Jon Ormazabal

Aurkariei aukerarik eman gabe lortu dute finalerako txartela Olaizolak eta Zabaletak

Etxarrengo atzelariak beste partida handi bat jokatu du eta ligaxkan egindako emaitza errepikatuz (7-22), Elezkano-Mariezkurrenaren aurka jokatuko dute hurrengo igandean Ogetan.

Jokin Altuna ezinean aritu da Olaizola eta Zabaletaren aurka. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Jokin Altuna ezinean aritu da Olaizola eta Zabaletaren aurka. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Mastersean ezker hankarekin sartu baziren ere –lehen hiru partidak galdu zituzten–, Aimar Olaizolak eta Jose Javier Zabaletak nagusitasunez lortu dute hurrengo igandean Ogetan jokatuko den finalerako txartela, ligaxkan Gasteizen bertan bezala, Jokin Altuna eta Aitor Arangureni Hondarribian 7-22 gailenduta.

Bezperan Vianan bezala, atzelari garailea izan da partidako benetako protagonista, Jose Javier Zabaletak hasieratik izan baitu partidako aginte makila bere eskuan. Eskuetatik justu antzean bukatu duela esan badu ere, nafarrak ikaragarrizko zuloak ireki ditu, Jokin Altuna erabat jokotik kanpo izan du eta, gainera, ez Aimar Olaizolak ez berak ez dute akats bakarra egin partida osoan eta hala ezinezkoa da bikote honi irabaztea.

Inor gutxik jar lezake ezbaian Jokin Altunaren gaia edozein modalitatetan jokatzeko, bera da gaur egungo pilotari erreferentea eta herri guztietan ikusi nahi dutena, baina gabezia bat jartzekotan, hori binakako txapelketa luzeetan jotzaile handien aurka aurrera egiteko antidotoa topatu ezina izan liteke. Bere palmares izugarrian final bakarra ere ez du jokatu eta Masters honetan ere ateetan geratu da. Enpresako aurrelari onena izatearen ajeak.

Debutatu berritan ere ez dute halako txapelketa batean atzelari handi baten alboan jarri eta hori gutxi balitz, aspaldi ez da egungo Zabaletak adinako zulorik ireki duen atzelaririk ikusi kantxetan eta hortxe topatu du amezketarrak gainditzeke duen erronka.

Goitik behera nagusi

Urtetan sufritu izan du antzerako egoera bat Aimar Olaizolak eta bere azken urteetan txanpon beraren beste aurpegia ezagutzea tokatzen ari zaio. Bera eta Marinez de Irujo izan dira binakako partidak aurretik aldatzeko gai izan diren azken aurrelariak, baina orain laguntza beharrean da goizuetarra eta ezin egungo Jose Javier Zabaleta baina laguntza hoberik topatu.

Partida goitik-behera dominatu du gaur Hondarribian eta Aranguren goitik behera dominatu du, Aimar Olaizola on bati gauzak asko erraztuz. Sakearekin mina egin du aurrelari nafarrak eta aukerarik onena zein zen aukeratzea izan du lanik zailena, bere ezker gantxoak egin baitu beste guztia.

FITXA TEKNIKOA:

Altuna III.a-Aranguren: 7

Olaizola II.a-Zabaleta: 22

Pilotakadak: 422. Iraupena: 51,32 minutu. Markagailua: 1-0, 1-6, 2-6, 2-9, 4-9, 4-10, 4-14, 5-14, 5-15, 6-15, 6-20, 7-20, 7-22. Sakeak: 0 Altuna III.ak eta 1 Olaizola II.ak. Tantoak: 6 Altuna III.ak, 1 Arangurenek, 9 Olaizola II.ak eta 3 Zabaletak. Hutsak: 4 Altuna III.ak, 5 Arangurenek, 0 Olaizola II.ak eta 0 Zabaletak. Gorabeherak: Mastersaren bigarren finalerdia Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan jokatu da, sal zitezkeen sarrera guztiak (300) salduta.