Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Donostiako Metroaren obren kaltetuek pairatutako «xantaia eta presioa» salatu du EH Bilduk

Donostiako Zarautz hiribideko eta Zubieta kaleko bizilagunek, metroaren obren ondorioz jasandako kalteak direla-eta jaso dituzten gutun eta eskaintzak «xantaia eta presioa» direla adierazi du EH Bilduk eta herritarrak «babesgabetasun handian» uzten dituela.

Metroaren obren harira, agerraldia egin du EH Bilduk Donostiako udaletxean. (Maialen ANDRES / FOKU)
Metroaren obren harira, agerraldia egin du EH Bilduk Donostiako udaletxean. (Maialen ANDRES / FOKU)

Metro Benta Berri aldi baterako enpresa elkarteak kalte-ordainak eskaini dizkie Donostiako Zarautz hiribideko eta Zubieta kaleko bizilagunei, metroaren igarobidearen obrek eragindako kalteengatik, NAIZek larunbat honetan aurreratu zuen moduan. EH Bilduk, gipuzkoar hiriburuan, bizilagun hauek pairatzen ari diren «xantaia eta presioa» salatu du astelehen honetan. «Beren interesen aurkako zerbait sinatzera behartu nahi izan dituzte», adierazi du.

Garbiñe Alkiza zinegotziak eta Unai Fernandez de Betoño, koalizioko lurralde antolakuntzako idazkaria eta Gasteizen legebiltzarkidea, izan dira Donostiako udaletxean eskainitiako agerraldian. Alkizak jakinarazi du «zenbait bizilagunek» agertu diotela EH Bilduri haien «kezka» Metro Benta Berriren ordezkariek «eskuz eta modu oso bortzitzean» emandako gutuna dela-eta.

NAIZ argitara eman zuen bizilagunaren kasuan, 1.100 euro eskaini eta kontu honengatik Metro Benta Berri eta Lakuako Gobernuari ezer gehiago ez erreklamatzea sinarazi nahi diote eta EH Bilduk baieztatu du «antzeko gutun bat» jaso dutela Benta Berri eta Zubietakoko bizilagun gehiagok.

Honetaz gain, Alkizak gogora ekarri du 2019ko azaroan, Zartauzko hiribidean luizia izan zenean, Eneko Goia alkateak eta Eusko Trenbide Sareak ukatu egin zutela honen eta obren arteko zerikusia eta txosten tekniko batekin ere berretsi zuten hipotesi hau. «Zergatik onartzen du orain Albi Baterako Enpresa Elkarteak kaltetutako pertsonei milaka euro ematea? Bertsio ofiziala desegiten ari da. Beste behin ere», gehitu du.

«Babesgabetasun handia»

Fernandez de Betoñok, bere aldetik, bizilagunei sinarazi nahian ari diren klausula horretan jarri du ikusmira. «Bizilagunen kezka ulergarria da». Baldintza honen bitartez, etorkizuneko kalte-ordainak saihestu ditzazke Metro Benta Berrik eta baita Eusko Trenbide Sareak ere. «Honek talka egiten du administrazio publikoek obra erabat segurua dela eta istripu gehiago ez dela izango eman nahi duten itxurarekin», adierazi du.

Bestetik, kaltetutako pertsonei «babesgabetasun handia» eragiten diela adierazi du koalizioko kideak. «Orokorregia da, are gehiago arazo berriak sor daitezkeela onartzen dutenean». Zentzu horretan, gogora ekarri du «lanak ez direla bukatu eta lurrazpia zulatzen jarraituko dutel». Hau da, arriskuak bertan jarraitzen duela.

«Demagun Zubieta kaleko etxebizitza batean aurretik agertutako leku beran agertzen direla pitzadura berriak, edo beste luizi bat dagoela. Kaltetuek ezingo liokete ezer erreklamatu Administrazio Publikoari? Ezin da halakorik eskatu», berretsi du Fernandez de Betoñok. Era berean, orain arteko kalteak egonkortuta daudela frogatzen duenik ez dagoela eta pitzadurak ez direla haziko dioen frogarik ez dutela nabarmendu du.

Eneko Goia eta Iñaki Arriola

Honela, «xantaia eta presio horiek» euskal administrazio publikoaren jarduteko moduetatik «berehala» ezabatu behar direla adierazi du. «Ez dakigun enpresa pribatuen artean ohikoa den, baina EH Bildutik ezin dugu onartu ETS bezalako erakunde publiko bat, Eusko Jaurlaritzaren eta Iñaki Arriola sailburuaren mende dagoena, jarduteko modu horretan sartuta egotea».

Hau dela-eta, azalpenak eskatuko dizkiote Arriola berari eta baita Eneko Goia Donostiako alkateari ere. «Eneko Goia alkatea interpelatu nahi dugu, metroko obrekin zerikusia duen orotan bere rola errotik alda dezan. Orain arte, obren arduradunak justifikatu eta babestu izan ditu beti. Bada garaia metro pasantearen obrek kaltetutako donostiarrak babesten hasteko. Aukera paregabea du gutun horien bidalketatik desmarkatzen», adierazi dute.

Helburu berarekin, Fernandez de Betoñok hainbat ekimen aurkeztu ditu gaur Gasteizko Legebiltzarrean, zenbat gutun bidali dituzten, zenbat onartu diren eta Lakuak gutunak egiten zer parte-hartze izan duen argitzeko.