Estatuko zazpi zinemagile elkarte feministak, tartean (H)emen Euskal Herriko ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeen elkarteak, beren gogoeta plazaratu dute Twitterren egin duten hari baten bidez, Johnny Depp aktoreak gauean jasoko duen Donostia Sariaren harira, eta gaur Zinemaldia zergatik ez duten txalotuko azaldu dute.
🟣 Zergatik ez dugu gaur txalotzen @sansebastianfes? Ez da erraza, ezta sinplea ere. Egoerari buruz hitz egin nahi dugu, bere konplexutasunean. Estatu espainiarreko zazpi zinemagile-elkarte feministok sinatu dugu haria. #portodaslasvictimas #Stopviolenciamachista #69SSIFF pic.twitter.com/xVYtD7kas0
— (H)emen (@HemenHere) September 22, 2021
Elkarte hauek nabarmendu dutenez, ohorezko sari bat erabakitzeko orduan jaialdi bakoitzak bere irizpideak ditu baina «ez dira inolaz ere faktore artistikoetara mugatzen», eta antolakuntza bakoitzaren «erabakia da genero-ikuspegia eta aniztasuna sartzea edo ez sartzea».
Indarkeria matxista kasuetan aplikatzen den ikuspegiari dagokionez, erasotzaile guztiak eta biktima guztiak «ez direla berdinak» eta «indarkeria-harreman guztietan ñabardurak daudela» gogoratu dute. Horregatik uste dute «komunikabideak ez direla hori hitz egiteko lekuak. Ez gara epaileak, ez da gure zeregina», diote.
Ohartarazi dutenez, emakume asko kaltetzen dituzten «egoera konplexuen» inguruan eztabaidatzeak gaia «banalizatu egin dezake berehala». «Jabetzen al gara ekintza horiek imajinarioan duten indarraz?», galdetu dute.
Donostiako Zinemaldia A mailako nazioarteko jaialdia izaki, horrelako sari bat emateak «komunikabideetan eta imajinario kolektiboan» duen oihartzuna kontuan izanda, hausnarketa hauek ere mahai gainean jarri dituzte:
«Zer mezu ematen da indarkeria matxistagatik salatutako gizonak txalotuak direnean, alfonbra gorrietan argazkiak ateratzen dituztenean, zalez inguratuta agertzen direnean? Nola islatzen da irudi hori indarkeria matxistaren esparru kontzeptualean?».
Ekintzaren ondorioak neurtu
Zinegile hauek diotenez, «indarkeria matxistagatik prozesatua edo epaitua izan den norbait» ohorezko sarien zerrendatik kanpo uzteko erabakia hartzeak «ez du esan nahi haren balio artistikoa aitortzen ez denik», baizik eta «erantzukizuna da». Horregatik erabaki horren ondorioak ere neurtu egin behar direla azpimarratu dute.
«Ikusteko gai izan behar dugu gure ekintzetako zeintzuek laguntzen duten gizarte bidezko eta anitza sortzen, eta zeintzuk diren begirada patriarkal eta kolonialak markatzen dituenak, azken ikuspegi honek gure ekintzen eta haien ondorioen ardura hartzea eragozten digularik».
Euren aburuz, «indarkeria matxistarekin lotutako akusazioak dituen gizon bat saritzea erantzukizun horiek saihestea da». Horregatik eta «indarkeria matxista salatu nahi eta ausartzen ez diren emakumeengatik, salatu ondoren sinetsiak ez direnengatik, sufritzen eta borrokatzen dutenengatik, beren indar eta minagatik, erail zituztenengatik, guztienganako errespetuagatik» gaur ez dute txalotuko.