NAIZ

Sexu-transmisiozko gaixotasun baten gorakadaren berri eman dute Nafarroan

Linfogranuloma benereo kasuen gorakadaz ohartarazi du asteazken honetan Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak. Sexu-transmisiozko gaixotasuna da eta 17 kasu egiaztatu dira aurten. Aurreko urteetan, gehienez ere 8 kasu errregistratu ziren.

Linfogranuloma benereoa sexu-transisiozko gaixotasuna da. (GETTY)
Linfogranuloma benereoa sexu-transisiozko gaixotasuna da. (GETTY)

Linfogranuloma benereo kasuen gorakadaz ohartarazi du asteazken honetan Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (Noploi).

Institutu honek argitaratu duen azken txosten epidemiologikoan, CHNren Mikrobiologia Zerbitzuak linfogranuloma benereoko 17 kasu egiaztatu dira aurten. Sexu-transmisiozko gaixotasun honen 8 kasu gehienez erregistratu ziren aurreko urteetan.

Chlamydia trachomatis bakterioak eragiten du Linfogranuloma benereo, eta infekzioa duen pertsona batekin preserbatiborik gabeko sexu-harremanak izaten direnean kutsatu daiteke, izan uzki edo bagina bidez; ahozko sexuaren bidez ere kutsatzeko arriskua dago, txikiagoa bada ere.

Sexu-bikote asko dituzten eta babesik gabeko sexu-harremanak dituzten gizonek dute infekzio-arrisku handiena, Noploik zabaldutako oharraren arabera. Aurtengo kasu guztiak gizon heldu eta gazteetan erregistratu dira, eta proktitis gisa (ondestearen hantura) aurkeztu ziren.

Txosten epidemiologikoak adierazten du garrantzitsua dela gaixotasun hau osasun zerbitzuan kontuan hartzea, beste prozesu batzuekin nahas baitaiteke eta diagnostikoa atzeratu baitaiteke, kutsadurak areagotuz.

Sintomak

Baliteke gaixotasunak sintomarik ez sortzea. Halakorik dagoenean, hauek dira ohikoenak: ondesteko mina, odoldun kakak edo idorreria. Minik gabeko pusula txiki bat ager daiteke ondestearen aldean, eta gero ultzera bihurtzen da. Egun gutxi barru desager daiteke, tratamendu medikorik gabe. 2 astetik 6 astera, iztai-gongoilen hantura agertzen da, eta zornea jaria dezakete. Sabeleko edo gerriko mina egon daiteke. Era berean, ondoez orokorra, hotzikarak, sukarra, giharretako mina edo artikulazioetako mina hauteman daitezke.

Linfogranuloma benereo izanez gero, Nafarroako osasun sailak ohartarazi du ezinbestekoa dela gaixoarekin azken 60 egunetan sexu-harreman izan dituzten pertsona guztiak medikuarenera bideratzea.