Andoni Arabaolaza

Silvia Triguerosek historia egin du Tor de Geants megatrail alpinoan

Hirugarrenez, korrikalari abadiñarrak sona handia duen proba irabazi du. Hori egiten lehen emakumezkoa da. 350 kilometro eta 28.000 metroko goranzko desnibela dituen ibilbidearentzat 89 ordu eta 57 minutu behar izan ditu. Gizonezkoetan, Franco Colle italiarrak irabazi du, errekor berria ezarriz. 

Ametsak egia bihurtzeko daude, eta goizalde honetan Silvia Triguerosek esku artean zuen helburua bete egin du. Abadiñarrak Italiako Aostako haranean antolatzen den Tor de Geants lasterketa irabazi du. Gailentzeaz gain, hirugarren garaipena lortu du. Ohore handia da; izan ere, balentria hori lortzen lehen emakumezkoa bihurtu da. Podium berezi hori soilik Franco Collerekin partekatzen du; hots, gizonezkoetan azken ekitaldi hau irabazi duen italiarrarekin.

Azpimarratzekoa de lorpen horren oinarria Triguerosek 2017. urtean sendotu zuela. Bigarren postuan sailkatu zen. Hortik aurrera, bizkaitarraren nagusitasuna erabatekoa izan da, errenkan hiru garaipen sinatu baititu. 89 ordu eta 57 minutuko denbora egin du. Irabazi, bai, baina duela bi urte lortutako errekorra (55 ordu eta 23 minutu) ezin izan du hobetu. Olloronteko anoa puntutik (290 kilometroa) igaro denean, bazirudien errekor berria ezartzeko gai izango zela. Puntu horretan aztertu behar izan du helmugaraino eramango zuen estrategia. Baina leher eginda zegoen, eta aipatu dugun helburu hori ezin izan du sinatu.

Euskal korrikalariak goizeko lauretan zeharkatu du helmuga. Pozarren bai, baina erabat lehertuta iritsi da. Eta ez gutxirako. Tor de Geants-ek duen ibilbidea basati baino basatiagoa da: 350 kilometro eta 28.000 metroko desnibel positiboa. Megatrail alpino honetan, gainera, eguraldiak ez du batere lagundu.

45 urteko lasterkariak argi utzi du, edizio honetara oso sasoiko iristeaz gain, lasterketa goitik behera ezagutzen duela. Hasiera-hasieratik nagusitasun osoa erakutsi du, eta ia ibilbide osoa bakar-bakarrik egin du. Hots, lehen postuan. Gainera, 2016 eta 2017 edizioen irabazle Lisa Borzani italiarra  erretiratu da. Soilik “arerio” bat zuen: Melissa Paganelli. Aitzitik, korrikalari italiar honek ez du bizkaitarraren “boterea” kolokan jarri, eta Courmayeur-eko helmugan bigarren postuan sailkatu da Triguerosengandik lau ordura.

Tor de Geants-ek duen muturreko nortasunak lerrootako protagonistari buruhauste batzuk eragin dizkio; batez ere, ibilbidearen azken sekzio luzean. Une jakin batzuetan, sailkapen nagusiko top-10ean zegoen, baina erritmoa galdu eta, azkenean, hamahirugarrena amaitu du.

Colle, errege

Trigueros Tor de Geants lasterketaren erregina bihurtu bada, Franco Colle errege egin da. Abadiñarrak bezala, italiarrak, gizonezkoetan, hirugarrenez irabazi du lasterketa hori. Hori gutxi ez, eta 2017. urtean Javi Dominguez gasteiztarrak ezarritako errekorra hautsi du 66 ordu eta 43 minutuko denborarekin.

Nahiz eta hiru egun eta hiru gau korrika egiten igaro, Colle, euri zaparraden artean, irribarretsu heldu da helmugara. Italiarrak lasterketa bikaina egin du. Ondo baino hobeto kudeatu ditu aurretik zituen 350 kilometroak. Erritmo bizian irten da, eta soilik Jonas Russik “kilimak” egin dizkio. Hirugarren eta azken gauean, Colle lasterkari suitzarra atzean utzi eta, esan dugun bezala, Courmayeur-en lehena izan da. Russik 69 ordu eta 03 minutuko denbora egin du.