NAIZ

Corcuera eta Marlaska agertzea eskatu du EH Bilduk, gerra zikinaren harira

EH Bilduk Corcuera ministro ohiaren agerraldia galdegin du Kongresuan, Herri Batasuneko militanteei zuzendutako bonba-gutunetan izan zuen inplikazioa azaltzeko. Egungo Barne ministro Fernando Grande Marlaskari ere azalpenak eskatu dizkio.

EH Bilduren diputatuek Corcuera eta Marlaskaren agerraldiak eskatu dituzte. (EH BILDU)
EH Bilduren diputatuek Corcuera eta Marlaskaren agerraldiak eskatu dituzte. (EH BILDU)

Astearte honetan jakinarazitako CESIDeko zuzendari ohi Emilio Alonso Manglanoren eta Barne ministro ohi Antoni Asuncionen arteko elkarrizketen ostean, EH Bilduk zenbait ekimen aurkeztu du Espainiako Kongresuan, Jose Luis Corcuera Barne ministro ohia eta Fernando Grande-Marlaska egungo Barne ministroari premiazko azalpenak exijitu dizkie, Espainiako Gobernuaren gertuko talde batek 1989an Herri Batasunako kideei bonba-gutunak bidali zizkiela berretsia izan ondoren.

Corcuera Espainiako Barne ministro izan zen 1988tik 1993ra, eta gutun horiek bidaltzearen atzean egongo litzateke, inteligentzia zerbitzuko zuzendari eta ministro ohiaren arteko hizketaldiek baieztatu dutenez.

Corcuera ministro ohia zuzenean inplikatzen duen lekukotza berria ezagutu ondoren, EH Bilduk ezinbestekotzat jo du Barne Batzordean azalpenak lehenbailehen ematea. Horrez gainera, EH Bilduk Fernando Grande-Marlaska egungo Barne ministroak Kongresuan azalpenak ematea nahi du, bai eta Emilio Alonso Manglanoren, 1981etik 1995ra inteligentzia zerbitzuko zuzendari izandakoaren, grabazioei buruz eskura duen informazio guztia jakinaraztea ere.

EH Bilduk salatu duenez, kasu honek agerian uzten du indarkeria desberdinen biktimei ematen zaien tratuan dagoen aldea, kasu hauen biktimek ez dutelako jaso beharrezko egia, justizia eta erreparaziorik. «Zer argibide izan dezakete biktimek atentatua nork egin zuen ere ez dakitenean, eta are gutxiago nortzuk izan ziren egileak? Eta orain badakigu PSOEren gobernua dagoela atentatu horien atzean», oroitarazi dute.

Gaur ezagutzera eman diren dokumentuen aurrean, EH Bilduk galdetu du ere ea noiz jarri zitzaion amaiera Estatu terrorismoari eta ea dagoeneko desegin diren hura gauzatu zuten talde guztiak. Eta aldeetako bati hainbeste eskatzen zaion honetan, EH Bilduk jakin nahi du ea Estatuko terrorismoaren egileek zerbait esaterik ote duten.

Gainerako alderdi politikoek ez dute oraindik adierazpenik egin albiste honen inguruan.