NAIZ

Gazteek euskal gatazkari buruzko ezagutza «eskasa» dutela egiaztatu dute Deustuko ikertzaileek

Deustuko Unibertsitateak egindako ikerlan baten arabera, euskal gatazkari buruzko ezagutza «eskasa» da gazteen artean. Euskal Herriko historia nola irakats daitekeen identifikatzen du instituzioak, bakea eraikitzeko bidean aurrera egiteko.

Ikerlanaren aurkezpena, ostiral honetan Deustuko Unibertsitatean. (DEUSTUKO UNIBERTSITATEA)
Ikerlanaren aurkezpena, ostiral honetan Deustuko Unibertsitatean. (DEUSTUKO UNIBERTSITATEA)

Deustuko Unibertsitateko ikertzaile-talde batek «euskal gatazkari buruzko ezagutza eta memoria eskasa» dagoela gazteen artean egiaztatu du. Ostiral honetan aurkeztu dituzte proiektuaren emaitzak eta, ondorio nagusien artean, analisia eta eztabaida txertatzeko beharraren garrantzia aipatzen da iraganeko indarkeriaren kontakizunetan eta memorietan, ulermen kritikoa eta eraldaketa errazteko.

‘Memoria, Educación Histórica y construcción de paz en Euskadi’ lana 17 eta 25 urte bitarteko gazteen ikaskuntza komunitate batetik sortu da. Gazteak ideologia profil eta familia, gizarte eta politika jatorri desberdinetakoak dira. Etika Aplikatuko Zentroa izan da lanaren buru, EAEko Gazteriaren Kontseiluarekin batera, 2019ko urritik 2020ko ekainera. Ikaskuntza komunitatearen helburua zen Euskal Herrian «azken mende erdian bizi izan den motibazio politikoko indarkeriaren inguruan gazteek egiten dituzten galderak eta hausnarketak aztertu eta aurrez aurre jartzea».

Ikaskuntza komunitateak hainbat galdera eta zalantza gazteen artean aztertzeko asmoa hartu zuen, prozesu pedagogiko bat abiarazi eta gertatu zenaren azalpen historiko konplexuagoak eraikitzeko.

Komunitate horren inguruan aztertutakoaren emaitzak hiru koadernotan daude jasota. Lehenengoak hurbilketa kontzeptuala egiten du, indarkeria deslegitimatzeari hezkuntza historikoak egindako ekarpenez, hain zuzen. Bigarrenak gazteen ikaskuntza komunitatearekin jarraitu den sistematizazio prozesua jasotzen du. Hirugarrenak Euskal Herriko indarkeriaren historia hurbila irakasteko gomendio eta baliabide pedagogiko multzo bat eskaintzen du.

Koadernoak euskaraz eta gaztelaniaz daude eta Euskal Herriko historia hurbila irakasten duten irakasleei daude zuzenduta, izan bigarren hezkuntzakoak, batxilergokoak, unibertsitatekoak edo hezkuntza ez-formaleko esparruetan aritzn diren hezitzaileak.

«Gutxi» dakite gatazkari buruz

Ikaskuntza komunitatearen esperientziak berretsi zuen hainbat ikerketak eta inkesta soziologikok agerian jarri dutena: gazteek ezer gutxi zekitela Euskal Herriko historiaz eta gatazkaz. Ezagutza urri horrek agerian jartzen du, parte hartzaileek azpimarratu zutenez, «zein arreta eskasa eman zaion arazo horri hezkuntza formalaren esparruan, hau da, eskolan».

Bestalde, gazterik gehienen esperientziaren arabera, «isiltasuna» izan da nagusi familia eta lagun-talde askotan, Euskal Herrian bizi izan den indarkeriaren inguruan. Aitortzen dute «oraindik ere beldurra edo errezeloa» dagoela gai horren inguruan hitz egiteko.

Komunitatearen esperientziak agerian utzi zuen, gazteek gutxi jakin arren, memoria indibidual eta kolektiboaren, ideien, kontakizunen eta sinbologiaren zatiak eduki badituztela. Gehienetan, atal horiek familiatik, koadrilatik, gizarte eta kultura ingurutik edo hedabideetatik eta gizarte sareetatik heltzen zaizkie, baina zalantzan jartze handirik eta analisi kritikorako abagunerik hartu gabe transmititu eta barneratu dira.

Memoriaren zati askok hurbiltasun esanguratsuak dituzte Etika Aplikatuko Zentroko ikertzaileek «milaka urteko gatazkaren kontakizuna» deitzen dutenarekin, «indarkeria legitimotzat jotzera makurtzearekin» eta «euskal gizartearen pluraltasuna alde batera uztearekin».

Etika Aplikatuko Zentroa inspiratzen duen planteamendu pedagogikoa kontuan hartuta, proiektuak behin eta berriro dio historiaren irakaskuntzak kontuan izan behar dituela memoria zati horiek eta kritikoki lan egin behar dela horien gainean, errazago zalantzan jartzeko eta aldatzeko.