lortu. Diru-sarrera handiko herrialdeek mila milioi dosi baino gehiago emateko konpromisoa adierazi zuten, baina gero dosi horien %15 baino gutxiago eman dituzte.

«Aski da, ez dugu promesarik nahi»

Fabrikatzaileek COVAX elkarlanari eta herrialde pobreei lehentasuna emanen zietela erran zuten. «Aski da. Ez dugu promesa gehiagorik nahi; txertoak nahi ditugu», azpimarratu du zuzendariak. Oroitu du 2020ko urritik astero 50.000 pertsona hil direla covidagatik, eta azken hilabetean astero kasik 70.000 lagun zendu direla. Mundu mailan, 5.500 milioi txerto jarri dira, baina horien %80 diru-sarrera handi edo ertainak dituzten herrialdeetan eman dira.

«Baditugu soluzioak transmisioa gelditu eta bizitzak salbatzeko. Baina soluzio horiek ez dira ongi erabiltzen ari, ezta ongi banatzen ere», esplikatu du. Horregatik, txerto gutxi jaso dituzten herrialdeetan heriotza aunitz gertatzen ari dira.

NBEren helburua da herrialde guztiei laguntzea irailaren bukaerarako beren biztanleriaren %10 behintzat txertatzeko, urte amaierarako %40ko zifrara iristeko, eta 2022 erdialderako munduko biztanleriaren %70 txertoa jasota egoteko. Jakinarazi duenez, herrialde aberatsen kasik %90ek lortu dute %10eko helburu hori eta %70 baino gehiago %40ko xedera ere ailegatu dira.

«Diru-sarrera txikiko herri batek ere ez du helburu horietako bakar bat ere bete», penatu da. Izan ere, %1,4koa da txertoen banaketa herri horietako biztanleen artean. Duela hilabete bat %1ekoa zen. NBEak aitortu du iraila txertatu kopuru handiagoarekin amaitzea espero zutela.

Beharrezkoa denean bai, baina orokorrean ez

Nahiz eta hirugarren dosia atzeratzeko deia egin, Tedrosek beharrezko ikusten du arrisku handiagoa duten biztanleei errefortzu hori ematea, «covid-19 larriaren kontrako immunitatea txikitu den kasuetan», edo immunitate ahula duten pertsonentzat, ez dutelako behar bezala erantzuten bi dosien aurrean edo dagoeneko ez dutelako antigorputzik sortzen. «Baina momentuz ez dugu errefortzu dosi honen erabilera orokorrik ikusi nahi erabat txertatua dagoen jende osasuntsuaren artean», erran du ziur.

«Lanari ekin behar diogu», adierazi du. Eta munduko 20 ekonomia nagusiek txertoak ongi banatzeko eta pandemia bukatzeko giltza dutela erantsi du.

Bestalde, oroitu du fabrikatzaileek eta diru-sarrera handiko herrialdeek duela denbora aunitzetik dutela gaitasuna ez bakarrik beren lehentasunezko taldeak txertatzeko, aldi berean talde horien beren txertaketa herrialde guztietan laguntzeko ere bai.

NBEarentzat arazoa ez da hirugarren dosi bat egokia den edo ez eztabaidatzea. Mahai gainean jartzen duena bertze auzi bat da: diru-sarrera baxu edo ertaineko herrialdeek ez dute aukerarik dosi bat hartzeko ere. «Beren osasun langileak, adinekoak eta bertze arrisku taldeak babesteko eskubide bera dute. Ez naiz isilduko enpresek eta txertoen munduko banaketa kontrolatzen duten herrialdeek soberakinekin kontent egon beharko luketela pentsatzen duten bitartean», baieztatu du.