Asier Aiestaran

Unai Lasok ez dio aukerarik eman Peñari eta final-laurdenetako ligaxkan izango da (22-12)

Nafarrak uda osoan erakutsitako joko bikainari jarraipena eman dio Donostian eta argi menderatu du opari gehiegi egin dituen tolosarra. Lasok Ezkurdiaren aurka ekingo dio ligaxkari datorren ostiral gauean Altsasun.

Laso, garaipena ospatzen Donostian (Gorka RUBIO / FOKU)
Laso, garaipena ospatzen Donostian (Gorka RUBIO / FOKU)

Unai Lasok pronostikoak bete ditu Donostiako Atano III.a pilotalekuan eta, Jon Ander Peñari 22-12 irabazi ostean, Lau eta Erdiko Txapelketaren final-laurdenetako ligaxkan sartzea lortu du. Ligaxka hori Joseba Ezkurdiaren aurka hasiko du datorren ostiral gauean Altsasun, eta multzo horretan Jaka eta Urrutikoetxea edo Victor izango ditu beste aurkariak.

Apostuak oso argi irten dira gaur Donostian Unai Lasoren alde. Nafarrak uda bikaina osatu du, buruz buruko neurketetan maila bikaina emanez, eta argi utzi du gaur Lau eta Erdikoan ere hautagai nagusien artean dagoela. Berea oso ongi egin du Lasok eta huts gehitxo egin dituen Peñaren aurka argi eta garbi nagusitu da.

Hasieratik 5-0 aurreratu da nafarra. Aurreneko bi tantoak Peñaren huts argiak izan dira, maila honetan egin ezin diren opariak, eta hurrengo hiru tantoak Lasoren erremate bikainak izan dira: ongi bildutako pilota bat, motzean egindako dejada eta ormabiko ederra –guztira sei egin ditu–.

Motz geratu zaion sake batek eman dio egoera iraultzeko aukera Peñari, baina tolosarrak ez du takadarik egin eta berriz ere Laso izan da jokoaren ekimena bereganatu duena. Mota guztietako erremate ederrak sinatuz, 9-2 aurreratu da markagailuan.

Kostata izan arren, azkenean Jon Ander Peña hasi da ohikoa duen aireko joko erasokorra egiten, eta partidaren erdi aldera ikusi dira neurketako tantorik borrokatuenak. Segidan egindako hiru tanto ikusgarrirekin 13-8 inguratu da gipuzkoarra, baina hortxe amaitu da borrokarako joera, tantoak berriz ere Lasoren alde erortzen hasi direlako bata bestearen atzetik.

Azken txanpan Peñak besoak jaitsi egin ditu eta Laso 22-12 nagusitu da, partidako alde handiena azken emaitza horretan pilatuz.

«Tentsio handia nabaritzen zen kantxan, biok oso urduri geunden. Egia da beti aurretik egon naizela, baina urduritasun sentsazio horrekin egon naiz bukaerara arte», aitortu du Unai Lasok amaieran. Izan ere, «uda oso ona egin dut eta partida hau klabea zen, irabaziz gero ligaxkan sartzen zarelako, oso pozik nago horregatik».

Peñak, bere aldetik, onartu du «opari asko» egin dizkiola aurkariari. «Maila honetan ezin da irabazi horrenbeste opari eginda. Aukerako pilotetan ere ez zait eskuan ongi sartu, ez nuen nahi nuen lekuan ipintzen, eta horrela ezinezkoa da».

Pilotakadak: 211. Partidaren iraupena: 46 minutu eta 37 segundo. Markagailua: 5-0, 5-2, 9-2, 9-4, 10-4, 10-5, 13-5, 13-8, 16-8, 16-10, 19-10, 19-12 eta 22-12. Sakez: 2 Lasok (falta bat) eta 1 Peña II.ak (falta bat). Jokoan eginak: 12 Lasok eta 7 Peña II.ak. Galdutakoak: 3 Lasok eta 7 Peña II.ak. Gertaerak: Donostiako Atano III.a pilotalekua. Giro bikaina harmailetan, edukiera beteta. Jon Mariezkurrena izan zen Lasoren botileroa eta Jose Luis aita Peñarena. Lehen sakea, urdin.

Garaipenarekin esan dio agur Aimar Olaizolak Atano pilotalekuari

Jaialdiko bigarren partidan, Aimar Olaizolak bere azken neurketa jokatu du Atano pilotalekuan, horrenbeste final jokatu izan dituen frontoian. Eta azken partida ere irabazi egin du, Zabaletarekin 17-22 menderatu baitituzte Jokin Altuna eta Ander Imaz.

Norgehiagoka hasi aurretik omenaldi berezia egin diote Aimarri, bertsolariak eta dantzariak ere bai tartean. Goizuetarrak hitz batzuk egin ditu, baina megafoniak huts egin du eta azkenean eskerrak ematea nahikoa izan du.

Neurketari dagokionez, urdinak 0-7 eta 3-12 aurreratu dira. Zabaletak argi agintzen zuen atzean eta Aimarrek ederki amaitu ditu tantoak aurrean. Harmailetan zegoen giroa ikusiat pena zen markagailua horren desorekatuta joatea.

Baina ikuskizunerako zorionez neurketa asko parekatu da bigarren zatian eta ikusleek asko gozatu dute. Batetik Aimarren eta Altunaren arteko jokaldiekin aurrean –azken orduko aldaketarik ez bada elkarren aurka jokatu duten azken partidan–, eta bestetik Zabaletaren pilotakadekin atzean.

Gorriak 14-15 hurbildu dira markagailuan, baina ez dute aurrea hartzea lortu eta azken txanpan urdinek berriz ere ihes egin dute. Ikustekoak izan dira azken tanto horietan Zabaletak errebotera bidali dituen bizpahiru pilotakada.

«Oso polita izan da gaurkoa ere. Pilotaleku berezia da hau niretzat. Final asko jokatu ditut hemen, irabazi batzuk eta besteak galdu, baina beti jendea oso ongi portatu da nirekin eta Goizuetatik ere jende asko etorri izan da beti hona. Gaur ere jende asko etorri da eta eskerrak eman nahi dizkiet denei», eskertu du Aimar Olaizolak neurketa amaieran.