NAIZ

Elias Amezaga omenduko dute ostegunean Bilbon, bere jaiotzaren mendeurrenean

Bilboko Udalaren Bidebarrieta Kulturguneak Elias Amezaga idazle eta bibliografoa gogoratzeko jardunaldia egingo du ostegunean. Jose Manuel Alonso kazetaria, Pedro Barea antzerki kritikaria, Joseba Agirreazkuenaga ikertzailea eta Abraham de Amezaga omenduaren biloba izango dira ekitaldian.

Elias Amezagak bere liburu autobiografikoa, `Conmigo (un cacho de mi vida)´ aurkeztu zuen 2003an, Bilbon. ( Monika DEL VALLE / FOKU)
Elias Amezagak bere liburu autobiografikoa, `Conmigo (un cacho de mi vida)´ aurkeztu zuen 2003an, Bilbon. ( Monika DEL VALLE / FOKU)

‘Elias Amazaga gogoan’ izenburupean, idazle eta bibliografoa omentzeko jardunaldi berezia egingo du Bilboko Udalaren Bidebarrieta Kulturguneak ostegunean, irailaren 23an, bere jaiotzaren mendeurrenean. Hitzordua 19.00etan izango da, Bidebarrietako liburutegiko areto nagusian.

Jose Manuel Alonso kazetaria, Pedro Barea antzerki kritikaria, Joseba Agirreazkuenaga ikertzaile eta katedraduna eta Abraham de Amezaga omenduaren biloba eta idazkaria izango dira ekitaldian. Amezagaren alderdi profesional bati buruz hitz egingo du bakoitzak, eta bilobak haren bizitzaren ibilbide bat egingo du.

Elias Amezagak (Bilbo, 1921 - Getxo, 2008) gaztetik erakutsi zuen literaturarako balio zuela, Asturiasko eta Euskal Herriko hainbat egunkaritan kultur artikuluak idatziz. Ondoren, antzerkian jarri zuen arreta, eta dozena bat lan estreinatu zituen espainiar Estatuan zein Amerikako hainbat herrialdetan.

Euskal idazleen zerrenda, eskuz

Escorialeko Felipe II.a liburutegian eskuizkribuak bilatzen zituen bitartean, ordura arte existitzen ez zen euskal idazleen zerrenda sortzeko datuak biltzeko ideia izan zuen. Informatikaren laguntzarik gabe eta eskuz idatzitako fitxez bakarrik baliatuz, bilketa lan eskerga hasi zuen.

Horrela, galdutako euskal idazleak berreskuratzeko, Amezagak Euskal Herrian jaio eta hazitako idazle guztiak bilatu zituen. Horrela sortu zen `Autores vascos´, 500 orrialdeko hamar liburukiko obra, 12.350 egileren literatur lanak batzeko. Lan hori dela eta, Elias Amezaga Euskal Herriko bibliograforik garrantzitsuenetakotzat jotzen da.

Manuel Lekuona Saria jasoa

Elias Amezagak Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria jaso zuen 2005ean, eta Mario Angel Marrodanek ‘Euskal Herriko idazle’ izendatu zuen. 2001ean, Bilboko Udalak ‘Bilboko Ospetsu’ izendatu zuen Amezaga. 60 antzezlan, saiakera eta biografia idatzi zituen, besteak beste, Miguel de Unamuno, Maria Estuardo, Lope de Aguirre, Van Gogh, Sabino Arana edo Jose Antonio Agirre pertsonaia nabarmenei buruz.

Ekitaldira joateko ezinbestekoa da Bidebarrieta Kulturgunearen webgunean eskuragarri dauden doako gonbidapenetako bat erreserbatzea. Aretoko ateak 18.15ean irekiko dira, bertaratutakoak beren aulkietan egokitzeko. Streaming bidez ere jarraitu ahal izango da topaketa www.kulturguneatb.eus-en.