NAIZ

Goiherrik beste domina bat, brontzezkoa, eman dio Euskal Herriari Sokatira Mundialean

23 urtez azpiko 600 kiloko mailan lortu du hirugarren postua Erandioko taldeak, RTWF errusiarren aurka irabazita. 540 kiloko emakumezkoen proban, Gaztedi laugarren izan da.

Heure taldeko herbeheretarrek irabazi dute urrezko domina 640 kiloko gizonezkoen proban. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Heure taldeko herbeheretarrek irabazi dute urrezko domina, gizonezkoen 640 kiloko proban. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Getxoko Fadura zelaian jokatzen ari den Sokatira Mundialean beste domina bat eskuratu du Euskal Herriak ostiral honetan. Goiherri izan da, brontzea lortuz gizonezkoen 23 urtez azpiko 600 kiloko mailan. Erandioko taldeak bere lehen domina eskuratu du, brontzea irabazteko lehia horretan RTWF errusiarren aurka irabazita.

Goizeko saio horretan, irabazlea Alemaniako Dietenbach izan da, Belgikako Powerrangers taldearen aurkako finalean gailendu ostean.

Goizeko jardunaldian bertan egindako 720 kiloko gizonezkoen proban –hemen ez da euskaldunik egon–, Fam. Janssens belgikarrek lortu dute urrea, finalean Herbehereetako Valleitrekkers taldea garaituta. Ingalaterrako Lincolnek brontzea eskuratu du, eta Letoniako Velkonis laugarren izan da.

Arratsaldeko saioan, 640 kiloko gizonezkoen proban, Heure herbeheretarrak kolkoratu du urrezko domina, finalean Engelbergeko suitzarrak menpean hartu ostean (2-0). Bi tiralditan lortu dute garaipena; lehenengoan 3:10eko denboran lortu dute aurkaria gainditzea, eta bigarrenean zertxobait azkarrago lortu dute, 2:28ko denboran hain zuzen ere.

Finalerdietan, Heurek 2-0 irabazi die Valleitrekkers taldeko herrikideei, eta Engelbergek emaitza bera lortu du Ebersecken suitzarren kontra.

Proba honetan euskaldunek ez dute zorte handiegirik izan. Hala, Goiherrik Perugiari irabazi dio (1:54 denborarekin), baina ondoren, Heurerekin galdu du 1:54ko denboran.

Gaztedik, bestalde, Everseken taldearen kontra galdu du, eta ezin izan du aurrera egin, Getxok, Goiherri B-k eta Mutrikuk bezalaxe.

Azkenik, 540 kiloko emakumezkoen proban, Txina Taipeiko Shi Da taldeak irabazi du urrezko domina, finalean Herbehereetako Gelderswoude taldeari gailenduta. Alemaniako Kaiserbergek brontzea eskuratu du eta Laukizko Gaztediko neskak laugarren izan dira.

Gogoratu behar da Gaztedik hiru domina bereganatu zituela ostegunean, Munduko Txapelketako lehen jardunaldian: urrezko domina emakumezkoen 500 kiloko proban eta gizonezkoen 560 kilokoan. Gizonezkoen lehian, gainera, brontzezko domina ere golkoratu zuen B taldeak.