Asier Aiestaran

Gaztedik hiru domina bereganatu ditu Sokatira Mundialaren lehen jardunaldian

Laukizko taldeak urrezko domina irabazi du emakumezkoen 500 kiloko proban eta gizonezkoen 560 kilokoan. Gizonezkoen lehian, gainera, brontzezko domina ere golkoratu du B taldeak.

Gaztedik talde mixtoen arteko lehian hartu du parte goizean, baina dominak arratsaldean iritsi dira (Aritz LOIOLA / FOKU)
Gaztedik talde mixtoen arteko lehian hartu du parte goizean, baina dominak arratsaldean iritsi dira (Aritz LOIOLA / FOKU)

Euskal tiralariek hiru domina irabazi dituzte, bi urrezko eta brontzezko bat, Getxon jokatzen ari den Munduko Lur Gaineko Sokatira Txapelketaren lehen jardunaldian. Hirurak Laukizko Gaztedi taldeak eskuratu ditu eta hirurak arratsaldeko saioan iritsi dira.

Aurreneko domina emakumezkoen 500 kiloko proban irabazi du Gaztedik. Laukizko taldeak Bedford Ladies talde ingelesa menderatu du finalean eta urrea golkoratzea lortu du. Hirugarren postua Sins talde suitzarrarentzat izan da eta laugarrena Kaiserberg alemaniarrarentzat.

Handik gutxira, gizonezkoen 560 kiloko proban, Gaztedik beste bi domina irabazi ditu. Urrezkoa Gaztedi A taldearentzat izan da, finalean Sins talde suitzarra baino gehiago izan ondoren. Eta brontzezkoa Gaztedi B taldeak eraman du, hirugarren posturako lehian Mosnang, beste talde suitzar bat mendean hartuta.

Goizeko saioan euskaldunek ez dute lortu finalerdietan sartzea. Gizonezkoen 680 kiloko proban (Getxo izan da euskal ordezkaria) garaipena Ebersecken talde suitzarrarentzat izan da, zilarra Heure neerlandarrarentzat eta brontzea Stans-Oberdorf suitzarrarentzat.

Talde mixtoen 580 kiloko proban, aldiz, urrea Allgäu Power Zell talde alemaniarrak bereganatu du, finalean Perugia italiarrari irabazita. Brontzea Valleitrekkers neerlandarrentzat izan da. Gaztedi eta Mutriku izan dira euskal ordezkariak maila horretan.

Lehiaketak bihar jarraituko du taldekako azken jardunaldiarekin. Goizean gizonezkoen 720 kiloko proba eta 23 urtez azpiko gizonezkoen 600 kilokoa jokatuko dira; arratsaldean gizonezkoen 640koa eta emakumezkoen 540koa.