NAIZ
DONOSTIA

Kontxako pasealekua itxita egongo da bederatzi hilabetez ibilgailu pribatuentzat

Kontxa inguruan egingo diren proiektuak gauzatzeko lanek bederatzi hilabete iraungo dute. Hori dela eta, pasealekua ibilgailu pribatuarentzat itxita egongo da irailaren 28tik udara arte. Goizean ez dela auto-ilara handirik izan adierazi du Eneko Goia alkateak.

Kontxako pasealekuan autobusak, motorrak eta baimendutako ibilgailuak bakarrik ibil daitezke gaurtik. (Gorka RUBIO/FOKU)
Kontxako pasealekuan autobusak, motorrak eta baimendutako ibilgailuak bakarrik ibil daitezke gaurtik. (Gorka RUBIO/FOKU)

Donostiako Kontxako pasealekua itxita dago ibilgailu pribatuentzat astearte honetatik aurrera bederatzi hilabetez, hau da, udara bitarte, bertan egin behar diren obrak direla-eta.

Goizeko 9.30ean sartu da indarrean neurria eta Eneko Goia alkateak esan duenez, ez du «auto-ilara handirik» sortu, ez bertan ez hiriko beste errepide batzuetan, baina arratsaldean eta asteazken goizean, trafiko handia izaten den orduetan, zer gertatzen den ikusi behar dela erantsi du.


Pilar Arana gipuzkoar hiriburuko Mugikortasun eta Garraioko zinegotziak eta Duñike Agirrezabalaga Proiektu eta Obretako zinegotziak aurkeztu zituzten lan horiek izango dituzten eraginak. Egingo diren obrak kostaldeko horma konpondu eta handitzea, Kontxako baranda aldatzea, San Martin eta Zubieta kaleen noranzkoa aldatzea, bidegorriaren hirugarren fasea eta Ibaetako bulkadaren hodiak luzatzea dira.


Aranak adierazi zuenez, «ulertzen dugu lanek eragina izango dutela ibilgailuetan, baina epe ertain-luzera hobekuntza ekarriko dute hiriarentzat. Izan ere, hiriaren erdiguneko trafikoa bideratzeko aukera emango digute, eta, horrela, oinezkoentzako espazio askoz atseginagoak irabaziko dira, herritar guztiek gozatu ahal izango dituztenak. Horregatik, herritarren laguntza eskatzen dugu prozesu honetan zehar».


Bestalde, Agirrezabalagak azpimarratu auenez, «oinezkoei eta herritarren gozamenari gehiago begiratzen dien hiri eredu batean aurrera egiten ari gara». Zentzu horretan, Kontxa Pasealekuko espaloia handituko dute, ibilbidearen zatirik handienean 6 metrora iritsiz.

Trafikoaren gaineko eraginak

Hilaren 21ean hasi ziren zirkulazioa eteten, batez ere Zubieta plaza inguruan (Niza hotelaren parean). Hala, San Martin eta Zubieta kaleek errei bakarra izango dute.

Astearte honetatik aurrera, berriz, behin betiko etena izango da; izan ere, garraio publikoak (linea erregularrak eta lineaz kanpokoak), taxiek, motoek eta larrialdietako ibilgailuek baino ezin izango dute Kontxako pasealekua zeharkatu, semaforo alternatiboz araututako errei bakar batetik.

Gainerako ibilgailu pribatuentzat kanpoko bideak erabiltzea gomendatzen da, ezin izango baita erdigunetik zeharkatu. Hori dela eta, mozketa hau hiriko 11 gunetan seinaleztatuta egongo da, kaltetutako eremura iritsi aurretik ibilbide alternatiboak hartu ahal izateko.

Bizikletak eta oinezkoak

Bizikleten eta oinezkoen pasabidea bermatuta egongo da obra egiten den bitartean, baina aldaketa batzuk izango ditu. Hasiera batean, hiru hilabetez, bizikletek bidegorri zaharretik ibili beharko dute. Oinezkoek, berriz, normaltasunez zirkulatu ahal izango dute. Hortik aurrera eta Ondarretako tuneleraino, oinezkoek eta bizikletek espaloian elkarrekin bizi beharko dute, bidegorria osorik okupatu behar baita.

Bigarren fasean, pasealekuko baranda aldatu bitartean, bizikletek bidegorri berritik zirkulatu ahal izango dute, eta oinezkoek, berriz, zati zaharretik.